Urte bat gehiago eginda, dagoeneko 18!

Argazkia Bernd 📷 Dittrichrena da, Unsplashetik hartua

Adinez handi izatera pasako da gaur Tropela. 2005ean ekin genion ibilbide luze honi eta zorionez, gai ikusten gara aurrera egiteko!

2005 hartan Frantziako Tourra eta Espaniako Vuelta izan genituen, nahiz eta datubasean jada ez ditugun. Hastapen polita izan zen, batez ere Bertatik Bertara saioan azaltzeak eman zigun bultzadari esker. 2.800 erabiltzaile inguru izan genituen lehen lehiaketa hartan, guk pentsatu baino gehiago! Arazo tekniko batzuk ere gainditu behar izan genituen, ez pentsa, hori guztia orduan genuen – eta egun dugun! – lantalde bikainari esker.

Urte hauetan guztietan zuen babesa ezinbestekoa izan zaigu aurrera egiteko. Baita izan ditugu babesle desberdinak urte hauetan guztietan – Eroski Bidaiak, Cafes Baqué, Berria,… -, non guztietan Laboral Kutxa nabarmentzen dugun. Izan ere Laboral Kutxa gurekin dugu 2014tik eta asko eskertzen diogu gugan jarritako konfidantza osoa.

Dakizuen moduan, ibilbidean ere astelehenean abiatuko den Itzuliarekin aritu gara webgune eta sare sozialak kudeatzen. Askotan esan dugun moduan, harro batez ere itzulia izena indartzeko egin genuen lanagatik. Berdin Klasikoarekin edota Birarekin. Esan dezakegu guri eskerrak euskararen presentzia indartzeaz gain, nazioartera ere zabaltzen lagundu geniela ingelera ere komunikazioan txertatuz.

Adierazi bezala, urte asko eta ekintza asko burutu ditugu denbora honetan. Zerrendan ere gehitu beharko genuke Tropela Hondartzan, aspaldiko ohiturak ondar gainera ekarri baikenituen, ondoren pandemiak moztera behartu izan bagaitu ere.

Ez dakigu Euskal Herriko txirrindularitzaren inguruan erreferente garen, baina bai gure lekutxoa lortu dugula. Ea ba munduan ere lekutxoa izatea lortzen dugun, batez ere hizkuntza gutxituei dagokien lekua eskainiz, gure izatearen parte baita.

Tropelak 14 urte betetzen ditu!

Jada 14 urte igaro dira proiektu honi ekin genionetik. Denbora asko pasa da eta aldaketa asko izan ditugu tarte guzti honetan. Azkena, bistan duzuen webgune berriaren aldaketa. Asko kostatzen ari zaigu azken aldaketa hau, baina seguru gaude guztiok eskertuko dugula behin amaitzen dugunean.

Dakizuen moduan, Tropela Elkartea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta helburua euskara, txirrindularitza eta teknologia berriak uztartzea da. Horiek dira proiektuaren hiru ardatz nagusiak eta horien inguruan gabiltza lanean 14 urte luze hauetan. Ezin esan helburuak gauzatu ditugun ala ez, baina bistakoa da Tropelak jarraitzaile asko dituela eta taldekideok zuen babesa sentitzen dugula. Beti diogun moduan, zuek hor zaudeten bitartean gu hemen izango gara.

Aste hau, horrenbestez, ospakizunetarako astea izatea nahi dugu, zuekin batera. Hori dela eta gure dendan %14ko deskontua izango duzue TROPELA14 kodea erabilita. Gaur hasi eta hurrengo igandera bitartean izango duzue deskontu hau erabilgarri, beraz, bisitatu gure denda berria eta zerbait interesgarria aurkitzen baduzu, deskontua izateaz gain, gogoratu Tropela Elkarteari laguntzen ariko zaretela erosketa bakoitzeko.

Zorionak zuei hor izateagatik! Zorionak Tropela!!

