Multzoak aztertuz (III): Azkarrak

Sprinter handienek urtero zitarik garrantzitsuenetakoa izaten dute uztailean Frantziako Tourrean etapak irabazi eta maillot berdea lortzea helburu. Aurten gainera, atariko erlojupekorik gabe, maillot horia janzteko ametsa izango du baten batek, aurreneko etapan bete-beteko sprintik izango ez bada ere.

Esprinterren mosaikoaHasieratik ezaguna zen Alessandro Petacchi-k utzitako hutsuneari (bere zigorra dela eta), Daniele Bennati-rena gehitu behar zaio (kasu honetan urte hasieran ere buruhausteak eman zizkion lesioak eraginda). Tom Boonen-en baja ere ia segurutzat jo daiteke, haize asko harrotu dituen gaiaren ondorioz.

Gauzak honela, eta azkeneko bi izen horiek kinieletan toki asko beteko zituzteela jakinda ere, bost esprinterren artean egin beharko du aukera partehartzaileak. Aurrenekoa Mark Cavendish dugu. Man Uharteetako txirrindulariak hasiera batean ez luke erakargarriegia izan behar, maillot horia janzteko aukerarik izango ez duelako eta seguru asko hamar egun inguru egingo dituela soilik itzulian (Joku Olinpikoen pistarako prestaketa ei dauka buruan). Azkeneko metroetara baldintza onetan iristen denean berari gailentzea oso zaila izaten da, baina horretarako, faktore batzuk eman behar dira: etapa ia erabat laua izatea eta lasterketa gogorregia ez izatea batik bat. Aurrekari bakarra du Tourrean, ahazteko modukoa bera, nahiz eta ordutik ona nabarmen egin duen hobera. Hori bai, Hincapie, Hansen, Burghardt, Eisel, eta akaso Greipel-ek jarriko dioten trena beste guztiak baino askoz indartsuagoa izango da. Esandakoa, arriskutsuegia bere alde egitea.

Zerrendan hurrengoa Oscar Freire espainiarra da. Dagoeneko itzuli frantziarrean baditu garaipen batzuk Rabobank etxeko txirrindulariak, eta oker handirik ez dela aurtengoan ere eskuratuko du besteren bat. Honek ere ziurrenik Olinpiar Jokoak izango ditu burutan, eta hortaz, Parisera helduko ez dela uste dut nik. Hala ere, bidean den artean nekez huts egiten duenetakoa da, eta gainera, sprinterren artean Plumelec-en maillot horia janzteko aukera gehien dauzkan gizona da. Apustu gomendagarria.

Jarraian Tourreko ohiko gizon bat datorkigu, Thor Hushovd. Bennati eta Boonen-ik ezean, erregulartasunaren saria irabazteko hautagairik sendoena da norvegiarra ezabairik gabe. Hori izaten da bere xedeetako bat, eta aurten ez dauka ikuspuntua aldatzeko motiborik. Iazko denboraldi tristearen ostean aurten bere ohiko mailara itzuli da, eta taldearen babes ia osoa izango du, beste batzuena baino ahulxeagoa izan arren (aurten ez du Dean edo antzekorik izango alboan). Aurreneko egunean lider izateko aukerak ere baditu. Ia ezinbestekoa.

Credit Agricole taldeko erraldoia ohikoa bada urteroko zitan, zeresanik ez hurrengo bi sprinterrekin. Lehenik eta behin, Suitzako Itzulian urteko gorputzaldirik onena erakutsi duen Robbie McEwen. Garaipenetik hurbil egongo da seguru, eta baten bat lortzea ere ez litzateke harritzekoa. Australiarrak ere Tourra hasieratik amaierara egin izan ohi du (iaz hala gertatu ez bazen ere); aurten Giroa amaitu ez duela jakinda, eta garaipenik urratu gabe gainera (hiru handietan etapak poltsikoratzearen marka erdiesteko aukerarik gabe beraz), Tourra amaitu arte lehiatuko duela nahiko argi daukat kasu honetan. Ondorioz, maillot berdearen lehian egon liteke. Bere aurka, aurreneko etapan (lidergoari begira) jai izango duela, eta azkeneko metroetan erakusten dituen mugimendu zikinengatik behin baino gehiagotan jasotzen dituen zigorrak (lehiaketan puntu dexente galtzea suposatuko lukeena). Arrisku txiki bat badu beraz australiarraren aldeko apustuak, baina zorte apur batekin multzoko onena izan daiteke.

Eta zerrenda amaitzeko, Erik Zabel zakur zaharra. Dagoeneko aurkezpenik ez du behar. Bere alde egiten duenak argi izan beharko du ezustekorik ezean alemaniarrak garaipenik emango ez diola. Hori bai, sprint ia guztietan (aurreneko etapan ere agian) hor egongo da, aurrenekoengandik ez oso urrun. Hala ere, normalenean aurreko hiru txirrindulariek berak baino puntu gehiago eman beharko lituzkete.

Argazkiak: AFP, Sirotti, BBC, Roberto Bettini