Pra Loup, Tourraren ukitu vintage-a

praloupKinielak egiten ibiliko zarete zuetako asko eta ziurrenik ibilbideari bistadizoa bota diozue jakiteko zenbat etapa lau dauden, zenbat erlojupeko, mendiko etapa nagusiak zeintzuk diren… Eta ziurrenik ez dizue atentzioa eman Pra Loup izeneko maldan bukatuko denak uztailaren 22an, Alpeetako lehen etapak alegia. Ez da igoera bereziki ezaguna, ezta gogorra ere: sei kilometro pasatxo luze da eta batez besteko malda %6,5 da. Hala ere, tokia du Tourraren historian, Tourmaletek eta Alpe d´Huezek bezala.

Izan ere, duela 40 urte, 1975ean, Pra Loupeko aldapan inork gutxik espero zuena gertatu zen. Merckx lasterketaren buruan iritsi zen mendatearen magalera, Gimondi italiarra eta Thevenet frantziarraren aurretik. Seigarren Tourra irabaztera zihoan kanibala, zuzen-zuzen, baina halako batean pott egin zuen, hustu egin zen. Atzetik zetozenek aurre hartu zioten eta egun hartan Merckx handia mendean hartu zuten. Miguel Induraini Les Arcsen 1996an nola, hala gertatu zitzaion Merckxi Pra Loupen. Thevenetek etapa garaipena lortu zuen, baita Tourra irabazi ere. Merckxen aurkari zitalena zen Ocañak erdietsi ez zuena lortu zuen ziklista frantziarrak: handienetan handiena belaunikoz jartzea. Bost urte geroago, 1980an, Tourra itzuli zen Pra Loupera eta Deschoenmaeckerrrek irabazi zuen; hura izan zen bere kirol ibilbideko garaipen bakarrenetakoa. Azken hamarkadetan itzaletan izan da Pra Loup, harik eta Dauphinek duela pare bat aste berreskuratu zuen; Bardet nagusitu zen.

2015eko Tourrean ere bigarren mailako etapatzat har liteke Pra Loupekoa, nahiz eta aurretik, duela 40 urte bezala, Allos mendate gogorra igoko duten. Dena dela, ezin ahaztu hirugarren asteko zama izango dutela txirrindulariek eta ezustekoak aldapa txikietan ere gertatzen direla.

 

argazkia: inrng.com