1, 2, 3 eta gaurkoarekin 4. garaipena lortu du Cavendish esprinterrak aurtengo Tourrean. Bazirudien azken metroetako aldapatxoak bere ohiko abiadurarentzat oztopo izango zela eta Hushovd edo Freire bezalako txirrindulariei mesede egingo ziela, baina ez da hala izan. Honenbestez 4. etapa garaipena eta iazko marka berdintzea lortu du Tourraren ekuadorrera aurkitzen garen honetan.
Gaurko etapak ez du bere bizikorik eskaini. Espero bezala ihesalditxo bat osatu da, baina bikotea izaki, garaipenetik urrun geratzera kondenatuak zeuden. VanSummeren eta Sapak osatutako tandemak etapa hasieratik egin du aurrera. Tropelarekiko tarterik handiena Côte de Perreusen izan dute eta 4’35”ekoa izan da. Beraz, esan daiteke tropela kezka handirik gabe eta lan handirik egin beharrik gabe aritu dela gaurkoan ihesaldia kontrolpean izateko. Azken 6 kilometroetara iristean, ihesaldiak esprinterrei utzi die lekua. Columbia-HTCko kideek ohi bezala lagunduta, Cavendishek aldapatxoari ere aurre egin ahal izan dio garaipenaren bidean. Atzetik Farrar, Hutarovich, Freire eta Hushovd izan ditu. Gaurko garaipenarekin bai, eta ez atzo nahastu nintzen bezala (eskerrik asko zuzenketarengatik), Cavendishek maillot berdea berreskuratu du.
Maillot zuri-gorria
Zerbait gehiago kontatzeko gaurko etaparen inguruan, mendiko maillota eskuratzeko pankarta puntuagarrietan izan den lehia plazaratu nahiko nuke, Côte de Perreusen izan dena hain justu. Dakizuen bezala Egoi Martinez Euskaltel-Euskaldiko txirrindularia Pirinioetako ihesaldiari esker maillot zuri-gorriaren jabe da eta badirudi Pariseraino eramateko jokabidearekin dela talde laranja. Aipatutako mendate puntuagarri honetan, 3. postua zegoen jokoan eta Egoi Martinez, Pellizoti eta Moncoutiek esprinta jokatu dute puntu bat jasotze aldera. Azkenean italiarra gailendu da esprint horretan. Ez dakit puntu batek zenbateraino merezi duen jokatzea, baina argi dagoena da Egoi Martinezek eta bere taldeak lan latz egin beharko dutela Pariseko etapan mendiko maillotarekin izatea nahi badute, batez ere Pelizzotti bezalako batek maillot horren interesa era honetan ager arazi badu.
Hasieratik ezaguna zen Alessandro Petacchi-k utzitako hutsuneari (bere zigorra dela eta), Daniele Bennati-rena gehitu behar zaio (kasu honetan urte hasieran ere buruhausteak eman zizkion lesioak eraginda). Tom Boonen-en baja ere ia segurutzat jo daiteke, haize asko harrotu dituen gaiaren ondorioz.
Uztailaren 5a. Aste bi baino ez urteko txirrindularitza ikuskizun nagusia has dadin, dena kendu eta dena ematen duen lasterketa has dadin. Hiru astetan zehar txirrindulariek Frantziako errepideetan zehar izerdi eskerga bota beharko dute, bakoitzak aldez aurretik finkatutako helburuak bete ditzan. Batek baino gehiagok birplanteatu beharko ditu bereak lasterketak egunak kontsumitu ahala.