Luis Pedro Santamarina hil zen egunean, bigarren iritsi zen helmugara, eta lehenengoak kendu zizkion titular guztiak, normalean gertatu ohi den moduan. Lehenengoa Roger Walkowiak izan zen, aurreko batean hemen aipagai izan genuena. Gertatzen dena da, oraingo honetan, helmuga heriotza zela, denok berdintzen gaituen lurralde hori; eta, beraz, zorretan geunden Santamarinarekin, merezi duelako nor izan zen gogoratzea eta bere urterik emankorrena errepasatzea.
Joan den otsailaren 6an hil zen, Portugaleten, hantxe bizi baitzen, gallartarra izan arren. 74 urte zituen, eta, bere eskelak gogorarazten zuen moduan, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen lehen euskal herritarra zen. 1970ean gertatu zen hori.

Bizikleta gainean makurtuta, bizkarra biribilduta doazen ziklistak gustatu izan zaizkit gehien betidanik. Ez derrigor karrera gehien irabazten dituztenak, baizik eta ikusteko gozagarriak direnak, nolabait esan, bizikleta gaineko gentleman-ak, edo gurpil gaineko Ryan Goslingak.
Asteartean hil zen Roger Walkowiak, 1956ko Tourra irabazitako eta horretaz damututako gizona, gutxigatik 90 urte betetzera iritsi gabe. Eta agertu da egunkarietan, eta nabarmendu da zeinen gaizki pasatu zuen ondoren, soilik handiei erreserbatutako Grande Bouclea irabazteko atrebentzia izateagatik, eta aipatu da, nola ez, ihesaldi bati esker lortu zuela Tour hura poltsikoratzea. Ba, azken puntu horretan ere, ez da egongo txirrindularitzaren historian Walkowiak bezain gaizki tratatu den pertsonarik, zeren ez zuen Tour hura ihesaldi bati esker irabazi (“bidoi-ihesaldia”, frantziarra are barregarriago utzi nahi dutenek esaten duten bezala), baizik eta bi ihesaldiri esker, eta lortutako aldeari kemenez eusteari esker. 
Ullrichek Frantziako Tourra irabazi zuen. Zabelek sei aldiz etxeratu zuen Tourreko maillot berdea. Biak ala biak alemaniarrak dira. Altig ere alemaniarra zen. Ez zen Ullrich edo Zabelen mailara iritsi Frantzian, baina erraldoi alemaniarrak itzal luzea izan zuen, dudarik gabe, batez ere 60ko hamarkadan. Joan den larunbatean, ekainak 10, hil zen 79 urterekin.