Aurtengo Tourraren lehen astea (ia lehen erdia ere esan genezake) oso polita eta ikusgarria izan da. Eta atzoko etapak nabarmen utzi duen bezala ez dauka patroirik edota lider sendorik. Horrek ikuskizunari dagokionez ate asko parez pare irekita uzten ditu, beraz, datozen egunetan eraso eta ezusteko dezente izango ditugunaren esperantza daukat. Ikusiko ditugu. Bitartean egun hauetan ikusitakoaren irakurketa egin nahiko nuke.
Ibilbideari dagokionez, aurten antolakuntzak aldaketa nabariak egin ditu. Bazirudien gainsariak ez izatean lehen aste honek tristea behar zuela izan. Prologorik ez da egon baina lehen etapako amaiera gogorrak tarteak sortuko zituela bazekiten guztiek. Azken kilometroetan sartutako aldapatxoek Italiako Giroa gogorarazi didate, eta horri esker amaiera esplosiboa duten ziklistek beraien aukerak izan dituzte. Valverdek eta Hushovd-ek irabazi zituzten amaiera aldrebes horiek eta lehen gaintxo serioxeagoan Riccok erraz menderatu zuen faboritoa, Valverde. Amaiera ikusgarriak izan ziren hirurak. Beste amaiera gogorra 7. etapan izan zuten, baina hemen indartsuenen taldetxoari Luis Leon Sanchezek aurrea hartu zien eta beste garaipen eder bat ikusi genuen.
Lehen astea izateko aurtengo Tourreko hautagaiek aurpegia nahikoa erakutsi behar izan dute, nahiz eta beraien arteko denborak ez diren batere erabakigarriak izan. Denbora tarteei dagokionez, 4.etapan izan zuten erlojupeko laua izan da oraingoz tarte handienak eragin dituena. Stefan Schumacher-en garaipenak gehienoi ezustean harrapatu gintuen, Cancellarak ordularia puskatuko zuela uste baikenuen. Continue reading “9.etaparen ondoren, dena airean!”
Kelme-tik fitxatu zutenetik Tourrera begira jarri zuen Unzuek. Iaz besterik ez du amaitzea lortu ordea, 6. postuan. Aurretik, denok gogoratuko dugu, adibidez, Armstrong-i irabazi zion etapa Courchevel-en 2005an, edo 2006an eroriko bat medio nola joan zen etxera. Dena dela, Espainiako Itzulian erakutsi du badakiela 3 astetan topera egotea zer den: 2006an 2. postuan amaitu zuen eta 4. postuan 2004an.
Uztailaren 5a. Aste bi baino ez urteko txirrindularitza ikuskizun nagusia has dadin, dena kendu eta dena ematen duen lasterketa has dadin. Hiru astetan zehar txirrindulariek Frantziako errepideetan zehar izerdi eskerga bota beharko dute, bakoitzak aldez aurretik finkatutako helburuak bete ditzan. Batek baino gehiagok birplanteatu beharko ditu bereak lasterketak egunak kontsumitu ahala.
Euskal Herriko Itzulia hasteko aste bete falta denez gero, ibilibideari gainbegiratu bat ematea komeni da. Hartara gainera, Tropelak antolatutako jokoan parte hartzen dutenek erreferentzia baliagarri bat izango dute txirrindulariak hautatzerako garaian. Baina, gehiago luzatu gabe, has gaitezen etapak banan banan aztertzen:
Hemen dugu falta zitzaigun azkenengo “itzuli handiaren” aurkezpena, Espainiako Vuelta. Jadanik jakinaren gainean izango zarete proba honek ez didala beste lasterketa askok adinako irrikarik sortzen, agian korritzen den garaian korritzen delako, agian partehartzaileen mailagatik… hala ere, batez ere, bere ibilbideak proba ikusgarria izaten laguntzen ez duelako da, nire kasuan behintzat, proba hau ikusi “behar” hori ez izateko arrazoia.