Txirrindulariak lotu ezinda

Evans 2009ko munduko txapeldunaHala gertatu zaie Garmin, Silence-Lotto, Katusha eta Saxo Bank taldeei Wiggins, Evans, Swift eta Kolobnev txirrindulariekin. Lau txirrindulari hauek beraien taldeekin 2010erako ere lotuta bazeuden ere, kontratu hori albo batera utzi eta taldez aldatu dute. Badirudi txirrindularitzan sinatutako kontratuak berme gutxiegi ematen diela taldeei.

Egia esanda kasu hauetan txirrindulariek isilean egin dute talde aldaketa, zenbait kasutan taldeko managerrek talde aldaketaz prentsatik jakin dutelarik. UCIk honen inguruan araudi bat badu ere, kasu hauetan bezala, txirrindulariei ihesbidea ematen diela argi geratu da.

UCIk, gertakari hauek ikusita, legedia hobetzeko jarrera erakutsi dute holakorik etorkizunean gerta ez dadin. Beraien esanetan, asmoa bai taldearen baita txirrindularien eskubideak bermatzea da. McQuaid-en esanetan, egungo araudiak ez omen du horrelako talde aldaketarik egiten uzten: orduan nola da posible gutxienez lau txirrindulari hauek taldez aldatzea era honetan?

2010erako ez da aldaketarik aurre ikusten denborarik ez baitute, baina ondorengoetarako araudian lanean hasiko omen dira. Beti bezala txirrindulari “potoloak” protagonista izan arte eta zalaparta sortu arte inork ez du behatzik ere mugitzen.

Astana eta Pereiroren arteko “zirkoa”

Oscar PereiroHala iruditzen zait. Ez dakit Pereiro zer dabilen azken aldi honetan, baina badirudi atzeko atetik utziko duela txirrindularitza. Beharbada ez da bere errua izango, baina egia esan 2006ko Tourra irabazi zuenetik, gauzak zuzen ez zaizkiola joan esango nuke.

Prentsaurreko bat eman berri du orain egun gutxi Astanakin duen egoera zaila plazaratzeko. Dirudienez azaroaren 12an kontratu bat sinatu zuten bi aldeek 2010erako, baina Astana taldeak aurrekontuarekin bat ez zetorren kontratua izan dela argudiatuz ordaindu beharreko diru kantitatea berriro negoziatzeko asmoa helarazi omen zion txirrindulari galiziarrari. Honek dagoeneko nahikoa jaitsi duela kantitatea kontratua sinatzerako eta ez dagoela ezer negoziatzeko prest. Zalantzarik gabe hau hala bada, galiziarrarekin erabat bat egiten dut.

Zailtasun hauen aurrean Pereirok txirrindularitza uzteko unera iristen ari dela esan zuen. Hau bai ez zaidala harritzekoa egiten. Dakizuen bezala aurtengo Tourra utzi egin zuen eta Vueltan lehiatzeko asmoa adierazi bazuen ere, azkenean Unzuek ez zuen 9ko taldean sartu. Esan bezala, galiziarra atzeko atetik joango dela dirudi.

Astana taldeari dagokionez, aurreko post batean esaten nuen bezala, badirudi oraingoz urte hasierako mamu horiek ez direla desagertu. Oraingoan ere gai ilunak talde kazakhstandarraren inguruan.

Contador 2010ean Astana taldean

Alberto ContadorSaltsa pixka bat sortarazi du Pintoko txirrindulariak urte amaiera honetan hurrengo urteari begira. Hasiera batean bazirudien taldea utzi behar zuela kontratua bertan behera utzita, baina azkenean ez da hala izan.

Azken egunotan aurre-kontratua sinatu zuten bi aldeek. Aurre-kontratu honetan Contadorrek kontratua ez hausteko hiru baldintza jarri zituen: UCIko lizentzia mantentzea, kode etikoa betetzea eta dopinaren aurkako taldeko barne araudia betetzea. Garrantzizkoena, eta objektiboena aldi berean, UCIren lizentzia zen. Astanak atzo zuen lizentzia berritzeko aurkeztu beharreko dokumentazio guztia aurkezteko epe-muga. Urte hasieran izandako diru ordainketa ezak UCIk lanak asko zaildu dizkio talde kazakhstandarrari , baina atzo baieztatu zen lizentzia mantenduko zuela.

