Gaur Tropelak 20 urte!

Atzo izan balitz bezala dugu gogoan nola ekin genion proiektu honi orain dela 20 urte. A ze garapena izan duen Tropelak eta baita geuk ere! Atxikitako bideoa ikusi besterik ez duzue.

Txirrindularitzarako griñak, sarean zegoen mugimenduak eta euskararen erabilera sustatzeak eragin zuen Tropelaren jaiotza. Gaur ere hiru oinarri horiek eusten dute Tropela dagoen lekuan. Nabaria da, ezta?

Ibilbide luze honetan mugarri hauek aipatu nahiko genituzke:

  • 2005eko Tourrarekin abiatuta, egun lehiaketak gehitzen joan gara egutegi oparo eta orketatu bat osatuz.
  • Emakumezkoen lasterketei ikusgarritasuna. 2012an gehitu genuen lehen lehiaketa, Londoneko Olinpiar Jokoetakoa hain zuzen ere.
  • Tropela.net-etik abiatu eta Tropela.eus-en jarraitu. Ezinbestekoa zen PuntuEUSen ekimenarekin bat egitea.
  • Hizkuntza gehiago gehitzen joan gara erabiltzailek eskaeran jarraituz, tartean katalana, galiziera, asturiera eta flandriera.
  • Itzulia eta Emakumeen Bira sarean egoki zabaltzen lagundu genuen. Harro sentiarazten gaituena Itzulia hitza nazioartean bultzatu eta egonkortzen Tropelak egindako lana da zalantzarik gabe.
  • Hainbat webgune berritze urte hauetan guztietan zehar, aurtengoan egin bezala, teknologia berrietara egokituz.
  • Sare sozial, podcast, blog,… euskararen erabilpena txirrindularitzan normalizatu asmoz.

Eta seguru beste asko aipatu gabe utzi ditugula.

Zorionak Tropela! Zorionak zuei guztioi, denon artean osatzen baitugu proiektu bikain hau!

Urte bat gehiago eginda, dagoeneko 18!

Argazkia Bernd 📷 Dittrichrena da, Unsplashetik hartua

Adinez handi izatera pasako da gaur Tropela. 2005ean ekin genion ibilbide luze honi eta zorionez, gai ikusten gara aurrera egiteko!

2005 hartan Frantziako Tourra eta Espaniako Vuelta izan genituen, nahiz eta datubasean jada ez ditugun. Hastapen polita izan zen, batez ere Bertatik Bertara saioan azaltzeak eman zigun bultzadari esker. 2.800 erabiltzaile inguru izan genituen lehen lehiaketa hartan, guk pentsatu baino gehiago! Arazo tekniko batzuk ere gainditu behar izan genituen, ez pentsa, hori guztia orduan genuen – eta egun dugun! – lantalde bikainari esker.

Urte hauetan guztietan zuen babesa ezinbestekoa izan zaigu aurrera egiteko. Baita izan ditugu babesle desberdinak urte hauetan guztietan – Eroski Bidaiak, Cafes Baqué, Berria,… -, non guztietan Laboral Kutxa nabarmentzen dugun. Izan ere Laboral Kutxa gurekin dugu 2014tik eta asko eskertzen diogu gugan jarritako konfidantza osoa.

Dakizuen moduan, ibilbidean ere astelehenean abiatuko den Itzuliarekin aritu gara webgune eta sare sozialak kudeatzen. Askotan esan dugun moduan, harro batez ere itzulia izena indartzeko egin genuen lanagatik. Berdin Klasikoarekin edota Birarekin. Esan dezakegu guri eskerrak euskararen presentzia indartzeaz gain, nazioartera ere zabaltzen lagundu geniela ingelera ere komunikazioan txertatuz.

Adierazi bezala, urte asko eta ekintza asko burutu ditugu denbora honetan. Zerrendan ere gehitu beharko genuke Tropela Hondartzan, aspaldiko ohiturak ondar gainera ekarri baikenituen, ondoren pandemiak moztera behartu izan bagaitu ere.

Ez dakigu Euskal Herriko txirrindularitzaren inguruan erreferente garen, baina bai gure lekutxoa lortu dugula. Ea ba munduan ere lekutxoa izatea lortzen dugun, batez ere hizkuntza gutxituei dagokien lekua eskainiz, gure izatearen parte baita.

Elon Muskek Tropela erosi du [inozentada]

Azken asteetan Musk jaunaren abokatu taldearekin hartu emanetan izan gara akordioaren azken xeheetasunak isten eta gaur jada publiko egin dezakegu akordioa gauzatu dela. Hurrengo egunetan bilduko da Elon Musk bera gurekin erosketa guztiz formalizatzeko. Noiz eta non izango den esan ezin badizuegu ere, jakin bilkura Euskal Herrian bertan izango dela.

