Erregea izaten jarraitzen du

Samuel Sanchezek hirugarrenez jarraian garaipena Arraten

Gaur Euskal Herriko itzuliaren etapak Arrate hartu du amaiera bezala. Klasikoa bilakatu den etapa bat izan da gaurkoa. Lehen bi egunetan esprintean amaitzeko ezaugarri guztiak bazituzten etapako profilek, gaurkoan hasiko zen sailkapen nagusiko garaipenaren lehia argitzen. Faborito batzuk bidean gelditu diren arren (Klodenek lehen etapan bost minutu galdu zituen, Gesink etxera joan da…) lasterketa, sorpresarik egon ezean, Oñatiko erlojuz kontrako saioan erabakiko da.

Etapak soilik atzo arratsalde-gauean pentsatu nuen izenburuetako bat konfirmatzeko balio izan dit. Tropeleko oilar nagusiak ez dira mugitu 5 kilometro falta izan diren arte. Gasteizen hasten zen etapak 5 laguneko ihesaldi bat izan du protagonista eta amaierara arte iraun duen txirrindulari bakarra Movistar taldeko Herrada izan da.

Continue reading “Erregea izaten jarraitzen du”

Gazteak gogor datoz

Inor gutxik espero zuen Jonathan Castroviejo gaztea, 24 urte bete aurreko egunean, Romandiako Tourreko aitzin etapan nagusituko zenik. Garaipen ederra getxoztarrarentzat, eta baita euskal zaleentzat ere. Eta ederraz gain, esanguratsua. Izan ere, denboraldiaren lehenengo herena pasatu dugunean, gazteak oso indartsu datozela nabarmen ikus daiteke. 25 urtetik beherako txirrindulari sorta handia ari da besoak altxatzen. Batzuk dagoeneko urteak daramatzate goren-gorenean, Kreuziger, Gesink, Boasson Hagen eta Ciolek kasu. Beste batzuk, iaz erakutsi zuten beraien burua: Peter Sagan, Rui Costa, Gorka Izagirre, Van Garderen, Kiserlovski, Daniel Martin, Guarnieri… Denak ala denak gehienez 24 urteko txirrindulariak gaur egun.

Continue reading “Gazteak gogor datoz”

Txirrindulariak lotu ezinda

Evans 2009ko munduko txapeldunaHala gertatu zaie Garmin, Silence-Lotto, Katusha eta Saxo Bank taldeei Wiggins, Evans, Swift eta Kolobnev txirrindulariekin. Lau txirrindulari hauek beraien taldeekin 2010erako ere lotuta bazeuden ere, kontratu hori albo batera utzi eta taldez aldatu dute. Badirudi txirrindularitzan sinatutako kontratuak berme gutxiegi ematen diela taldeei.

Egia esanda kasu hauetan txirrindulariek isilean egin dute talde aldaketa, zenbait kasutan taldeko managerrek talde aldaketaz prentsatik jakin dutelarik. UCIk honen inguruan araudi bat badu ere, kasu hauetan bezala, txirrindulariei ihesbidea ematen diela argi geratu da.

UCIk, gertakari hauek ikusita, legedia hobetzeko jarrera erakutsi dute holakorik etorkizunean gerta ez dadin. Beraien esanetan, asmoa bai taldearen baita txirrindularien eskubideak bermatzea da. McQuaid-en esanetan, egungo araudiak ez omen du horrelako talde aldaketarik egiten uzten: orduan nola da posible gutxienez lau txirrindulari hauek taldez aldatzea era honetan?

2010erako ez da aldaketarik aurre ikusten denborarik ez baitute, baina ondorengoetarako araudian lanean hasiko omen dira. Beti bezala txirrindulari “potoloak” protagonista izan arte eta zalaparta sortu arte inork ez du behatzik ere mugitzen.

Txirrindulariak klausulen kontra

Klausularen eztabaidaKatusha taldeak bere txirrindulariei sina arazi nahi zien klausulak hari luze dakar. Azkena gai honen inguruan hitz egiten Txirrindulari Profesionalen Elkartea (PCA) izan da, eta pentsatu bezala, kritiko.

PCAren arabera UCIren arauen kontrakoa da aipatutako klausula hau. Ez zaie legezkoa iruditzen UCIren araudia kontutan hartuta txirrindulariak urteko soldata bost aldiz ordaintzera behartu ditzakeenik talde batek positibo emateagatik. Klausula hori txirrindularien kontrakoa dela argudiatzen dute.

McEwen Katusha taldeko txirrindularia kezkati agertu da taldearen etorkizuna dela eta, dagoeneko bi izan baitira taldean positibo eman dutenak, Pfannberger eta Colom. Hau gutxi balitz, Dehaes belgikarrak Katusha taldearekin zuen kontratua bertan behera uztea erabaki du klausula hau onartzeko prest ez zegoelako eta Silence-Lotto taldearekin sinatu berri du urte beterako. Steegmansek ere ez zen sinatzekoa eta Tourra lehiatzera joateko taldetik kanpo gera liteke. Azken berrien arabera, ordea, sinatu omen du beharrak jota.

Katusha taldearen desagertzearen aurrean al gaude? Zerk eraman du taldea txirrindulariei klausula hau sina araztera behartu nahi izateko? Gehiegizko neurria al da taldeak hartu duena? PCAk behar besteko argudioak al klasula kritikatzeko? Tarteko biderik ez al dago? Gainontzeko taldeek zergatik ez dute antzekorik egiten? Hobe al da…. Galdera asko eta erantzun gutxi. Edo beharbada galderak baino iritzi gehiago. Nahasmena behintzat esanguratsua Katusha taldearen inguruan sortu dena.

Colomen positiboa

Toni ColomJakin berri denez, Colom Mallorkako txirrindularia EPO hartu duenaren susmopean dago. Dirudienez apirilak 2an, justu 2009ko Euskal Herriko Itzulia baino lau egun lehenago, lehiaketaz kanpo egindako analisi batean EPOa aurkitu diote txizan.

Kasualitatea izango da atzo Gure Aditua Katusha taldearen ingurukoan aritu izana. Behar bada taldean Colomen positibo honen berri bazuten eta hori dela eta erabaki izan zezaketen txirrindulariak era horretako klausula bat sina araztea. Zalantzarik gabe Katusha taldearentzat oso kaltegarria izango da Colomekin gertatu dena.

Gogoan dugu oraindik Euskal Herriko Itzulian Colomek izan zuen parte hartze nabarmena sailkapen nagusian bigarren geratu zelarik. Tropelako lehiaketan ere puntu mordoxka ederra bildu zituen Katushako txirrindulariak, 564. Hala ere ezin daiteke esan arauez kanpo korritu zuenik, publikoki horrelako ezer ez baita esan oraindik.

Dagoeneko ederki dakigu bezala, Colomek kontra analisi bat egiteko aukera izango du eta horrek denboraldi bat bizikletatik baztertzera eramango du. Oraingoz lehiaketetan parte hartzeari utzi beharko dio.

Positibo hau ez da aurtengo bakarra, orain hilabete t’erdi eskas Rebellinen positiboaz hitz egin baigenizuen. Urteko azkena izango al da?