Italiako Giroa 2009, multzoen azterketa (IV). Beste azkarrak

Ziklista bi aukeratu behar dira atal honetatik, eta 11 izenotatik, Pozzato da nabarmenena. Badira beste batzuk, baina kontuan hartu behar da esprint puru gutxi izango direla Giroan. Hala ere, puntu pilaketa denez lehiaketaren xedea, eta esprint askorik ez denez izango, etaparen bat irabaz lezaketenak nabarmendu behar ditugu: ibilbide gorabeheratsuetan ondo moldatzen diren Pozzato, Hunter eta Visconti; eta esprint lau edo puruetan aurrean ibiliko diren Förster eta Farrar, besteen gainetik. Eta Paolini ere sartu beharko dugu etapa ehiztari moduan.

pozzatoFilippo Pozzato (KATUSHA). 28 urteko italiarra. Urteko lehen zatiko protagonistetako bat izan da. E3 Prijs Vlaanderen irabazi du, De Panneko Hiru Egunetan etapa baten gailendu da, Flandiako Tourrean bosgarren izan da eta Paris-Roubaix klasikoan bigarren, Boonenen atzetik. Esan beharra dago otsailean Mazzanti taldekidearekin izan zela Vesubioko igoera egiten; 19. etapan igoko da Vesubio. Hori dela eta, batzuek diote Giroa lehiatzeko asmoa duela, baina nik neuk ez dut ikusten sailkapen orokorreko lehian. 38 garaipen ditu profesionaletan. 2004an eta 2007an etapa bana Frantziako Tourrean.

Robert Förster (MILRAM). 31 urteko alemaniarra. Taldeko liderra. Turkiako Itzulian etapa bat irabazi du aurten. Baina, are gehiago: 2006an eta 2007an etapa bana irabazi zuen Giroan. Ez da esprint guztietan sartzekoa, baina ondo aukeratzen daki zeinetan sartu. 30 garaipen profesionaletan, Bada zerbait.

Juan Jose Haedo (SAXO BANK). 28 urteko argentinarra. San Luisko Tourrean etapa bat eta Cholet-Pays de Loire irabazitakoa da aurten. 43 garaipen ditu profesionaletan.

Robert Hunter (BARLOWORLD). 32 urteko hegoafrikarra. Trentinoko Giroan etapa bat, Capoko Giroan etapa bat eta Mediterraneoko Tourrean etapa bat ditu aurten. 2007an etapa bat Tourrean. 1999a ezkero da profesionala, eta 39 garaipen ditu.

Giovanni Visconti (ISD). 26 urteko italiarra. Iaz, Giroan, 6. etapatik 13.era lidertzan izan zen, ihesaldi baten 11 minutu atera baitzioten tropelari. Aurten, sailkapen nagusia lehiatzeko asmoz omen doa Girora; erronka handiegia. Taldeko liderra da, behinik behin.

farrarAipamen berezia egin nahi nioke gazte bati: Tyler Farrar (GARMIN). 25 urteko estatubatuarra. Etorkizun handiko gaztea. Aurten, Tirrenon etapa bat irabazi du, Cavendishi gailenduta. Oraintsu, Romandian bigarren izan da azken etapan, Freireren atzetik.

Eta beste maila baten jarriko nituzke beste bostak:

Sebastien Hinault (AG2R). 35 urteko frantziarra. Credit Agricolen, Hushvoden itzalean ibili zen beti. 1997a ezkero da profesionala, eta 12 garaipen ditu; garrantzitsuena iaz lortu zuen, Espainiako Itzulian. Ez dira garaipen asko ziklista azkar batendako.

Oscar Gatto (ISD). 24 urteko italiarra. Sardiniako Giroan etapa bat irabazi du aurten, Ballan, Visconti eta Bennatiren aurretik; lortu duen lehen garaipena profesionaletan. Taldekide Visconti baino esprinter  puruagoa da, lauan bukatzen denerako.

Jeremy Hunt (CERVELO). 35 urteko britainiarra. 1996a ezkero da profesionala, eta 33 garaipen ditu. Hushvod ez denez Giroan izango, hark izango du esprintetan sartzeko ardura, baina ez dut uste lehenengoen artean sailkatzeko moduan dagoenik.

Julian Dean (GARMIN). 34 urteko zeelandaberritar beteranoa esprint bideratzaile eta laguntzaile bikaina izan daiteke Farrarrentzat. Izan ere, hark ere urte asko egin zituen Credit Agricolen, Hushvodentzako lanean.

arrivopaolini1Luca Paolini (ACQUA E SAPONE). 32 urteko italiarra. Settimana Ciclistica Lombardan azken etapa irabazi zuen, Viscontiren aurretik. CONIk deitu zuen astearterako Oil for drugs kontuaren gainean deklaratzera, baina ez da haren gaineko deklarazioen berririk atera. 17 garaipen ditu profesionaletan; 2006an Espainiako Itzuliko etapa bat erdietsi zuen.

Argazkiak: Sirotti eta Settimana Ciclistica Lombarda.