#109 Tropela podcastak: 2016ko Euskal Herriko Itzulia

Henao eta Joaquim Rodriguez 2015eko ItzulianPost honetan Iban Perezek (@piban), Eneko Garatek (@egarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) grabatutako podcasta aurki dezakezue. Podcast honetan 2016ko Euskal Herriko Itzulia lehiaketaren kinielari errepasoa egiten diote. Hona hemen jorratu diren gai nagusiak:

– Ez ahaztu, Tropelak 11 urte!!
– Ibilbidea, beti bezalakoa ala gogorragoa?
– Faborito nagusiak, pentsatu baino gutxiago
– Euskaldunak sorpresa emateko prest
– Azkarrak gutxi, oso gutxi
– Eta bai, Laboral Kutxa Saria babestutako sailkapeneko Orbea bizikleta eramateko klabeak podcast honetan aurkituko dituzue ;-)

Tropela 10 urte: zozketen emaitzak

Tropela 10 urteHitz eman genizuen moduan, amaitu berri dugu kamiseta eta Tropelaren bidoi berrien zozketa. Gogoratu zozketa hau Tropelaren 10. urteurrena ospatzeko izan direla.

Zozketan 10 kamiseta genituen zorion mezuak bidaltzen zizkiguten guztien artean zozketatzeko. Hauek izan dira sarituak: Continue reading “Tropela 10 urte: zozketen emaitzak”

Tropelak 10 urte betetzen ditu gaur!!

Tropela 10 urteAtzo izango balitz bezala dugu gogoan proiektu honi ekin genion eguna. 2005eko Frantziako Tourra bizi izan genuen Tropelarekin lehen aldiz. Gaur egun, ordea, nekez pentsa dezakegu Frantziako Tourra Tropelarik gabe, ezta?

Bi izan ziren 2005ean antolatutako ekitaldiak; egun 21 dira antolatzen ditugun lehiaketak. Parte hartzaileei dagokionez ere goraka doa tropelaren tamaina, goraka txirrindularitza Tropelarekin bizi nahi dutenen kopurua.

Tropela bere hastapenetatik ezagutu duzuenok webguneak izan duen garapena ere gogoan izango duzue. Badu egungo Tropelak 2005koaren antza, baina zalantzarik gabe oso desberdina da. Teknologia berriek eskatzen dutenaren egokitzapenetara moldatzen saiatzearen ondorio, nahiz eta askotan nahi bezainbeste aurrera egin ez.

Berrikuntzak izan dira eta berrikuntza berriak ere etorriko dira. Espero dezagun guztion gustukoak izatea!!

 

HAU OSPATU BEHARRA DAGO!!

10. urteurren hau ospatzeko, bi lehiaketa antolatzea erabaki dugu. Ondo irakurri!

Lehen zozketa sare sozialetan eta blogean bertan egingo duguna da. Zoriontzeko mezuak bidaltzen dizkiguzuen artean Tropelaren 10 kamiseta zozketatuko ditugu. Horretarako ondorengo bide hauek erabil ditzakezue:

– Twitter: #tropela10urte traola erabiltzen duten zorion mezuak norberaren Tropelako erabiltzaile izena gehituz

– Facebook eta Google+: gure orman zorion mezuak gehituz, Tropelako erabiltzaile izenarekin bateraLuxuzko Gregario bidoia

– Blogean: post honen ondoren zuen mezuak txertatuz, Tropelako erabiltzaile izenarekin batera

Zozketa hau igande gauean burutuko dugu, beraz, parte hartzeko epea igande honetan arratsaldeko 18:00etan itxiko dugu, Flandriako Tourra amaitu ondoren. Zozketan honetan Tropelako erabiltzaile guztiek parte hartu ahalko dute.

Bigarren zozketa Luxuzko Gregarioei zuzendua izango da. Luxuzko Gregarieon 10 bidoi ditugu, nola ez, Luxuzko Gregario zareten guztion artean zozketatzeko. Zozketa hau ere igande gauean egingo dugu kamiseten zozketarekin batera, beraz, oraindik Luxuzko Gregario ez bazara bihurtu zaitez igandea baino lehenago zozketan parte hartzeko!!