#33 Tropela.net podcastak: Tourreko 10. etaparen kronika

Iosu Garate (@iosugarate), Raul Perez (@raulperezmartin) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 10. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa hau esprintean amaitu da eta gehiengoak uste zuenaren kontra, Greipel Cavendishi gailendu zaio. Esprint estua izan da baina alemaniarra gaurkoan bikain aritu da. Sailkapen nagusiari dagokionez ez da aldaketa nabarmenik izan.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

#28 Tropela.net podcastak: Tourreko 6. etaparen kronika

Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 6. etaparen kronika egiten dute podcast honetan. Sky taldearen lan bikaina azpimarratzen da Boasson Hagenen garaipenean ondo aritu baita. Izan ere etapa hau esprinter indartsuentzat zen (Goss, Hushovd,..) eta ez Cavendish edo Farrar bezalakoentzat. Euskaldunen artean Gorka Izagirre aipatzen dute. Tropelako sailkapenari ere errepasoa egiten diote.

Petacchi nagusi lehen esprintean

Atzo aurreratzen nizuen bezala gogoz nintzen gaurko esprinta ikusteko. Cavendish-Farrar-Petacchi hirukotetik ondoen zein zegoen zalantzak, ordea, argitu dira. Gaurkoan Petacchi gailendu da polemika pixka bat sortu den arren.

Continue reading “Petacchi nagusi lehen esprintean”

#6 Tropela.net podcastak: 2010eko Tourreko 4. etaparen kronika. Petacchi handiaren itzulera!!

Tropela Elkarteak beste aurrera pausu bat eman asmotan Tourreko zenbait etapen kronikak audio bidez egitea pentsatu du. Iritziak eta galderak badituzue erabili ohiko bideak: bloga, [email protected], Facebook edota Twitterreko @tropela bidez.
Lehen honetan Tourreko 4. etaparen inguruko kronika egiten dugu. Gustuko izango duzuelakoan gaude.

Gaurko esprintean beste esprinter bat garaile: Henderson

Henderson. Vueltako 3. etapan garaipena

Ez da izan Cavendish. Ohituak gaude Columbia-HTCko esprinterren batek irabazten duenean Cavendish dela pentsatzen, argazkia jarri izan ditugun askoren antzekoa baita, baina ingelesa ez da Vueltan. Hori bai, Columbia-HTCk gaurkoan argi utzi du esprinter on bat baino gehiago dituela taldean.

Espero bezala gaurko etapako irabazlea ere esprintean erabaki da. Askok Boonen, Farrar, Ciolek edo Bennatiren urrezko maillotaren goseak garaipena hauen artean izango zela pentsatu dugu, baina ezustekoa emanda, Hendersonek eskuratu du garaipena.

Etapa hasieran hirukote batek osatu du gaurko ihesaldia: Rosendo, Hoogerland eta Boomek. Bi holandar eta espainiarrek kilometro askotan ihes eginda izan dira, baina gaur ere tropela ez zegoen ihesaldirik onartzeko. 30 km-ren faltan begi bistan izan du tropelak hirukotea eta horretaz ohartuta, Boomek amore ematea erabaki du. Rosendok, berriz, ez zuen amore emateko asmorik eta hasieran Hoogerland berarekin zuela eta beranduago bakarrik, 15 km inguru egin ditu tropelaren aurretik. Ahalegindu da Anducia CajaSur-eko txirrindularia, baina alferrik zen.

Gaurkoan ere abiadura handia hartu du tropelak, baina atzokoan ez bezala, txirrindulariek zuhurtzia gehiagoz hartu dutelako edo, ez da erorikorik izan. Azken metroetan bazirudien Vacansoleil taldeak Bozic-i garaipena eskura jarri diola, baina ez da gauza izan abiadura mantentzeko eta Hendersonek aurre hartuaz etapa garaipena eskuratu du. Gaurkoan Freire hobeto ibili da eta hirugarren sailkatu da.

Garbi dago esprintetan ez dagoela faborito garbirik (Cavendish falta delako behar bada?). Zalantzarik gabe, egoera honek mesede gehien Cancellarari berari egiten dio, helmugan diren gain-sariak txirrindulari ezberdinen artean banatzen ari baitira eta horrela ez dira gauza lidergoa kentzeko. Horrenbestez, hirugarren egunez jarraian Cancellarak lasterketako lider jarraitzen du pronostiko askoren kontra.

Biharko etapan lasterketa Holandatik Belgikara pasako da. Bi herrialde hauetan zehar egin behar duten ibilbidean 4. mailako hiru mendate igaro beharko dituzte. Horrek etapa ehiztariei txanda etor dakiekeela pentsa arazten digu. Hala eta guztiz ere, ikusi beharko da esprinterren taldeek zein jarrera hartzen duten.