2010eko taldeen analisia (I): Ag2r La Mondiale, usoaren eta otsoaren arteko espezie borrokalaria

Frantziar txirrindularitzak UCI-ren hierarkiaren gorengo mailan izango dituen bi taldeetako bat izango da aurten Ag2r La Mondiale taldea. Euren talderik nazioartekoena izanagatik, etxetik kanpo hortzak erakusten kosta egiten zaie Vincent Lavenu-ren mutilei, beren egutegiaz haratago helburuak jartzen badituzte ere.

Nicolas Roche
Aurten ere ildo beretik jarraituko duenaren itxura dauka. Linealtasun hori apur lezakeena, taldeko buruen artean, Nicolas Roche-k behar luke, adinagatik batik-bat. Ardenetako lasterketetan eta antzeko ibilbidea duten probatan bere dohainak erakusten ahaleginduko da Stephen handiaren semea, halakoetan izaten den lehiakortasuna kontuan izanda faboritorik handienen artean azalduko ez bada ere.

Irlandarraren osagai beretsuekin Rinaldo Nocentini izango du taldeak. Italiarra apustu seguru antzekoa da garaipenak lortzeari dagokionez (2002az geroztik ez dio garaipenaren zitari hutsik egin), azaldu bezain errez desagertu egiten den horietakoa bada ere. Ardenar profila osatzeko Alexander Efimkin ageri da, maila bat beherago baina, Barloworld-en erakutsi izan zuen pedal-kolpeari ez baitio jarraipenik eman.

Tadej Valjavec
Etapakako lasterketei begira, ohorezko postuetan agertzeko berriz ere Tadej Valjavec eta Vladimir Efimkin-en aldeko apustua egin beharko dute. Esloveniarra txirrindulari otzana eta saiatua da, erregularra, lasterketari aurpegia sekula galtzen ez dion horietakoa. Erlojuaren aurkako lanean ordea zulo handi xamarra dauka, errusiarrak bezalaxe. Efimkin-en kasuan, iazko denboraldi grisa ahaztu eta aurreko bi urteetako maila berreskuratzea izango du helburu.

Taldeburuen saila osatzeko azken urteotan suitzar txirrindularitzak izan duen gizonik lehiakor baina era berean ahaztuenetariko bat aipatuko dut, Martin Elmiger. Txirrindulari argia, azkarra eta indartsua da, baina taldekide askok bezalaxe puntutxo bat faltan du handienen multzoan sartua izateko.

Gainerantzean, etxeko produktuari erreparatu beharko dio gehienbat Chambery-ko taldeak. Sebastien Hinault eta Lloyd Mondory esprintetan postuak pilatzen ikusiko ditugu seguru asko. Sail honetan ordea bi erreferente berri izan ditzakete. Bete-beteko esprinterraren tankera handiagoa duen Kristoff Goddaert flandestar gaztea batetik, eta irabazle sena duen Anthony Ravard frantziarra bestetik, nere ustetan urteko fitxaketarik zuzenena.

Ravard-ekin batera beste bi gizon interesgarri ekarri ditu Lavenu-k Agritubel-etik. Lehena David Le Lay bretainiarra da, hexagonoaren egutegirako txirrindulari baliagarria izateaz gain Ardenetan maila polita erakutsia duena. Bigarrena Maxime Bouet gaztea dugu; oraindik garatze bidean bada ere potentzia handiko mutila izatearen itxura dauka. Badute itxaropenik berarekin Atturriz bestaldean.

Gainerako fitxaketak Dimitri Champion frantziar txapeldunarena eta bi neo-profesionalena dira: Julien Berard frantziarra (Romain Sicard-ekin batera Etorkizunekoen Tourreko aurreneko etapan ihesean heldu eta lapurtarrari gailendu zitzaiona) eta Ben Gastauer luxenburgoarra, zeinak bi urte itxaropentsuren ostean profesionaletara behin betiko jauzia ematea lortu duen.

John Gadret
Christophe Riblon eta John Gadret-ek ere oraindik izan behar lukete zer erakutsi. Aurrenekoa lurorotako petoa da, eta bigarrenak ziklo-krossak uzten dion tartea probestu beharko du. Beteranoen aldean ere ez da desorekarik taldean, gainbehera antzean etorritako Cyril Dessel eta Jose Luis Arrieta nekaezina bere artean baitauzka Ag2r-k.

Amaitzeko, aurten taldea utzi duten txirrindularirik garrantzitsuenak zeintzuk diren esatea baino ez da falta. Eta hemen nik hiru bereiziko nituzke. Hasteko, eternala zirudien Stephane Goubert, azkeneko urterarte beti bezain kementsu ikusi duguna. Bestetik, BMC eraberritutako suitzarren blokea loditzera pasa den Aurélien Clerc, taldean eman duen urte bakarrean ia deus egin ez duena, eta ulertzen zailagoa zaidana bestea, Tanel Kangert. 23 urte dituela Roubaix-Lille Metropole kontinentalerako bidea hartu behar izan du estoniarrak, 2008an maila polita erakutsi ostean. Ulertzen zaila.

Eta halaxe, esperientzia eta gaztetasuna, oraina eta geroa, neurri egokian uztartzen dituen taldea dugu Ag2r. Begiak urteko egun seinalatu batzuentzako baino ez dituztenen baitan ahanzturan gal daitekeen multzoa, baina denboraldia bere osotasunean hartuta gauza politak egiteko lehengaia izan baduena.