Gazteak gogor datoz

Inor gutxik espero zuen Jonathan Castroviejo gaztea, 24 urte bete aurreko egunean, Romandiako Tourreko aitzin etapan nagusituko zenik. Garaipen ederra getxoztarrarentzat, eta baita euskal zaleentzat ere. Eta ederraz gain, esanguratsua. Izan ere, denboraldiaren lehenengo herena pasatu dugunean, gazteak oso indartsu datozela nabarmen ikus daiteke. 25 urtetik beherako txirrindulari sorta handia ari da besoak altxatzen. Batzuk dagoeneko urteak daramatzate goren-gorenean, Kreuziger, Gesink, Boasson Hagen eta Ciolek kasu. Beste batzuk, iaz erakutsi zuten beraien burua: Peter Sagan, Rui Costa, Gorka Izagirre, Van Garderen, Kiserlovski, Daniel Martin, Guarnieri… Denak ala denak gehienez 24 urteko txirrindulariak gaur egun.

2011. urte honetan, goian aipatutako asko handiak eta bi ari dira egiten. Saganek berean darrai, garaipenak pilatuz. Gesinkek ere pausotxo bat eman du aurrera, eta Rabobank lideratuko du Tourrean. Kreuziger ere orain Astanako talde burua izango da. Hau da, esperientziaz jositako gazteen belaunaldi oparo baten aurrean gaude.

Hainbeste esperientzia izan gabe ere, tropelean beste kamada berri bat lekua egiten ari da. Castroviejo aipatu dugu, baina ezin ahaztu dezakegu, esate baterako, Italiako harrobia ematen ari den bitxi mordoa. Guztien buru, Andrea Guardini (Farnese Vini-Neri). 21 urterekin, Veronako esprinterrak Langkawiko Tourrean ezagunarazi zuen bere burua, 5 etapa garaipen lortuta. Benetan marka aparta da, baina askok esan zuten meritua erlatiboa zela, Langkawi denboraldi hasierako lasterketa izaki, izen handirik ez baita izaten han. Dena den, Qatarreko Tourrean ere irabazi zuen esprint bat, oraingoan bai, tropeleko izar distiratsuenen aurrean, eta aste honetan bertan, Turkiako Itzulian ere dagoeneko bi garaipen lortu ditu, Farrar, Petacchi edota Greipel bezalako txirrindulariak menderatuta. Gauzak honela, italiarra Maiatzera 8 garaipenekin iritsi da, eta urteko “pitxitxia” da, 21 urte eskasekin. Ondo bidean, ez du asko iraungo bere oraingo taldean.

Guardinirekin batera, Galymzianov (Katusha) errusiarra ere sekulako maila ari da ematen. Postu on mordo bat lortu ostean, bere lehen garaipen handia aurten lortu du, La Panneko 3 egunetan. Rabobankek ere badu bere altxorra, Australiatik etorria: Michael Matthews, iazko 23 urtez azpiko Munduko Txapelduna. 20 urte baino ez, eta aurten dagoeneko 4 garaipen lortuta da esprinter aussie-a. Ben Swift (23 urte) britainiarra ere Skyri emaitza bikainak ematen ari da. Dagoeneko 4 garaipen aurten, eta tropeleko punta-puntako esprinterren olimpotik gero eta gertuago dabil. Txalogarria baita ere John Degenkolb (HTC-HighRoad) alemaniarra burutzen ari den denboraldia. Iaz Etorkizunekoen Tourrean eta lasterketa txikietan garaipen politak lortu zituen, eta aurten lasterketa handiagoetan eskuak altxatzeko gai izan da, Algarveko Itzulia eta Driedaagse van West-Vlaanderen kasu, guztira 3 garaipen pilatuz. Horrez gain, 21 urterekin Paris-Roubaixen kilometro asko eutsi zituen lasterketa buruan, kalitate handia eta etorkizun hobea duela erakutsiz.

Laburbilduz, eta testuan garbi ikusten den moduan, badirudi 2011 honetako izar berriak tropeleko esprinter beteranoen erreleboa izateko bidean daudela. Petacchi, McEwen, Hushovd eta beste batzuk beraien kirol bizitzako azken urteetan daude, baina badago esprintetako maila ona ziurtatuko duen erreleborik. Albiste ona txirrindularitzarentzat, dudarik gabe.