Batzuetan otzana, besteetan zitala

Anquetil eta Altig elkarri begira. Ezkerrean, Simpson eta eskuinean, MerckxUllrichek Frantziako Tourra irabazi zuen. Zabelek sei aldiz etxeratu zuen Tourreko maillot berdea. Biak ala biak alemaniarrak dira. Altig ere alemaniarra zen. Ez zen Ullrich edo Zabelen mailara iritsi Frantzian, baina erraldoi alemaniarrak itzal luzea izan zuen, dudarik gabe, batez ere 60ko hamarkadan. Joan den larunbatean, ekainak 10, hil zen 79 urterekin.

Altigen garaipen entzutetsuena, ziurrenik, Euskal Herrian izan zen. 1962ko Espainiako Vuelta irabazi zuen eta azken etapa erabakigarrian, Donostiako Atotxako futbol zelaian jarritako belodromoan bukatu zen erlojupekoan bere taldeburua zena menderatu zuen. Eta taldeburua ez zen nolanahikoa: Anquetil abiatu zen Bartzelonatik Vuelta irabazteko asmoz. Altigek, baina, liderraren maillota jantzi zuen ustekabean. Eguna joan eguna etorri, Altigek eutsi zion. Baiona eta Donostia arteko erlojupekoa, baina, gehiegi izango zen berarentzat, adituen ustez behintzat. Maitre Jacquesek gauzak bere lekuan jarriko zituen,ziur. Ez zen halakorik gertatu, ordea. Altigek lehen postua mantendu zuen. Anquetilek biharamunean etxerako bidea hartu zuen. Iturri ofizialen arabera, Normandiako txapelduna gaixo zegoen. Mingain gaiztoen arabera, aldiz, amorrazioak jota utzi zuen lasterketa.

Altig eta Anquetil sokatiran aritu ziren bolada batean, baina alemaniarrak bere taldeburuaren ondoan jarraitu zuen eta Anquetilen garaipen handienetako batzuetan bere makulua izan zen. Bestalde, 1965an, Munduko Txapelketa irabaztekotan izan zen Lasarten, baina Simpson ingelesak aurrea hatu zion. Gurean, beraz, izan genuen Altigen mailaren berri. Hori bai, urtebete geroago ortzadar maillota etxeratu zuen. Tourrean eta Giroan launa etapa irabazi zituen eta pistan, garaipen zerrenda amaigabea da…

Taldekideak bakarrik ez. Altig eta Anquetil lagunminak izan ziren erretiroa hartu ostean. Anquetilek festa amaigabeak antolatu ohi zituen Normandiako bere chateau-n, eta Altig gonbidatuetako bat izaten zen.