Tropela bereganatzearen arrazoia Twitter indarberritzeko estrategiaren barruan kokatzen du Muskek. Gauza jakina da sare soziala bere eskutan hartu duenetik zailtasunak izaten ari dela norabide egokia emateko garaian. Prozesu horretan Tropelak emango dion laguntzan kokatzen du Musk berak eta bere lan taldeak erosketa hau.

Alde batetik, Tropelak txirrindularitzaren komunitateari ematen dion ekarpena nabarmendu dute eta, era berean, Tropelak berak sortu duen komunitate propioa. Prozesu hori bera hartu nahiko lukete eredu Twitterrentzat. Bestetik, euskara eta beste zenbait hizkuntza gutxitu erabili eta uztartzeko Tropelaren gaitasuna balioan jarri dute. Twitterren hizkuntza desberdinak izan arren zerbait falta gehiago falta zaiolea eta Tropelak hori baduela diote. Teknikoki gauzak hobeto egin daitezkeela ere esan digute guk geuk hori badakigun arren, baina, gure harridurarako, txundituta geratu omen ziren Tropelaren atzean elkarte bat zegoela jakin zutenean; gutxienez 120 pertsonatako enpresa bat espero zutela aitortu ziguten.

Gurekin hartuemanetan lehenik email bidez eta ondoren telefono bidez izan zen lehen bideo bilera gauzatu zen arte. Bilera horretan Musk jauna bera izan zen. Gu nahiko urduri ginen, baina esan beharra dugu tentsioak azkar uxatu zirela Musken beraren gertutasun eta umoreari esker. Horren erakusgarri, ez zaigu ahaztuko lehen bideodeian esan ziguna algara artean: “egia esan ez zineten (Tropela) lehen aukera. Nire lan taldeak hobe nuela lasterketa profesional bat erostea esaten zidaten Tropela beharrean, Itzulia eta Klasikoa antolatzen dutenak hain justu, baina webguneko atzera kontagailua ikustea nahikoa izan zitzaidan aukera hori baztertzeko”.

Eta hemendik aurrera zer? Tropelaren dinamikari dagokionez, printzipioz bere horretan jarraituko du. Guk eramango dugu ardura orain arte moduan. Aldatuko den gauza bakarra hurrengo asteetan Los Angeleseko Twitter taldeko jendearekin elkarlanean hasi beharrean izango garela da. Musken eskakizunei jarraiki, Tropelak bere izaera eta dinamika mantenduko du eta gehiago izango da Twitterrekoei kontsultoria moduan gidaritza ematea. Bestaldera era Muskek nahi du Tropelak bere bidea eginez handitzen joatea eta Los Angeleseko baliabideak gure eskura izango ditugu. Guretzat garrantzitsua da oso gure identitatea eta jardueraren esentzia bere horretan uztea, eta, nola ez, Tropelaren zuzendaritzaren egoitza Euskal Herrian mantentzea. Hori horrela izango ez balitz, ez genukeen pausu hau emango.

Garrantzitsua iruditzen zitzaigun berri hau guk geuk lehenik zuenganatzea medioetan azaldu baino lehen. Tropelaren lan taldeko kideok intentziorik onenarekin gauzatu dugu salmenta eta espero dugu erabiltzaile eta jarraitzaile zareten guztiok begionez ikustea. Gu gogotsu baginen dagoeneko 2023ko denboraldirako, orain hare eta gehiago!

Tropelaren hausnarketa ETB1en

2021eko apirilaren 10ean jokatu zen Itzulia 2021eko azken etapa erabakigarria. Etapa hasieran McNulty (UAE) lider abiatu bazen ere, Rogliček (TJV) urrutitik aurre hartu zuen tropeltxoan sartuta, Itzulia poltsikoratu zuen. Etapa hau zuzenean eman zuen ETB-k eta bertan, etaparen hasieran, Tropelako Elkarteko kide dugun Egoitz Lizasoren bideo bat emititu zuten.

Euskal txirrindulariek astean zehar izandako protagonismoa gogoratu ondoren, Egoitzek nola Itzuliaren antolakontzak azken bi etapak jokatzeko falta zirela, webgune ofizialaren domeinua Itzulia.eus izatetik ItzuliaBasqueCountry.eus izatera pasa zutela azpimarratzen du. Bere iritziz erabaki hori ez da zuzena eta, eztabaida mahai gainean jartzeaz gai, antolakuntzari aurreko domeinura bueltatzeko eskari luzatzen die. Besteak beste, bere argudioa indartzeko, txirrindularitza lasterketa handiek duten irizpidea ekartzen du gogora.

