Euskal Herriko Itzulia 2008. Ibilbideari gainbegiratua.

Euskal Herriko Itzulian 2008 IbilbideaEuskal Herriko Itzulia hasteko aste bete falta denez gero, ibilibideari gainbegiratu bat ematea komeni da. Hartara gainera, Tropelak antolatutako jokoan parte hartzen dutenek erreferentzia baliagarri bat izango dute txirrindulariak hautatzerako garaian. Baina, gehiago luzatu gabe, has gaitezen etapak banan banan aztertzen:

1. Etapa: Legazpi-Legazpi (137 km.). Aurtengo edizioko etaparik laburrena (erlojupekoa salbu, noski). 3. mailako lau mendate eta 2.mailako beste hiru gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Lasterketa honetan izan ohi diren osagaiez osatutako ibilbidea, alegia. Azkeneko mendatea, Deskarga (motza baina malda gogorduna) helmugatik 6 kilometrotara kokatzen da. Hortaz, liderraren aurreneko maillota talde murriztu baten artean lehiatzea espero liteke. Hala ere, diferentziek ez lukete handiak izan behar.

2. Etapa: Legazpi-Erandio (153 km.). Eguneko mendaterik gogorrena, 1.mailako Ixua, helmugatik oso urrun ageri da. Ondoren 3.mailako lau mendate igo beharko dira, azkenekoa, Unbe, helmugatik ia 40 kilometrotara. Hortaz, aurreneko sprinta etapa honetan ikus genezake.

3. Etapa: Erandio-Biana (195 km.). Saiorik luzeena. Profilean 2.mailako hiru mendate ikus daitezke 3.mailako beste batez gain. 2.mailakoa den Aguilar de Codes-eko gaina amaieratik 10 kilometrora kokatzen bada ere, mendate etzanegia da tropeleko oilarrek zalaparta sortu ahal izateko.

4. Etapa: Biana-Gasteiz (171 km.). Urteroko legeari jarraiki, hasiera batean trantsizioko etapa modura ageri zaigu Gasteizen amaitzen dena, Herrera (lasterketako mendaterik gogorrena) helmugatik 100 kilometro baino gehiagora kokatzen baita. Abenturazaleentzako etapa aproposa, baina baita lasterketan izango diren gizon azkarrentzako aukera polita ere. Ikusi beharko bestalde haizeak agerraldirik egiten duen.

5. Etapa: Gasteiz-Orio (162 km.). Aurreneko begiratuan interes falta apur bat duten hiru etapen ostean, zati erabakiorrean sartuko da lasterketa. Lehenik, ostiralean Orion amaituko den etapan. Helmugara gerturatu aurretik beste hiru mendate igo beharko badituzte ere, Orioko inguruetan egingo dute faborito nagusiek agerraldia seguru asko. Izan ere, helmugatik 10 kilometro pasatxora dagoen Aia-ko gain motzak eskalatzailerik finenei ere hortzak ederki estuaraziko dizkie. Bi kilometro eskaseko aldapa da, baina %26-raino iristen diren portzentaiekin. Beldurtzekoa. Osagai horiekin, Ricco’, Joaquim Rodriguez (Monteluponen lortutako garaipena errepikatu nahiko du), Gesink, Bettini (antza behingoagatik gure artean izango da italiarra), Kolobnev edota Bertagnolli bezalako txirrindulariak aurrean ikusiko ditugu seguru asko. Horrez gain, puntuagarria ez den Txankako aldapa ere, baserri bide asfaltatua, oso gogorra omen da. Esandakoa beraz, faboritoek diferentzia batzuk ateratzeko aukera paregabea, nahiz seguru asko erabakiorrak ez izan.

6. Etapa: Orio-Aia-Orio (20 km., erlojupekoa). Urtero gertatu ohi den bezala, erlojuaren aurkako probak erabakiko du lasterketa. Eta beste behin, saio zinez gogorra prestatu dute antolatzaileek. Ordurako ondo ezagun izango dituzte txirrindulariek zailtasunak, aurreko etapako azkeneko kilometroetan igo behar dituztenak baitira. Ez da beraz bete-beteko espezialistentzat pentsaturiko erlojuz kontrakoa, nahiz eta eskalatzaile soila denak jai izango duen.

Etapen analisia egin ostean, eta ondorio gisa, lasterketak hiru puntu bero izango dituela esan daiteke. Aurrenekoa, lehenengo etapan. Bertan hautagaiak zein asmorekin etorri diren epaituko du Deskargak. Amaierako suziriak azkeneko bi etapentzako gorde dira. 5. etapa Euskal Herrian horrenbeste aurki daitezkeen tranpetako bat da. Hala ere, espero beharreko zerbait da erlojupekora sailkapen nagusian gailentzeko aukerekin txirrindulari dezente iristea.

Faboritoak? Iragartzen erraza izaten ez bada ere, nik begiak itxita bi txirrindulariren alde egingo nuke apustu: Contador eta Evans-en alde, hain zuzen. Tropelean izango diren onentsuenetakoak izateaz gain, euren sasoi puntu bikaina gehitu behar zaie, eta hori gutxi balitz, ibilbidea neurri-neurrikoa dutelakoan nago. Bietakoren batek garaipena lortuko ez balu, harritu egingo nintzateke. Hala ere, eta behin behineko zerrenda bakarrik ezagutzen dela kontuan hartuta, beste izenen bat ere aipatu beharra dago. Aurreko biak baino koxka bat (edo pare bat) beheraxeago Dekker, Schumacher eta Lövkvist aipatu nituzke. Hirurak ere erlojupekoan ondo moldatzen dira. Eta osagarri hau ezinbestekoa iruditzen zait garailea izango denarentzat. Egia da saio gogorra izango dutela azkenekoa, baina Bettini, Ricco’, Gesink eta tankerakoek jai izango dutela uste dut, diferentzia handiak erdiesteko lekurik ez baitiet iragartzen. Hala ere, ikusi beharko azkenean zeintzuk aurkezten diren Legazpiko irteeran, maila handiko izen asko espero baita. Zain egon behar.