9.etaparen ondoren, dena airean!

Aurtengo Tourraren lehen astea (ia lehen erdia ere esan genezake) oso polita eta ikusgarria izan da. Eta atzoko etapak nabarmen utzi duen bezala ez dauka patroirik edota lider sendorik. Horrek ikuskizunari dagokionez ate asko parez pare irekita uzten ditu, beraz, datozen egunetan eraso eta ezusteko dezente izango ditugunaren esperantza daukat. Ikusiko ditugu. Bitartean egun hauetan ikusitakoaren irakurketa egin nahiko nuke.

Riccok biIbilbideari dagokionez, aurten antolakuntzak aldaketa nabariak egin ditu. Bazirudien gainsariak ez izatean lehen aste honek tristea behar zuela izan. Prologorik ez da egon baina lehen etapako amaiera gogorrak tarteak sortuko zituela bazekiten guztiek. Azken kilometroetan sartutako aldapatxoek Italiako Giroa gogorarazi didate, eta horri esker amaiera esplosiboa duten ziklistek beraien aukerak izan dituzte. Valverdek eta Hushovd-ek irabazi zituzten amaiera aldrebes horiek eta lehen gaintxo serioxeagoan Riccok erraz menderatu zuen faboritoa, Valverde. Amaiera ikusgarriak izan ziren hirurak. Beste amaiera gogorra 7. etapan izan zuten, baina hemen indartsuenen taldetxoari Luis Leon Sanchezek aurrea hartu zien eta beste garaipen eder bat ikusi genuen.

Lehen astea izateko aurtengo Tourreko hautagaiek aurpegia nahikoa erakutsi behar izan dute, nahiz eta beraien arteko denborak ez diren batere erabakigarriak izan. Denbora tarteei dagokionez, 4.etapan izan zuten erlojupeko laua izan da oraingoz tarte handienak eragin dituena. Stefan Schumacher-en garaipenak gehienoi ezustean harrapatu gintuen, Cancellarak ordularia puskatuko zuela uste baikenuen. Gainera denbora tarte handi samarrak lortu zituen, besteak segundo gutxiren tartean zeudenean. Tourreko gizon indartsuei dagokionez, Evans, Menchov eta Kirchen oso ondo ibili ziren. Cunego ere txukun aritu zen, Pereiro, Schlecktarrak, Sastre, Astarloza, Samuel Sanchez hainbestean, eta Valverde, Zubeldia, Ricco eta Cobok uste baino gehiago galdu zuten.

Esprinterrentzat ez da oso aste samurra izan. Aukera gutxi izan dituzte, eta hori gutxi ez eta 3. etapan ihesaldia bertan behera uzteko kalkuluek kale egin eta ihesaldiko frantziarrak nagusitu ziren: Dumoulinentzat etapa eta Feillurentzat maillot horia. Hushovd-ek irabazi zuena esprint arrunta izan ez zenez, 2 esprint nagusi izan direla esan dezakegu, eta bietan Mark Cavendish britainiar gaztea izan dugu nagusi. Gainera, bi esprintetan nahiko erraz gailendu zela esan daiteke. Pirinioak iritsi dira eta hemendik aurrera ez dut uste esprint asko ikusiko ditugunik. Esprinterren taldeek izango dute giltza.

Atzo hasi ziren Pirinioak eta nahiko etapa “xuabea” izan arren Tropeleko kobrak, Ricardo Riccok eraso bortitza jo eta erlojupekoan galdutako 3 minutuetako bat errekuperatu zuen. Hasiera batean etapak ehizatzera etorri zela zirudien baina bi etapa irabazita hartu duen moralarekin eta duen gaitasunarekin Tour handia egin dezakeela garbi dago.

Bederatzi egunetan 4 ziklistak jantzi dute maillot horia (Valverde, Feillu, Schumacher eta Kirchen) eta ez dirudi Kirchenen soinean askoz gehiago iraungo duenik, baina nork jantziko du? Auskalo zer gertatuko den bihar Tourmalet eta Hautacam-eko maldetan!

