Urte askoan, Vigorelli!

vigorelliMilanera joaten bazarete oporretan, leku asko bisitatzeko aukera izango duzue noski. Izan ere, Milan Italiako hiririk nagusienetako bat da. Dena dela, ziurrenik ez dizue inork gomendatuko ziklismoarekin lotutako tenplura bisita. Bai, Milanen badago txirrindularitzarekin lotura ezin estuagoa duen txokoa. Via Aronako estali gabeko Vigorelli belodromoa. Urrian kandelak putz egingo ditu 80. aldiz Vigorelli zaharrak. Zergatik du hainbeste garrantzia pista horrek?

Bada, besteak beste, Fausto Coppik Orduaren errekorra hautsi zuelako Bigarren Mundu Gerra bete-betean zela, bonbardaketa artean. Anquetil izan zen Vigorellin bertan Coppiren marka ondu zuena 14 urte geroago. Beste txirrindulari askok ere altxa zituzten besoak egurrezko pistan, baita errepideko lasterketa ospetsuetan ere. Izan ere, bai Italiako Giroak bai Lonbardiako Giroak urtetan belodromoan izan zutelako helmuga. Roubaixekoarekin batera, ziurrenik txirrindularitzaren historian belodromorik mitikoena da Milangoa.

Urteen joanarekin,Vigorelli ahazturan erori zen. Instalazio berriagoak eraiki zituzten han eta hemen, eta belodromoan beste kirol ekitaldiak -football partidak, tartean- egin izan dituzte eta baita kontzertu jendetsuak ere. Esate baterako, The Beatlesek bertan jo zuen duela 50 urte. Ziklismo zaleek, ordea, belodromo zaharraren memoria bizirik mantentzen dute elkarte baten bidez eta auzolanean, biziberritzen saiatzen ari dira, lozorrotik ateratzen. Interneten ere oihartzuna badute. Ahaleginak ahalegin, zaila izango da pista zaharrean berriro goi mailako lasterketarik ikustea, erakundeek berritze lanei irmo heltzen ez badiete behintzat. Gainera, beste eraztun askok ez bezala, 400 metroko luzeera du 250koa izan beharrean. Pistako lehia garrantzitsuenak beste leku batzuetan egiten dira gaur egun, tartean Ingalaterrako belodromo modernoetan. Hala ere, lurrera botatzen ez duten bitartean, Vigorelliko bihotz taupadak entzungo ditugu. Eta bide batez, Coppirenak, eta Anquetilenak…