Rebellinek ere positibo

davide_rebellin2006Davide Rebellin 37 urteko italiarrak ere positibo eman du baieztatutako analisi batean. San Bonifacion jaiotako txirrindularia iazko joku olinpiarretan lortu zuen zilarrezko domina galtzekotan da, lasterketa ostean egindako analisietan CERA motako EPOa hartu zuela baieztatzen baita. Abokatuak dagoeneko Rebellinek ezer ez duela egin esan du eta B laginaren azterketa eskatu dutela. Ohiko prozedura, alegia.

Rebellin etapa bakarreko lasterketetan espezialista dela esan daiteke. Azken garaipena La Flèche Wallonne lasterketan lortu zuen orain astebete juxtu eta hirugarrenez gainera. Hauekin batera Amstel Gold Race (2004), Liège-Bastogne-Liège (2004) eta Donostiako Klasika (1997) dira bere palmareseko garaipenik esanguratsuenak klasikei dagokienez. Etapez osatutako lasterketei dagokienez Paris-Niza (2008) eta Tirreno-Adriático (2001). Garaipenik aipagarrienak, beraz, Gerolsteiner taldean egin zituela esan daiteke.

Badirudi italiarra duen adinerako oso txirrindulari lehiakorra izaten ari dela. Iazko zilarrezko dominaz gain, aurten ere espero baino hobeto ekin dio aipatu bezala. Horrekin ez zaituztet ezer pentsa araztera eraman nahi, bakoitzak osa dezala bere iritzia, baina egia dena da aurtengoz lasterketak lehiatzeari utzi beharko diola sasoirik onenean egon arren.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.