Orain artean Caisse d’Epargne eta Team Columbia izan dira talde indartsuenak. Bigarren honek talde sendoa eta irabazlea du baina etapa lauetan askoz hobe moldatzen dira. Mendian ikusi egin beharko da Kirchen-Siutsou-Lovkivst hirukoteak zer nola eusten dioten orain artean emandako mailari. Caisse d’Epargne taldeak berriz, mendian ongi moldatzen diren ziklistak ditu, baina bere liderrak, Alejandro Valverdek, lehen aste honetan indar dezente xahutu dituela uste dut. Gainera erorikoa ere izan zuen. Pereiro galiziarra askoz hobeto dagoela dirudi, baina oraingoz murtziarraren mesedetan ari da lanean. Ikusiko dugu noiz arte.

Cancellarak huts egitean CSC taldearen presentzia oso txikia izan da lehen aste honetan, baina taldekako lidertza izateaz gain bere hiru liderrak liderrarengandik bi minutu baino gutxiagora daude eta guztiak oso ondo moldatzen dira mendian. Zalantzarik ez dut agertuko direla. Eta Saunier Duval taldeko igotzaileek ere gaur bezalako erakustaldiak edota handiagoak emateko gaitasunarekin ikusten ditut.

Hautagai nagusiak, Tourraren hasieran zeuden berak dira oraindik (edo gehiago):

Evans, erorketa arrastoekinEvans: Hautagai nagusia zen, baina atzoko erorikoak zer nola eragingo dion ikusi beharko dugu. Taldean, Popobitx eta gutxi gehiago.

Menchov: Podiumerako beste hautagaia. Ixil-ixilik baina hor jarraitzen du. Ten Dam-ek zertxobai lagunduko dio.

Kirchen: Kostako zaio onenekin jarraitzea. Ez dut uste bere helburua maillot horiari eustea denik. Indar asko xahutu ditu eta maillot berdearen borrokan ere badabil.

Valverde eta Pereiro: Murtziarra atzo nahiko atzean geratu zen une erabakigarrian. Indar dezente xahutu ditu eta erorketa ere izan zuen. Pereiro aldiz gogotsu ikusten da.

Devolder: Ixilik ari da baina mendian igotzaileen pare ibiltzea kostako zaio.

Sastre, Frank eta Andy Schleck: Igotzaileak dira eta galdutako denbora errekuperatzen saiatuko dira. Nork egingo du lan eta norentzat?

Cunego: Italiarrak ondo prestatu du Tourra eta erlojupeko bikaina egin ondoren hurrengo mendiko etapetan segundo gutxi baina esanguratsuak galdu ditu. Atzo ondo ikusi genuen eta mendian borrokarako prest izango da.

Samuel Sanchez, Astarloza eta Zubeldia: Samuel oso serio ari da eusten orain artean eta berak esan ez bezala sailkapen nagusian pentsatzen dagoela esango nuke, Mikel bezala. Haimarrek atzo denbora asko galdu zuen, beraz, errekuperatzen bada etapa ehizerako edota taldekideen mesedetan lanean jarriko dela pentsatzen dut. Ea atzo baino buru gehiagorekin egiten duten lan eta zorte pixka bat duten.

Euskaltel-Euskadi laneanKohl eta Schumacher: Schumacher-ek atzera egingo du sailkapenean berehala, baina austriarrak sasoiko dagoela erakutsi du. Igotzaile oso ona da eta onenekin ikusiko dugu mendiko etapetan.

Kreuziger: Erlojupekoan kale egin zuela iruditzen zait, baina mendian oso ondo dabil. Ea eusten dion.

Ricco, Piepoli eta Cobo: Azkenerako utzi ditut, baina ez ahulenak direlako. Oso indartsu daude hirurak eta CSC bezala, erasora jo behar dute galdutako denbora errekuperatzeko. Piepolik bere etapatxoa eramango du, Cobo sailkapen nagusian aurrean sartzen saiatuko da eta Riccok edozer gauza egin dezake. De la Fuente, Jufre eta Del Nerok laguntza ona eman dezakete gainera.

Ziur baten bat ahaztu zaidala. Ikus dezakezuen bezala, oraindik Tourra hasi besterik ez da egin eta oso irekita jarraitzen du maillot horia bereganatzeko lehiak. CSC eta Saunier Duvalek prestatu diguten ikuskizunaz gozatu dezagun. Eta ea euskal txirrindulariek ikuskizun horretan dantza txukun egitea lortzen duten. Atzo, lan asko -Aupa Amets!-, buru gutxi eta uztarik ez.

Argazkiak: Roberto Bettini / www.bettiniphoto.net