ALEJANDRO VALVERDE
Aurtengo emaitzak
Emaitza onekin eta sasoiko iritsiko da: Murtziako itzulia irabazi zuen martxoan, Paris-Camembert eta Liege-Bastogne-Liege klasikoak apirilean eta baita Dauphine Liberé ere azken txanpan. Inoiz baino lasaiago dirudi. Batzuen ustez indartsuegi irits daiteke hasierara, Dauphinen sendoen agertu izan direnetako batzuk pott egin baitute azken urteetan Tourreko 3. astean.
Tourrean esperientzia
Kelme-tik fitxatu zutenetik Tourrera begira jarri zuen Unzuek. Iaz besterik ez du amaitzea lortu ordea, 6. postuan. Aurretik, denok gogoratuko dugu, adibidez, Armstrong-i irabazi zion etapa Courchevel-en 2005an, edo 2006an eroriko bat medio nola joan zen etxera. Dena dela, Espainiako Itzulian erakutsi du badakiela 3 astetan topera egotea zer den: 2006an 2. postuan amaitu zuen eta 4. postuan 2004an.
Bere alde
Berezko kalitate ukaezina eta irabazle sena. Prestakuntza inolako arazorik gabe egin ahal izan du aurtengoan eta planifikatu bezala iritsiko da irteerara. Emaitzek emango dioten konfiantza puntu eta motibazio estrarekin gainera. Lasterketak ikusteko orduan, estrategikoki, helduagoa dirudi. Klasikomano sua apaldu al zaio 3 astetan behar den erregulartasunaren mesedetan? Ez du aitzakiarik bere bizitzako Tourraren aurrean. Aurten ez bada, inoiz lortuko ez duen irudipena daukat eta bere inguruak ere horrela pentsatzen duelakoan nago.
Bere aurka
Tourra behin besterik ez amaitu izana handicap handia izan daiteke. Txirrindulari bikaina, baina 3 asteko itzulietan behar den heldutasuna eta erregulartasuna falta izan zaio agian. Ikusteko dago gainera, aurrean kokatuz gero, nola hartuko lukeen Frantzia eta Alemaniako kazetarien presioa. Ezaguna da aspalditik hainbat kazeten begi-puntuan dagoela, Puerto afereko paperetan egon daitekeelakoan.
OSCAR PEREIRO
Aurtengo emaitzak
Oso kaskarrak Tourreko hautagai batentzat. Dauphine Libereko etapa batean 4. postua besterik ez du aipagai.
Tourrean esperientzia
Hautagaien artean, Tour bat poltsikoan duen txirrindulari bakarra da. Lastertu dituen Tour guztietan lortu du 10 lehenengoetan sartzea. Are gehiago, 2006an izan ezik, Landis-en positiboari esker garaipena lortu zuen urtean, beti amaitu du 10. postuan (2004, 2005 eta iazko denboraldietan).
Bere alde
Erregulartasuna. Ongi ezagutzen du bere gorputza eta baita Tourrean aurrean egoteko zer egin behar den ere. Emaitzak emaitza, badaki zer prestakuntza behar duen puntuan iristeko. Egutegi guztian, hobekien moldatu den lasterketa izan da Tourra. Bere lasterketa da. Sekretu gutxi ditu Tourrak Pereirorentzat. Taldeko 2. ezpata da eta bere taldekide Valverde “faboritoagoa” izateak mesede egin diezaioke. Askatasun horretaz baliatuta oso arriskutsua bihur daiteke.
Bere aurka
Lasterketako gorabeheraren bat medio ez bada, fisikoki ez dago beste hautagaien mailan. Baina gizon azkarra da lasterketa irakurtzerako orduan eta primeran aprobetxa ditzake 21 egun luzeetan gerta daitezkeen egoera desberdinak.
CARLOS SASTRE
Aurtengo emaitzak
Pereiroren pareko, nahiko kaskarrak. Emaitza onenak: 9. Murtziako itzulian eta 20. amaitu berri den Dauphine Liberén. Aurreko urteetan gehiago nabarmendu ohi da Tourraren aurretik. Garaipenak ere lortu izan ditu uztaila aurretik. Gogoratu baita ere, 2006an Bassori laguntzen egindako Giro bikaina. Arrazoiak badaude baina, emaitza hauek esplikatzeko.Aurten, Espainiako Vuelta omen du gorriz markatua, ibilbidea ere berarentzat modukoa omen da eta badirudi irailera ere indarrekin iritsi nahi duela.
