Italiako Giroa 2009, multzoen azterketa (I). Hautagai nagusiak

Edizio irekia mendeurreneko Giroak dakarkiguna. Hautagairik sendoenek ibilbide orekatu bati egin beharko diote aurre, ohikoa baino mendi eramangarriagoarekin (min egiteko lain egongo den arren) eta bakarkako erlojupeko luze bakarra aurkezten duelarik. Hori bai, berau azkeneko urteotako saiorik gogorrena izango da ezbairik gabe. Guzti hau kontuan izanda, azter ditzagun, labur bada ere, lehiaketaren aurreneko multzoa osatzen duten gizonak.

bassoIvan Basso: kiniela guztietan gorenean azaltzen da, eta ez da harritzekoa. Liquigas-ekin sinatu zuenetik lasterketa hau du begiz jota, eta Maiatzaren 9a gerturatuz joan ahala bere sasoi puntua erakutsiz joan da. Lehenbizi Tirreno-Adriaticon maila ona azaldu zuen, eta berriki Trentinoko Giroa bereganatu du. Ez da seguru asko orain hiru urte aurkariak txikitu zituen txirrindulari bera izango, baina azkeneko egunean (Milanon beharrean, Erroman aurtengoan) arrosaz jantzirik egoteko dohai guztiak dauzka lonbardiarrak, bere erlojupeko saioek zalantza puntu txiki bat sortarazten badute ere. Nolanahi ere, apustu seguru xamarra.

Marzio Bruseghin: ia urteroko legez, Giroko irteerara bere burua gehiegi erakutsi gabe helduko da. Normalean honek ez du oztopo bat suposatzen bere kasuan behintzat, eta horrenbestez kontuan hartu beharko da Lampre-ko gizona. Hala ere, iazko emaitza errepika dezan aurkariek huts egin beharko dutela iruditzen zait, 60 kilometrotako erlojupekoak bere alde egiten badu ere. Bestalde, ikusi behar Cunego alboan izatea bere onurarako edo kalterako izango den. Etapen lehiarako eta sailkapen orokorrari begira txirrindulari aproposagoak ikusten ditut nik behintzat.

cunegoDamiano Cunego: iaz etxeko lasterketari muzin egin ostean, bueltan da berriz ere. Hasiera batean etapa ehizean ibiliko zela esan bazuen ere, zaila egiten da horren gazterik Giro bat irabazi zuen gizon batek, oraindik 27 urte dituela, helburu horretara mugatuko dela pentsatzeak. Dena den, eta hiru asteri aurre egin eta etapak irabazteko gai den txirrindularia dela dagoeneko soberan erakutsi badu ere, nik ez daukat berarengan beste lasterketa batzuetan neukan konfiantzarik. Ez dakit bere urte hasierako helburuetan (Euskal Herriko Itzulia eta Ardenak) huts egin duelako, edo bera baino indartsuagoak diren gizonak ikusten ditudalako, kontua da “Il Piccolo Principe” berriz ere podiumetik at izango dela uste dudala.

Danilo Di Luca: bere porrota garesti saltzen duen txirrindularirik bada, hori LPR-ko talde burua da, ezbairik gabe. Aurten gainera hain atsegin dituen Euskal Herriko Itzulia eta Ardenetako klasikoak lehiatzeko aukerarik izan ez duela helduko da Girora, hots, amorraturik seguru asko. Trentinon jada erakutsi du erronkari aurre egiteko prest dela. Hala ere, sailkapen nagusiari begira erlojupekoak min handia egin diezaiokeela uste dut. Italiarraren alde egiteak ordea etapako puntuetan izan dezake bere saria, multzo txikietan erabaki litezkeen etapak egon baitaude (ongi ezagutzen duen San Luca-ko amaiera duena kasu).

Levi Leipheimer: ez da seguru asko Basso-ren inguruan beste hitz egin, baina kaliforniarrak garaipena erdiesteko asmoz hasten badu Giroa, argi berarekin. Azken urteotako hiru astetako espezialistarik onenetakoa dela esan beharrik ez da, eta behingoagatik talde buru bezala jokatzeko aukera izan dezake. Egunotan AEB-n korritzen ari den Gila-ko Tourrean, goi-mailako partaidetzarik gabeko lasterketa bada ere, puntua hartzeko bidean dela ari da erakusten. Zalantza txikia lidertzari aurre egitean nola erantzungo lukeen izan daiteke, baina bakeroa alboan izateak behin-betiko bultzadatxoa (psikologikoki batez ere) suposa lezake berarentzako. Alpe di Siusin onenen inguruan egoteko moduan bada, bere akzioek nabarmen egingo dute gora, erlojupekoan arerio zuzenei min handia egin bailiezaieke. Italiarren amesgaizto bilaka daiteke Levi zintzoa; apustu gomendagarria nere ustetan.

menchovDenis Menchov: nire zalantzak ditut errusiarrarekin. Bere klasea eztabaidaezina da, eta bere aurpegirik onena erakutsiz gero parera jartzeko moduan oso gutxi direla, baita. Alabaina, momentu garrantzitsu askotan huts egin izan duela ere ukatzerik ez dago, eta horri bere helburuak zeintzuk diren argi ez dagoela gehitzen bazaio, hara hor nire duden zergatia. Dena den, aurtengoan Italian topera lehiatzeko asmoa omen zeukan, ta hori hala balitz, oso aukera erakargarria da berea. Hortaz, Menchov-ek berak baino, bere jarrerak suposatzen du kasu honetan buruhaustea, ibilbidea berez nahiko aproposa baita beretzako. Nik neuk ongi ibiliko denaren susmoa daukat, baina… norberak erabaki beza arriskatu ala ez.

Carlos Sastre: espainiarrarekin beste batzuekin ez daukadan gauza bat daukat argi: sailkapen nagusian goian izango da. Zenbateraino? Horixe ez dakit, baina podiumetik ez oso urrun. Liege-Bastogne-Liege-en jada gorputzaldi ona erakutsi zuen, eta Giroak aurrera egin ahala, gorantz egingo du, seguru. Zentzu horretan segurura jokatzea iruditzen zait, baina normalenean etapetan galdu beharko lituzkeen puntuak sailkapen nagusi on batekin berdintzen ez baditu, bere hautaketa hankasartze batean bilaka liteke.

Gilberto Simoni: Simoni zaharra da hautagaien artean azkenekoa, eta partaideen artean hautaketa gutxien izan dituena. Ez nau harritzen, bere garairik onena pasata baitago. Hala ere amaierararte borroka egingo duen horietakoa da, eta zentzu horretan izan dezake bere saririk. Dena den, berandu iruditzen zait bere aldetik gauza benetan handiak espero izateko.

Argazkiak: bikeradar.com / roadcycling.com / Newsimg