Multzoen azterketa (I). Hautagai nagusiak

2009. urteko aurreneko lehiaketa irabazi nahi duenak, aurreneko multzoan fin ibili beharko du txirrindulariak hautatzerako garaian. Bertatik lau gizon aukeratu behar direla kontuan izanda, garailea eta honek gertuen izango dituenak asmatzea ia ezinbestekoa izango da gainera. Baina honezkero partaideek soberan dakitena esaten gehiegi luzatu gabe, joan gaitezen harira, hots, multzoa osatzen duten txirrindulariak aztertzera.

cunego_evans

-    Alberto Contador: aurkezpenik ez du behar espainiarrak. Iazko Itzulian bera izan zen garaile, eta aurtengoan ere hautagai nagusitzat har daiteke. Aste bakarreko itzuli gehienetan bezalaxe, ibilbidea lagun izango du. Gauzak normal direla,  hartzen ez duenak hanka-sartze handi xamarra egin izango du.

-    Andy Schleck: anaietan gazteenak ez du oraindik berarengandik espero den mailarik eman aurten. Tirreno-Adriaticon baxu xamar azaldu da, eta horrek zalantzak sortarazten ditu bere sasoi-puntuari dagokionez. Gainera, erlojuaren aurkako saioan faborito gehienak baino ahulxeagoa da. Hori bai, berezko talentuak eta igoera motz baina gogorrek bere alde egiten dute. Arriskatu nahi duenak aukera hobeak ditu beste batzuengan dena den.

-    Antonio Colom: Itzulian podiuma zapaldutako gizona da mallorcarra. Denboraldi hasiera indartsua darama, eta berez hau zuen sasoiko lehen erronkarik nagusiena. Euskal errepideetan motibazio berezia topatzen du, eta horrek eta bere jarrera erasokorrak beste batzuekiko erlojuaren aurka gal lezakeen denbora berreskuratzen lagun liezaioke. Apustu fidagarria, baina podiuma zapaltzeko ere arazoak behar lituzke.

-    Cadel Evans: iragan urtean bezalaxe, Coppi-Bartali-n lortu du bere aurreneko garaipena australiarrak, dagoeneko onenen artean egoteko prest denaren seinale. Nekez ikusiko dugu erasoan, baina bere dohainak lasterketa irabazteko aproposak dira. Erabakiorra izango den erlojupekoan gutxi izango ditu aurretik. Apustu seguru antzekoa; Contador bera baino faboritoago da, baina hortik aurrera ez da Silence-Lottokoa bezain txirrindulari osorik. Continue reading “Multzoen azterketa (I). Hautagai nagusiak”

ETB tropeletik 35 minututara

eitb_paris_nizaAsko pozten nau ETBk, eta batez ere ETB1ek, txirrindularitzako lasterketa ezberdinak gure etxeetara ekartzea. Hori da Paris-Niza lasterketa ezagunaren kasua. Gustura ikusten nituen lasterketa hauek, baina atzo konturatu nintzen ez direla “zuzeneko” irudiak. Hori da hori ezustekoa!!

Teknologia berriek gauzak asko aldatu dituzte. Hori da internetaren kasua. Eta horretaz ASOk asko dakiela esan behar. Tourraren webgunea (www.letour.fr) lasterketa antolatzaileetan erreferente da, zalantzarik gabe. Webgune honek lasterketaren nondik norakoak ematen dizkigu zuzen zuzenean. Telebistaren gabezietako bat erlojupekoetan dakusagu, atzoko kasuan bezala. Telebistaz lasterketa jarraitzen ari nintzen, baina ez nekien txirrindularien sailkapena nola zioan eta interneta erabiltzea pentsatu nuen informazio gehigarri hori eskuratzeko asmotan. Aipatutako webgunera sartutakoan, tarteko erreferentziak falta zirela ikusi nuen. Artean Contador, Evans eta beste zenbait helmugara iristekoak ziren. Ez nuen ulertzen. Orduan webgunean begira berrien txokoan “Contador wins” irakurri nuen. Telebistara begiratu eta oraindik Contador helmugaratzekoa zen. Orduan jabetu nintzen gertatzen ari zenaz. Continue reading “ETB tropeletik 35 minututara”

Euskal Herriko txirrindularitza ekitaldiak indarrak batzen

Euskal Herriko Itzulia 2009Aurreko ostegunean eman zuten Euskal Bizikleta eta Euskal Herriko Itzulia bateratzearen berri. Aurreko urteetatik baitzirudien horrelako zerbait gertatuko zela, izan ere, Euskal Bizikletako antolatzaileek gero eta zailtastun handiago baitzituzten txirrindulariak ekartzeko. Txirrindularitza zaleok ez gaitu erabakiak harritu.

