Aurkeztu berri da aurtengo hirugarren Itzuli Handiaren ibilbidea, kasu honetan, abuztuaren 20an – aurreko urtetan baino astebete lehenago – Benidormen taldekako erlojupeko batekin hasiko den Espainiako Vuelta.
Hemen inguruan aspaldiko urtetan baino zarata gehiago atera du aurkezpen honek, urte mordo baten ondoren, Euskal Herritik pasatuko delako lasterketa. Dena den, puntu honek luze jo dezakeelako, utz dezagun hurrengo baterako gai honi buruzko eztabaida. Continue reading “2011ko Itzuli Handien ibilbideak (III). Espainiako Vuelta”
Kategoria Artxiboak:Iritzia
2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria
2010ean Vueltako arduradunek maillot berria prestatu zuten: gorria. Aski ezaguna da Espainiaren kolorea Eurokopaz geroztik gorria dela. “La Roja” delakori jarraipena emanez Vueltak identitate propioa izatea nahi zuen; urre koloreko maillotarekin lortu ez zuena gorriarekin lortu nahi du.
Gora behera askoko lasterketa izan zela esan daiteke. Maillot berri hau soinean janzten lehena Cavendish izan zen Sevillan gauez jokatu zen erlojuaren kontrako saioan bikain aritu ondoren. Maila eman ez zuena Sky taldea izan zen eta egunak aurrera joan ahala ezagutzera eman zen talde osoa gaixotu zela jatekoa tarteko. Guztion sorpresarako kutsadura espero baino larriagoa izan zen eta Txema Gonzalez masailari arabarraren heriotza eragin zuen. Ondorioz Sky taldeak lasterketa uztea erabaki zuen. Ez ohiko gertakaria izan zen zalantzarik gabe. Continue reading “2010ari errepasoa (XVI): Espainiako Vuelta gorria”
2010ari errepasoa (XV): Donostiako Klasikoa LuisLerentzat
Urte sasoi bikainean izaten da ingurutako egun bakarreko txirrindularitza proba garrantzitsuena. Donostia-Donostia Klasikoa. Gipuzkoako errepideak goitik behera zeharkatzen ditu tropel koloretsuak, eta Uztaila bukaera-Abuztu hasierako eguraldiak gutxitan oztopatzen du egun eder hau. Frantziako Tourra bukatzetik hain gertu izateak gainera asko laguntzen dio lasterketari eta gure lurretara etortzen diren txirrindularien maila handia izaten da.
Aurten, Jaizkibel bi aldiz igotzeko apustua egin zuen antolakuntzak. Bigarrengo igoeran hasi zen borroka ederra, bukaera arte etenik izango ez zuena, 40 bat kilometro faltan. Roche, Vinokourov, Sastre, Rodríguez, Porte, Gesink, Hesjedal, Luis León Sánchez ziren gizonik indartsuenak. Haimar Zubeldia eta Samuel Sánchezen ihesaldi saiakerek hautsi zuten tropela goitik behera, baina Luis León Sánchezen erasoaldi gogor bat izan zen guztietan erabakigarriena. Plater handian egin zuen salto (8:40 minutua) eta Vinokourov eta Sastre izan ziren bakarrik jarraitzeko gai. Continue reading “2010ari errepasoa (XV): Donostiako Klasikoa LuisLerentzat”
2010ari errepasoa (XIV): Tourra, lagunen jolasa
Aurtengo Frantziako Tourra “fair play“ak baldintzatutakoa izan dela uste dut. Gogoan izango duzue nola Span amaitu zen bigarren etapa hartan Chavanel-ek etapa eta liderraren maillota eskuratu zituela Cancellarak “lasterketa gelditu zuelako” izan ziren erorikoak tarteko. Gehienek lasterketa geratzea txalotu zuten egun hartan, baina harbideetako etapan Frank Schleck erori arren ez ziren ez Cancellara ez eta Andy anaia bera ere geratu eta horrek niri jokabide interesatua izan zela iruditu zitzaidan.
