Luis Pedro Santamarina hil zen egunean, bigarren iritsi zen helmugara, eta lehenengoak kendu zizkion titular guztiak, normalean gertatu ohi den moduan. Lehenengoa Roger Walkowiak izan zen, aurreko batean hemen aipagai izan genuena. Gertatzen dena da, oraingo honetan, helmuga heriotza zela, denok berdintzen gaituen lurralde hori; eta, beraz, zorretan geunden Santamarinarekin, merezi duelako nor izan zen gogoratzea eta bere urterik emankorrena errepasatzea.

Joan den otsailaren 6an hil zen, Portugaleten, hantxe bizi baitzen, gallartarra izan arren. 74 urte zituen, eta, bere eskelak gogorarazten zuen moduan, Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen lehen euskal herritarra zen. 1970ean gertatu zen hori.

Werner taldean (argazkia: Harrie Lemeer)

Euskal Herriko Itzuliak 34 urte zeramatzan antolatu gabe. Azken irabazlea, 1935ean, Gino Bartali izan zen. Gero gerra etorri zen, ondoren gerraostea, eta, 1969ra arte, ez zen Itzulirik izan (bai, ordea, Eibarko Bizikleta, 1952an sortu zena, eta, funtsean, Euskal Herriko Itzuliaren berpizkundearen zutabe nagusia izan zena; baina hori beste egunen baterako utziko dugu). 1969an, beraz, Euskal Herriko Itzulia bueltatu zen, eta Anquetil izan zen garaile. Normandiarraren azken garaipen handia, bide batez esanda, urte hartan bertan erretiratu baitzen.

Urte hartako sailkapen nagusiari erreparatuta, 23. postuan aurkituko dugu Santamarina, artean Fagor taldeko txirrindularia zela. Bide batez, 1969 eta Fagor aipatu ditugunez: nork ez du ezagutzen Ocañaren argazki mitiko hori, zeinetan Fagor talde osoa Cuencakoari laguntzen agertzen den Tourrean. Bada, txirrindularitzaren historiako irudi ikoniko horretan, Ocañari tiraka ari denetako bat, Perurenarekin batera, Gabikarekin batera… Luis Pedro Santamarina da. Ordurako, Gallartakoa bazen nor tropelean, zeren 1968an bi garaipen handi lortu zituen: Vueltako etapa bat (Donostian amaitu zena, zehazki) eta Giroko mendiko etapa bat, bietan meritu handiko ihesaldiak eginez. Eta ez hori bakarrik: 1967an, Espainiako Txapelketa irabazi zuen ia 100 kilometroko erlojupekoan, baina orduko hartan ere beste albiste batek estali zuen Gallartakoaren balentria: lasterketa hartan, bere taldekide Valentín Uriona muxikar-mungiarra hil zen, 27 urte bete gabe zituela. Podiumeko argazkietan, Santamarinak ez du inolako pozik agertzen, lore-sorta eskuan izan arren eta koskarik gorenean egon arren.

1968ko Giroko garaipena (argazkia: Piet Kessels)

Eta heldu zen 1970. urtea, funtsezkoa izango zena Santamarinaren ibilbidean. Ordurako beste talde batean zegoen: Werner telebista-aparatuen markak sortutako taldean, alegia.

Urte hartako Zornotzako Udabarri Sarian, igandez, Santamarina erretiratu egin zen, eta, horren ondorioz, sekulako liskarra izan zuen Wernerreko zuzendariarekin, eta gutxigatik ez ziren hasi elkarri zaplaztekoka. Santamarinak, haserre, etxera alde egin zuen, jakin arren Euskal Herriko Itzulia handik hiru egunera hasiko zela, eta jakin arren Werner taldea Deban zegoela kontzentratuta, eta ez Gallartako bere etxean. Hurrengo bi egunetan, astelehenez eta asteartez, indaba-platerkada itzelak jan zituen, amorratuta. Baina, hara non, asteartean bertan, Manzaneque zuzendaria etxera joan zitzaion, Itzulian parte hartu behar zuela konbentzitzera. Eta konbentzitu zuen, bai. Zorionez.

Itzuliko lehenengo etapa Eibarren hasi zen, eta Elgetan gora jo zuten berehala. Hainbeste indabarekin, Santamarina loditu egin zen aurreko bi egunetan, eta, aldapan gora arnasestuka zihoala, artaziak eskatu behar izan zizkion taldeko masajistari, culottea mozteko, ez baitzen kabitu ere egiten. Polito sufritu zuen egun hartan, baina, hala ere, seigarren sartu zen Mungiako helmugan.

Bigarren etapan, Gasteizen, berriz ere postu ona: bosgarren. Hirugarren etapako lehen sektorean, Logroñon, hamargarren. Eta bigarren sektorean, 47 kilometroko Lizarra-Iruñea erlojupekoan, hirugarren postuan helmugaratu eta liderraren maillota jantzi zuen, 1:04ko aldearekin Kas taldeko Andres Gandariasekiko.

Baina benetako borroka azken bi egunetan etorriko zen: Donostian amaitutako etapan, Gandariasen Kas taldea blokean hasi zen erasoan, eta Santamarina taldekide bakarrarekin geratu zen: “Ni tiraka nindoan eta atzetik bagoi horiak neramatzan. Loiolako kuartelen inguruan, Gandariasi alde egiten utzi nion. Horrela, besteek ez zidaten erasorik joko. Ehun metrora izan nuen beti. Etapa belodromoan amaitzen zen, eta Gandariasengandik 15 segundora sartu nintzen”. Oraindik 49 segundoko aldea zeukan, beraz.

Eta azken etapan, Arrate bi aldiz igo behar izan zuten: aldapa gora, Kaseko bik jo zioten eraso, López Carrilek eta Aurelio Gonzálezek. Eta aldapa behera, Kaseko beste batek: Txomin Perurenak. Baina “aldapa behera ez ninduen inork atzean uzten”. Eta horrela, erasoei eutsiz eta eutsiz, Meatzaldeko 27 urteko mutil hark Euskal Herriko Itzulia irabazi zuen.

Handik 9 egunera, Espainiako Vueltako bosgarren etapan, Santamarinak eraso gogorra jo zuen Calpeko helmugara iritsi baino metro batzuk lehenago, eta garaipen ikusgarria lortu zuen esprinterrik onenen aurrean, hiru asteko lasterketa batean lortuko zuen azkena. Vuelta amaituta, beste garaipen bat erlojuaren kontra Aragoiko Itzulian, eta Aragoiko sailkapen nagusia ere bai.

Bi urte geroago eman zion amaiera bere kirol-ibilbideari, eta, egia esan, nahiko ahaztuta egon da, bere garaiko beste zenbaitekin gertatu den bezala. Kasualitatez, aurtengo Itzulia Iruñean hasiko da, gallartarra lider jarri zen toki berean. Kontuan izanda Santamarina aurten hil dela, bera izan zela Itzulia irabazi zuen lehen euskal herritarra, eta lasterketak urte mordoa eman duela Iruñea zapaldu gabe… tira, iruditzen zait astro guztiak lerroan jarri direla eta ez dagoela aitzakiarik: detaile polita izango litzateke gure lasterketarik handienean berarekin oroitzea, modu batean edo bestean.