2009ko lehen ekitaldian 6 etapaz osatutako lasterketa prestatu dute. Bi elkarteek adostu bezala (Diario Vascoko Kirol Antolakuntza eta Euskal Bizikleta Elkartea), etapa horietako bat Arraten amaituko da. Aurtengoan 3. etapa izango da. Protourreko lasterketa apirilak 6an hasiko da Ataunen eta Zallan amaitu apirilak 11ean. Hona hemen lasterketaren laburpena:

1. etapa (apirilak 6): Ataun-Ataun
2. etapa (apirilak 7): Ataun-Villatuerta
3. etapa (apirilak 8): Bilatorta-Arrateko santutegia
4. etapa (apirilak 9): Eibar-Gueñes
5. etapa (apirilak 10): Gueñes-Zalla
6. etapa (apirilak 11): Zalla-Zalla (bakarako erlojupekoa)

Urtero legez, aurten ere Tropela.net-en Euskal Herriko Itzuliaren inguruko lehiaketa izango dugu, urteko lehena. Beraz, adi izango gara lasterketa honen inguruan izango diren gora-beheren inguruan.

Iparraldeko ortzadarraren bila

Errepide gaineko denboraldiaren hasiera lau haizetara zabaldu den honetan (Lance Armstrong-en itzulerak eraginda berez lasterketek duten garrantziak baino), ziko-krossarena bere amaierara ari da iristen, isilean, ohi bezala. Espezialitatearen puntu gorena heltzeke da oraindik ordea, asteburu honetan jokatuko baitira Herbeeretako Hoogerheide-n Munduko Txapelketak. Urteroko legez, proba nagusia gizonezkoen elite mailakoa izango da.

Lars Boom txapeldun Trevison (2008)Iaz Trevison txapeldun izan ostean, Lars Boom titulua berresten ahaleginduko da. Etxean finkatu ditu 2009rako helburuak herbeherearrak: bere Iparraldeko Brabanten bertan ospatuko den munduko txapelketa, eta goraxeago hasiko den Espainiako Itzuliaren atarikoa. Errepidera eman lezakeen behin betiko urratsak ordea iganderako grina piztuko dio seguru asko.

Hasiera batean biren arteko lehia behar luke igandeko lasterketak. Esan beharrik ez da, Boom-en arerio nagusia Sven Nys handia izango dela. Flandestarrrak ez dauka urteko zitarik garrantzitsuenarekin erlazio onegirik (behin baino ez da izan txapeldun), baina parte hartzen duen lasterketa orotan da faborito.

Continue reading “Iparraldeko ortzadarraren bila”

2009ko ibilbideen aurkezpenak (III): Espainiako Vuelta

Espainiako Vuelta 2009Nork esan behar zidan niri, hiru asteko proben ibilbideen aurkezpenen ondoren, Espainiako Vueltarena gehien gustatuko zitzaidan urteren bat ezagutuko nuenik? bada, aurtengoak uste dut lortu duela.

Azken urteetako ibilbide negargarriaren ondoren, ez zegoen zaila hura hobetzea, baina egia esateko zeharo harrituta utzi naute aurkeztu berri duten ibilbidearekin. Egia esateko, APM txirrindularitza foruko mutilen lana atzean nabari da, baina aurreko urteetan ez bezala Unipublic-ek kasu pixkat egin diela ematen du eta ibilbideak sekulako hobekuntza jaso du.

Ez da helburua ibilbidea etapaz-etapa aztertzea —horretarako hobe www.lavuelta.com web gunetik pasatzea— baina orokorrean aspaldian Espainiako Vueltan ikusi ez diren bezalako etapak prestatu dituzte, bai goi-mendiko etapetan: Aitana, Velefique eta Sierra Nevadako etapak bikainak, bai erdi mailako mendi etapetan: Cati, Avila edo Navacerradako etapak ere, eta ibilbide guztian zehar aurkituko dituzten hainbat eta hainbat tranpa. Honetan ere litekeena da ASOk bere eskua sartu izana —askotan euren proba nagusian, Tourrean, horrelakorik egiten ez badute ere—.

Ibildeari akats bat aurkitzekotan, erlojupekoen kilometro falta da. Azken urteetako mendi negargarriekin ez nien hain kilometro gutxiko erlojupekoei hainbesteko garrantzirik ematen, azkenean dena nahiko konpentsatuta geratzen baitzen, umeentzakoak zirela pentsatzen banuen ere, baina 2009ko edizioko mendiko etapak ikusi ondoren, 30 eta 26km-ko erlojupeko bakoitzari 10na kilometro igoko nizkieke ibilbide benetan borobila osatzeko.