Kontraesan hauek albo batera utzita, lasterketaren irabazlea Andy-ren bizikletaren kateak baldintzatu zuen. Gogoan izan etapa honetan 39 segundo galdu zituela Andyk (benetan pattal ibili zen katea bere lekuan jartzerakoan) eta justu horiek behar izan zituen Contadorrek azken erlojuaren kontrako saioan 2010ko Tourra irabazteko.
Bigarren bideo hau, berriz, 15. etaparen ondoren Pintokoak interneten argitaratu zuena da. Bertan barkamena eskatzen agertu zitzaigun arazo mekanikoaz jabetu ez zela eta. Hau ere “fair play”aren jokoan sartzeko beste kontu bat zalantzarik gabe.
Andy eta Contador izan ziren Tourreko bi protagonistak, “betiko lagunak” gertaerak gertaera. Hirugarrena Armstrong izango zelakoan geunden eta horregatik zegoen hautagai nagusien artean. Hala ere Texaseko txirrindulari beteranoak prologoan indarrez zela erakutsi arren, egunak aurrera joan hala lasterketa irabazteari agur esan zion. Hala ere, Armstrongek Eliseo zelaietan podiuma zapaldu zuen nahiz eta taldekako sailkapeneko irabazle moduan izan bazen ere.
Azkenean Eliseo zelaietan Contadorrek jantzi zuen maillot horia eta hirugarrenez Tourra berarentzat izan zen. Baina orain hilabete batzuk bere gernuan aurkitutako klenbuterol arrastoak direla eta, Tour hori eskuetatik joango dakioke. Hemen duzue bere agerraldia prentsa aurrean notizia medioetan filtratu ondoren.
Oraindik auzia argitzeko dago eta Contadorrek Twitter bidez zalegoari beren babesa eskertzeaz gain, hurrengo urtea HISTORICOa izango dela adierazi du berriki. Historikoa izango da, bai, txirrindulari hau zigortzen badute. Ea hala suertatzen den!
2010ari errepasoa (XIII): Frank Schleck, Suitzan garaile
Suitzako Itzuliak ikusmina piztu ohi du urtero, Dauphine Libere bezala, Tourrari begira proba gisa erabiltzen dutelako txirrindulariek. Saxo Bankek Fabian Cancellara eta Schleck anaiak eraman zituen suitzara eta Cancellarak aitzin etapa irabazi zuen. Cerveloko Heinrich Hausslerrek bereganatu zuen lehen etapa, Pablo Urtasun urdiandarraren aurretik, baina hurrengoan Saxo Bankek, berriz ere aginte makila hartu zuen. Frank Schleck helmugaratu zen lehen postuan, eta Team Columbiako Tony Martinek jantzi zuen liderraren maillota. Horrenbestez, bi txirrindulariok faborito bihurtu ziren itzulia eskuratzeko.
Ondorengo bi etapan Petacchi eta BMC Racing taldeko Burghardtek irabazi zituzten, hurrenez hurren –Burghardtek itzulia bukatu aurretik beste etapa bat sartuko zuen zakuan-. Suitzako itzulian, mendiko etapa handiren bat izan ohi du urtero, eta aurtengoan, egurrean ibili ziren hainbat txirrindulari. Azkenean, Robert Gesinkek irabazi zuen eta sailkapen nagusiko lehen postua bereganatu zuen. Ematen zuen igotzaile holandarrak poltsikoan zuela itzulia, baina ez zen hala izan. Gesink ez da batere ondo moldatzen erlojupekoetan, eta hori agerian geratu zen Suitzan. Tony Martinek irabazi zuen azken etapa. Eta Franck Schlekek itzulia eskuratu zuen Lance Armstrongen eta Jacob Fuglsangen aurretik -hirurak argazkian-. Nola Schleckek ala Armstrongek Tourraren atarian sasoi betean zeudela erakutsi zuten. Frantziako Itzulian, ordea, gauzak ez zitzaizkien nahi bezala atera. Ez batari ez besteari.