Tourrean esperientzia
Ongi ezagutzen du lasterketa eta podiumaren atarian egon da azken 2 urteetan. 2007 eta 2006ko 4. postu horietaz aparte, 2004an ere 8. amaitu zuen eta 21. postuan 2005an. Vueltan ere emaitza bikainak ditu: 2. iaz eta 2005an, 4. 2006an eta 6. 2004an.
Bere alde
Erregulartasun itzela 3 asteko probetan. Tourra ongi ezagutzen du eta badaki nola gorde egunetik egunera indarrak. Ez da ahaztu behar daraman talde sendoa ere. Suitzako erorketak kalte egin ez badio Frank-i, beldurtzeko modukoa da Schleck anaiekin batera CSC taldeak osa dezaketen tridentea. Gutxi balira, Cancellara eta Voigt zezenak dituzte aldamenean gainera. Lasterketako talderik indartsuena daramate segur aski.
Bere aurka
Ez da txirrindulari irabazlea. Kontserbadorea lasterketako momentu askotan, eta besteentzat lanean eroso ibili ohi zen. Baina iaz erakutsi zuen erasoan ere badakiela. Aukera gutxi geratzen zaizkio 33 urteko espainiarrari eta zaleok eskertuko genuke Sastre erasokor bat.
CADEL EVANS
Aurtengo emaitzak
Urte hasieratik dago sasoiko, eta emaitza onekin otsailean hasita: Andaluziako itzulian etapa nagusia irabazi zuen eta 3. sailkapen orokorrean; martxoan Paris-Niza lasterketan Mount Ventoux-en atera zen garaile. Martxoan baita ere Settimana Coppi e Bartali irabazi zuen eta apirilean garaipenik lortu ez arren bigarren iritsi zen bai Fleche Walllone-n bai EHko Itzulian. Dauphine Libere-n ere 2. postuan amaitu du. Baina denboraldian zehar inoiz ere ez du %100ra zegoen inpresiorik eman.
Tourrean esperientzia
2005an 8. amaitu zuen, 2006an 5. postuan eta iaz bigarren postuan amaitu zuen Contador-en atzetik. Madrildarra irteeran ez denez, begi guztiak berari begira egongo dira haseratik. Ongi ezagutzen du lasterketa eta urtetik urtera koskatxo bat igotzea lortu du.
Bere alde
Zalantzarik gabe, hautagai nagusietan nagusiena. Irabaztera dator, eta horretarako, bere esku dagoen guztia egingo du; zentzu guztietan eta adibide gisa bere bizkartzain propioa ere eramango duela esan da. Arrazoi gutxi al dira aurten erakutsi duen sasoia eta aurreko Tourretako emaitzak bere alde apustu egiteko?
Bere aurka
Segur aski hautagai nagusia izatearen presioa. Orain arte garaipen asko lortu arren, inoiz ez du itzuli handirik irabazi eta ikusteko dago presio hori bizkar gainean eramateko gauza izango den. Taldea ere ez du egokiena 3 asteko froga baterako. Gutxitan izan dute 3 asteko itzuli batean hain hautagai sendoa eta arazoak izan ditzakete talde gisa Tourreko tropela domatzeko.
DENIS MENCHOV
Aurtengo emaitzak
Inork espero ez zuen maila eman du Giroan. Tourrerako prestakuntza izan behar zuen eta 5. postuan amaitu zuen azkenean, lehenengoetatik oso hurbil egonez une erabakigarri askotan.Lastertu dituen beste proba gehienetan ere 10. lehenengoetan sartu du bere burua, hala nola Romandia, Gaztela-Leon edo Murtzian.
Tourrean esperientzia
Gazterik hasi zen eta badaki maillot zuria irabaztea zer den. 2006an 6. amaitu zuen Pirinioetan etapa bat irabaziz. Iaz baina, ezin izan zuen lasterketa amaitu eta 2005an ere oso ezkutatuta ibili zen. Tourreko azterketan huts egin duen urte horietan, irailean erakutsi du bere maila: 2 Vuelta irabazi ditu.
Bere alde
3 astetako frogetan duen eskarmentua eta ahalmena. Gesink alboan duela bikote arriskutsua osa dezakete. Badaki 3 astetako lasterketa bat irabaztea zer den ere eta burua hotz mantentzen badaki 21 egun luzeetan.
Bere aurka
Uztaileko beroa ez omen da errusiarraren gustukoena. Agerpen on bezainbeste kaskar eskaini dizkigu Tourrean. Aurten guzti horrekin apurtu nahi du. Denboraldiko 2. itzuli luzean sasoiz hobeto egoten dela ikusirik, Giroa egin ondoren Tourrean eman nahi du bere maila altuena.