Kublerren bisita Euskal Herrira

Kubler

Tropelzaleei txirrindulari suitzarrei buruz galdetuz gero, Cancellara esango zenukete gehienok. Batzuek, ordea, ilea urdintzen hasi zaigunok, Zuelle eta Rominger ere aitatuko genituzke, akaso. Ziurrenik inork ez luke Kublerren izena mahai gainean jarriko. Urteko azken egunotako egunkarietan, jai kutsuko albisteen artean, hara non Kubler txirrindulari suitzarra hil berri dela jakin dugu. XX.mendearen erdialdean lehiatu zen Kubler, eta besteak beste Tourra 1950ean eta Munduko Txapelketa, 1951ean, irabazi zituen. Bazen nor.

Han eta hemengo kronikek gogora ekarri dute Kublerren goitizena: Le fou pédalant (txirrindulari eroa), xelebrekeria bat baino gehiago egin zuelako bizikleta gainean. Beharbada inongo kronikak ez dio erreparatu Kubler Euskal Herrian ere lehiatu zela. Izan ere, 1949ko Tourrak Euskal Herrian sartu-irtena egin zuen.

Tour hura ederki hasi zuen Kublerrek, etapa garaipena tarteko, eta Donostian bukatutako etaparen ostean sailkapen nagusiaren bigarren postuan zen, Marinelli frantziar gaztearen atzetik. Marinelli ez zen oilarretako bat, hortaz, itzal handiko txirrindularien artean Kubler zen onena Frantziako Itzulia gurera iritsi zenean, Coppi, Bartali, Bobet eta beste batzuen aurretik. Uztailaren 9ko gauean, Donostiako hotel batean, maillot horiarekin egingo zuen amets,agian. 1947an jantzi zuen liderraren maillota aurreneko aldiz, lehen etapan -Bigarren Mundu Gerrak eragindako etenaldia eta gero, Kublerrek izan zuen maillot jaune aurrenekoz janzteko parada-, baina gazteegia zen artean sailkapen nagusiarekin amets egiteko. 1949ko hura ere, zoritxarrez, ez zen ondo bukatu suitzarrarentzat, eta azkenean, podiumeko loria Coppi, Bartali eta Martinellirentzat izan zen, hurrenez hurren. Ondorengo urtean bai, Kublerrek goia jo zuen Tourrean eta mailot horia etxeratu zuen. Errepidean bakarrik ez, ziklokrosean zein pistan ere iaioa zen 97 urterekin itzali den ziklista.