Urte berri on guztioi! 2021ean Tropela gehiago!

Urte berri on guztioi!! 2020a urte aldrebesa izan bada ere, ez gara Tropelan zuen parte-hartze eta babesaz kexatzeko. Bejon dizuela eta biba zuek!

Orain 10 urte argitaratu genuen berriarekin alderatuz, azken hamarkada honetan bilakaera nabarmena izan du Tropelak eta hori zuei esker izan da. Baita babesleei esker ere, bereziki Laboral Kutxari esker, azken 6 urteetan beraien babesa jaso baitugu. Zalantzarik gabe, laguntza handia gure proiektuak aurrera egin dezan.

COVID-19ak pasa den denboraldia hankaz gora jarri bazuen ere, aurre ikusitako 28 lehiaketetatik 18 jokatu ziren. Urte olinpikoa bazen ere, Tokioko jokoak atzeratuak izan dira eta 2021ean jokatzea espero da. Tokioko jokoekin batera Volta, Itzulia, Romandiako Tourra, Suitzako Tourra, Donostiako Klasikoa (emakumezko zein gizonezkoak) eta Paris-Roubaix izan dira bertan behera geratutakoak. Aipatzekoa azken honetan lehen aldiz emakumezkoena prestatua genuela baina azken unean bertan behera utzi behar izan zuten nahiz.

Pandemia izan arren, orain 10 urte baino 9 lehiaketa gehiago ospatu dira. Zalantzarik ez aldaketarik nagusiena emakumezkoen lasterketak izan dira gara hartatik ona. Harro errepikatuko dugu hori behin eta berriz.

Kiniela kopuruei dagokionez, orokorrean zertxobait jaitsi bazen ere zenbati lehiaketatan, guztietan 5.800 izan dira lehian gutxienez – emakumezkoen Strade Bianchem parte hartzerik baxuena – eta gehien urtero moduan Frantziako Tourrean, 17.800etik gora. Orotara, 21.000 erabiltzaile desberdinetik gorak parte hartu du 2020ko denboraldian.

80 argitalpen egin ditugu 2020an zehar, non horietatik 74 podcastak izan diren. Bai, gurean audioek indar gehiago hartu dute idatzizkoek baino. Eta akaso hori Telegramen ditugun taldeek eraginda izango da. Izan ere, 2016ko irailaz geroztik “Tropela egunerokoa” kanala eta, nola ez, “Tropela Faktorea” solasaldirako sortu genuen taldea ditugu bizi-bizi txirrindularitzaz euskara erabiliz aritzeko.

Lehiaketa guztietan gutxienez 5.000 kiniela izan genituen 2010ean eta errekorra, orain arte izan den bezala, Frantziako Tourrean izan genuen 11.541 kinielarekin. Bataz beste lehiaketa bakoitzean izandako parte hartzaile kopurua 7.000 kinielatakoa izan zen. Urte guztian izandako kiniela kopurua, berriz, 63.102 kiniela izan dira.

Guztion artean sari ugari banatu genituen 2010ean ere: bizikletak, otorduak, maillotak, ekipamenduak,… eta guztia doako parte hartzea izan arren.

Blogari dagokionez, 143 berri idatzi ditugu 2010ean gure blogari taldeari esker eta hainbat iruzkin jaso ditugu. 2010eko berrikuntza Tourrean grabatutako podcast-ak izan ziren; ia 2011ean ere podcast-ekin jarraitzeko aukera izaten dugun.

Sare sozialetan ere hor gaude hainbat jarraitzailerekin. Twitterren 4.925 jarraitzaile ditugu, Facebook-en 5.085 lagun ditugu eta 5.109ek atsegin dute. Instagramen, aldiz, 538 jarraitzaile. Eta ez, oraindik ez dugu Tik-Tok konturik sortu. Beharko genuke?

Google-etik ere datu batzuk atera nahi izan ditugu. 2020an 1.500.000 bisitatik gora izan ditugu. Bisitari bakarrak 142.000tik gora izan dira eta 7.600.000tik gora izan bistaratutako orrialdeak.

Jada 2021a prestatzen hasiak gara!

Bai, 2021ean sartu berri garen honetan, eta ezustekorik ez bada behintzat, martxoan berrekingo diogu denboraldiari. Laster emango dugu 2021ean Tropelan izango ditugun lasterketen berri. Beraz, adi izan!

Ea ba urte honek poztasun eta momentu on gehiago ekartzen dizkigun! Guk behintzat esperantza horrekin berrekiten diogu urte berri honi.