2008ko “Itzuli Handien” ibilbideak – III – . Espainiako Vuelta

2008ko Vueltako ibilbideaHemen dugu falta zitzaigun azkenengo “itzuli handiaren” aurkezpena, Espainiako Vuelta. Jadanik jakinaren gainean izango zarete proba honek ez didala beste lasterketa askok adinako irrikarik sortzen, agian korritzen den garaian korritzen delako, agian partehartzaileen mailagatik… hala ere, batez ere, bere ibilbideak proba ikusgarria izaten laguntzen ez duelako da, nire kasuan behintzat, proba hau ikusi “behar” hori ez izateko arrazoia.

Duela hilabete gutxi amaitu den Vueltak berriro ere garbi utzi zuen 3 itzuli handietatik eskasena, diferentziarekin gainea, Vuelta dela. Ibilbide negargarri hark ez zuen utzi borroka gehiegirik ikusten. Aurtengo aurkezpenaren, aurretik entzuten nituen zurrumurruen ondoren, berriro ere oso ezkor nengoen baina azkenean ez dute hain-hain ibilbide txarra aurkeztu. Egia da, hala ere, oraindik Giro eta Tourretik ikaragarri urrun dagoela.

Aurreneko astea polita jarri dute, entretenigarria sorta daiteke – Cordoba eta Toledoko etapak -. Mendiko etapa bat edo beste ere gustatu zait – Rabassan amaitzen dena gehiena – hala ere, Angliruko etapatik aurrera ez dago ibilbiderik berriro ere hautagaien artean borroka eta denbora tarteak izateko. Azken astea benetan tristea dela deritzot, Vuelta erabaki gabe baldin badago, denak Navacerradako kronoigoerara zain egotea beste aukerarik egokituko ez zaielarik. Laburbilduz, Giro eta Tourrarekin alderatuz, ibilbide zeharo kaskarra, gogortasun gutxi eta etapa ikusgarriak ikusteko aukera gutxikoa.

Harritzen nauena irakurri ahal izan ditudan prentsako artikuluak izan dira. Giroari buruz ibilbidea erraztu zutela irakurtzera iritsi nintzen – eskerrak bada – eta orain Vuelta gogortasunera itzuli dela diotenak daude. Nik ez dakit zein irizpideren araberako katalogazioak diren horiek baina errealitatetik zeharo urrun daude eta litekeena da informazio hori benetan ez egiaztatu izana. Vueltan 5 etapa mendatean amaitzeak ez dit, niri behintzat, bere gogortasuna ziurtatzen. Gainera, horietatik 3 etapa Pla de Bereten – kategoria berezia eman diote mendate honi, alajaina -, Fuentes de Inviernon eta Navacerradako kronoigoerak direla kontutan hartuta, oraindik eta gutxiago.

Azken urteetan Espainiako Vueltaren interesa behera doa nabarmen, bai Espainia mailan eta batez ere atzerrian. Ez zait iruditzen aurkeztu berri duten ibilbideak interes horrek gora egiten asko lagundu behar duenik. Badute zer hobetu ibilbideei buruz eta okerrena da badela aukerarik Espainian baina ihes egiten didaten arrazoiengatik ia beti ibilbide eskasa ikusi beharrean garela. Datorren urtean ere uste dut ez naizela izango itzuli honi jarraipen gutxi egingo dion bakarra.