Apirilaren 15ean 80 kandelari putz egingo die bizirik dagoen ziklistarik mitikoenetako batek: Poulidorrek. Ez zuen inoiz Tourra irabazi, baina batez ere bere kemenagatik eta Anquetil eta Merckx bezalako txapeldun handiekin izandako borroka estuengatik milaka zale frantziarren bihotza bereganatu zuen. 1964ko Tourra esku-eskura izan zuen. Txirrindularitzaren historiako liburu gehienetan tartea du Puy de Domeko igoera gogoangarriak. Ametsen Antzokian, sumendi itogarrian. Anquetil eta Poulidor, Poulidor eta Anquetil pega-pega eginda, bata eta bestearen sorbaldak ikutzeraino. Poulidorrek aurkaria atzean utzi zuen eta haren aurretik iritsi zen helmugara.
Anquetilek, baina, 13 segundoko abantaila zuen oraindik sailkapen nagusian. Poulidor, baina, ez zegoen amore emateko prest, eta non eta Anquetil ondoen moldatzen zen diziplinean, azken eguneko erlojuz kontrako etapan, emozioak goia jo zuen. Anquetil hobeto atera zen, baina Versalles eta Paris arteko bidean, apurka-apurka behera egin zuen. Poulidor helmugara iritsi zenean, jendez inguratuta ikusi zuen bere burua eta batek baino gehiagok esan zion Poulidorri Anquetili aurrea hartuko ziola sailkapen nagusian. Poulidorren ilusioa zapuztu zuen, ordea, maillot horiak. Nahiak errealitateari aurrea hartu zion… 2014an, Puy de Domen, non bestela, omendu zuten Poulidor, igoera ahaztezinaren 50. urteurrenaren harira. Continue reading “Zorionak, Poulidor!”


Donostiako Klasikoa ale bat baino ez zen izango Armstrongen garaipen zakuan, Tourreko zazpi garaipenak kendu izan ez balizkiote. Maillot horiak doping kontuengatik kenduta, baina, beharbada Texaskoak estimu berezia izango dio gurean lortutako garaipenari. 20 urte beteko dira aurten Armstrongek Bulebar zaharrean irabazi zuenetik.
Kinielak egiten ibiliko zarete zuetako asko eta ziurrenik ibilbideari bistadizoa bota diozue jakiteko zenbat etapa lau dauden, zenbat erlojupeko, mendiko etapa nagusiak zeintzuk diren… Eta ziurrenik ez dizue atentzioa eman Pra Loup izeneko maldan bukatuko denak uztailaren 22an, Alpeetako lehen etapak alegia. Ez da igoera bereziki ezaguna, ezta gogorra ere: sei kilometro pasatxo luze da eta batez besteko malda %6,5 da. Hala ere, tokia du Tourraren historian, Tourmaletek eta Alpe d´Huezek bezala.