Horren aurrean Contadorrek taldean jarraituko duela publiko egin du. Kontratu hau bi urterako izango da eta urte bakoitzeko 4 milioi euro jasoko ditu. Diru horretaz gain, Specialized bizikleta etxearekin beste akordio bat sinatu berri du etxe honetako bizikletak erabil ditzan. Akordio hau 700.000€-koa da. 4,7 milioi euro, beraz, dakigula Contadorrek 2010ean jasoko dituenak. Negoziaketak borobil irten zaizkiola esango nuke; berdin pentsa al dezakegu kirol arloari dagokionez?

Argazkia: www.albertocontador.com

Haimar Zubeldia ere Armstrongen taldera

Haimar ZubeldiaAmstrongek Radio Shack talde berria osatzera zihoala esan zuenean, denboraldi amaieran Haimar Zubeldiak Armstrongen taldera joan nahi zuela esan zuen. Kontu, ordea, ez zen hain erraza Astana taldearekin 2 urteko kontratua sinatua baitzuen eta zail zirudien talde aldaketa gauzatzea. Zalantzak izan ditugu gaur arte, baina gaur guztia argitu da. Radio Shack talde berriak bere taldearen berri eman du eta Haimar Zubeldiaren izena zerrendan azaldu da Markel Irizarrenarekin batera.

Bi euskaldun izango ditugu, beraz, 2010ean Radio Shack taldean, Armstrong txirrindulari mediatikoa eta Bruyneel zuzendari ezaguna dituen taldean. Astana taldean, berriz, Contador eta Vinokourov izango lirateke geratzen diren txirrindularirik ezagunenak. Badirudi taldea hanka motz geratzen dela Haimar bezalako txirrindulari bat kenduta. Egoera honen aurrean talde kazakhstandarrak fitxaketa berriren bat egin beharrean izango da. Horien artea David Herrero bilbotarraren zurrumurrua zabaldu da. Ez da, ordea, bakarra izan; zenbait iturrik Contadorrek hurrengo urterako Basso italiarra aldamenean izan nahi duela esan baitute eta zentzu horretan lanean ari omen dira.

Nire ustez Haimarrek zentzuzkoena egin du. Astana taldea galdera ikurrez jositako talde bat da oraindik (gogora dezagun ordaindu gabe izan zirela denboraldi hasieran, babesleekin arazoak, oraindik UCI lizentzia berritzeko…). Radio Shackek, berriz, talde berria izanik ere, Armstrongek duen erakarpen indarrari esker babesleak erraz inguratzen ditu. Kirol arloan ere zuzendariarengandik hasita, talde bikaina bildu dute zalantzarik gabe: Klöden, Leipheimer, Popovych, Steegmans… besteak beste.

Seguru Contador zaleen artean honek zeresana emango duela. Badakizue, aurten Armstrong-Contador binomioak egunkari asko bete ditu eta horri tiraka jarraitzeko aitzakia bikaina izango da usurbildarraren erabakia horientzat.

Iban Mayoz eta David Herrerok taldea izan dezakete

David HerreroEsaten genizuen bezala, Iban Mayoz eta David Herrero talde bila zebiltzan eta badirudi hurrengo urterako taldea izan dezaketela.

Donostiarraren kasuan Footon-Servetto taldea izan daiteke. Badirudi guztia hitz eginda dagoela eta ofizial egitea besterik ez dela falta. Bilbotarraren kasuan, berriz, Astana taldea izan daitekeela esan dute. Hau konfirmatuko balitz, hurrengo urtean, eta azken uneko aldaketarik ez bada (Haimarrengatik diot), bi euskaldun izango ditugu talde kazakhstandarra, Haimar Zubeldia eta David Herrero.

Espero dugu bi berri hauek baieztatzea eta bi txirrindulari hauek goi mailako tropelean izatea 2010ean ere.