Cowboyarentzat txapela

Lance Armstrong, Motorola taldeko maillotarekinDonostiako Klasikoa ale bat baino ez zen izango Armstrongen garaipen zakuan, Tourreko zazpi garaipenak kendu izan ez balizkiote. Maillot horiak doping kontuengatik kenduta, baina, beharbada Texaskoak estimu berezia izango dio gurean lortutako garaipenari. 20 urte beteko dira aurten Armstrongek Bulebar zaharrean irabazi zuenetik.

1992an Donostian egin zuen debuta profesionaletan eta azkena helmugaratu zen Bulebarrean, Alcala mexikarak irabazitako klasikoan. Hiru urte geroago, arantza kendu zuen Motorola taldeko maillot urdin-gorriarekin lortutako garaipenari esker. Jaizkibelen gora hanka egin zuen taldetxo batek: bertan ziren Armstrong bera, Museeuw, Sciandri, Della Santa, Bugno eta Jalabert. Zaldi irabazleak horiek guztiak. Sciandrik zorte txarra izan zuen jaitsieran, ordea, gurpila zulatu zuelako.

Taldetxo horretan hainbat ihesaldi saiakera izan ziren helmugara bitartean. Hala, Oreretatik Armstrong eta Jalabert buruan igaro ziren, baina beste iheskideek Mirakruz inguruan atzeman zituzten. Azken metroetara Armstrong eta Della Santa iritsi ziren beste guztien aurretik. Bulebarreko sprintean estatu batuarra italiarrari gailendu zitzaion. Casartelli taldekidea Tourrrean hil eta aste gutxira eskuratu zuen Armstrongek Donostiako garaipena. Ohiturari jarraiki, garaikurra bakarrik ez, txapela ere etxeratu zuen. Minbizia etorriko zen gero. Gauzak zer diren, ondorengo urteko klasikoa, 1996koa, izan zen bere azken lasterketetako bat gaixotasuna azaleratu baino lehen. Minbizia gaindituta, urte loriatsuak iritsi ziren. Tourra irabazi ostean urteren batean Klasikoan parte hartu zuen, baina ez zen irabazteko lehian sartu.

Dopinarekin lotutako ikerketek hondoratu zuten gero Armstrong -hainbat auzibide irekita daude oraindik orain-. Iruzurrak iruzur, ezin ukatu berezkoa zuen indarra eta abilezia egun bakarreko probak irabazteko -ez ahaztu ordurako Tourreko bi etapa eta Munduko txapelketa irabaziak zituela- eta hori erakutsi zigun Euskal Herriko zaleei 1995eko abuztuko larunbat lainotu batean.