Multzoen azterketa (II). Euskaldunak

Oraindik ez dago ziur zein izango diren aurtengo Euskal Herriko Itzulian parte hartuko dutenak baina behin-behineko dortsalak aztertuta euskaldun dezente izango dira 160 ziklistaz osatuko den tropelean. Iaz 20ren bat txirrindulari izan genituen eta aurtengoan bat edo beste gehiago izango direla dirudi lasterketa hasteko bi egun falta direnean.

Egoi Martinez eta Iban Mayoz ihesiOhikoa den bezala, txirrindulari euskaldun gehien izango dituen taldea Euskaltel-Euskadi izango da. Samuel asturiarraz gain, gainontzekoak euskaldunak izango dira. Pena euskaldun guztiak Samuelentzat lanean aritu beharrean izatea. Hala eta guztiz ere Egoi Martinez kontutan hartu beharko genuken txirrindularia dela deritzot sasoiko baitago. Iaz urte sasoi honetan ederki ikusi genuen mendiko sariaren jabe eta guzti egin zelarik. Aurrealdean ikusi dugun beste txirrindulari laranja Ruben Perez izango da eta lan txukuna egin dezakeelakoan naiz. Zalantza asko Igor Antonekin ditut. Asko bere aldeko apostua egin duzue, baina lasterketan parte hartuko ez duenaren zurrumurruak iritsi zaizkit. Egia den ala ez bi egun barru jakingo dugu, baina garbi dagoena da zurrumurruak badaude sasoian ez dagoelako izan daitekeela.

Aipatzekoa Contentpolis-Ampo talde murtziarrak ekarriko duen taldea. Izan ere erdia baino gehiago euskalduna izango da kontrakoa pentsa badezakegu ere. Oker ez banaiz 5 txirrindulari euskaldun izango dira bertan eta hauetatik norbait nabarmentzekotan Mikel Gaztañaga izango dela uste dut. Gizon azkarra izaki, sprinten baten edo besten aurrealdean izan daiteke.

David Lopez garaileEuskal txirrindulari kopuruaren araberako ordenari jarraiki, Matxinen taldea aipatzea dagokit. Fuji-Servetto 3 txirrindulari euskaldunek Coborentzat egin beharko dute lan 2007ko garaipena errepikatu nahiko baitu kantabriarrak, beraz, Beñat Intxausti, Arkaitz Duran eta Iker Camañori morroitza lanak egitea egokituko zaie.

Antzeko zerbait gertatzen da Caisse D’Epargnen. Faborito nagusia Luis Leon Sanchez izaki, itzalean geratzen dira Imanol Erviti eta David Lopez. Baina Mitxinen taldean ez bezala, David Lopez askeago utziko dutelakoan naiz eta aukerarik ikusten badu aurrealdean izango dela uste dut.

Eroriko edo ezustekoren bat gertatzen ez bada, Juanma Garate apustu segurua izango da. Garatek Rabobank taldearen laguntza izango duela uste dut eta horrek lasterketan aurrealdean izaten lagunduko dio. Ez da itzulia irabazteko lehian arituko, baina etapa garaipenen bat lortzeko moduan ikusten dut.

Garate garaileAipatzeko geratzen zaizkidan hirurak talde ezberdinetan banatuak daude eta zalantzarik gabe beraien taldeburuentzat aritu beharko dute lanean. Haimar Zubeldiak Contador idolatratuarentzat bota beharko du izerdia Astana taldean, Jose Luis Arrietak Efimkin Ag2Reko taldeburuarentzat eta Bingen Fernandezek Moncoutierentzat Cofidisen. Aipatu Bingenek iaz erorikoa izan eta lasterketa amaitzerik ezin zuela izan.

Gogoan dugu nola iaz David Herrero itzuliaren garaipenaren lehian izan zen. Zoritxarrez azken aurreko Orioko amaieran izandako erorikoak lasterketatik at utzi zuen eta ez zuen azken erlojupekoa jokatzerik izan. Pena galanta euskal jarraitzaileontzat. Aurtengoan zail izango da euskaldunen bat lasterketa lehiatzen aritzeko moduan ikustea, baina norbaitengan apustu egitekotan aurrez aipatutako Egoi Martinezengan egingo nuke.

Armstrongen erorikoa

Ez, ez. Garrantzizkoa ez da gaur Joaquin Sobrinok Gaztela-Leongo lehen etapa irabazi izana, Armstrongen erorikoa baizik. Sprinter ezezagun batek ez du juxtuko aipamena baino gehiago merezi Armstrong notizia bada. Seguraski eroriko ez bazen ere ea Contadorren aurretik ala atzetik helmugaratuko zen izango zen notizia.

Aurtengoan Gaztela-Leongo lasterketak inoiz baino oihartzun handiagoa jaso du Armstrong zetorrelako, alde batetik, eta bestetik Contador taldekidearekin batera lehiatuko zuen lehen lasterketa zelako. ETBko adiskideak ere gustora ziren sortutako ikusminarekin, baina gaurkoan ikusmin hori Armstrongekin batera pikutara joan da.

Bat baino gehiago 2003ko Tourrean Joseba Belokik izan zuen erorikoaz gogoratuko zen. Ni behintzat bai. Orduko hartan Armstrongen bidezidorra hartu zuen (batzuen ustetan arauz kanpokoa) eta eroriko akidin zuen. Egun hartako abileziak Tourraren garaipena suposatu zion eta euskaldunon esperantzak bertan geratu ziren.

Gaurkoan, berriz, pattal xamar ibili dela dirudi. Beharbada orduan zituen erreflexuak ez ditu 37 urteko estatubatuarrak. Beharbada lasterketari ekiteko behar besteko motibaziorik ez zuen eta gehiegi erlaxatu da. Kontua da lepauztaia hautsita duela esan berri dutela. Johan Bruyneelen (Astana taldeko zuzendaria) arabera, eskubiko lepauztaiean haustura garbi bat izan du eta Armstrongek errekuperazioa azkarra izan dezakeenaren ustea duela adierazi du. Komeni zaio, bai, estatubatuarrari lehen bailehen hobetzea Giroan korritu (korritu diot lehiatuko ez duenaren uste osoa baitut) eta milioi bat euro jaso nahi baditu bere fundaziorako.

Mekabendixx!!

Hori pentsau zian Hausslerrek Cavendishek gurpil erdia baino gutxiagogatik garaipena eskuetatik kendu zionean: “Mekabendixx!!”. Fotofinixak erabaki behar izan zuen hain sprint estua.

Garbi dagoena da atzokoan bi sprinter hauek bereiztu zirela gainontzeko sprinterrengandik. Hausslerri Cavendishek bakarrik jarraitu ahal izan zion azken metroetan. Gainontzeko sprinterrek tropel nagusian jokatu zuten sprinta eta bertan Hushovd norbegiarra gailendu zen, Alan Davis eta Petacchiren aurretik.

Txirrindulari laranja bat ere aurrealdean izan zen une guztian. Koldo Fernandez de Larrea zelakoan nengoen eta pena eman zidan sprintean aurrerago sartu ez zelako, baina ez, Aitor Galdos ermuarrarekin nahastu nuen. Meritu handiko 7. postua eskuratu zuen euskaldunak. Bere taldekide Iñigo Landaluzek zorte txarragoa izan zuen eta Cipressa gaina jeisten ari zirela erori egin zen. Ezkerreko sorbaldan luxazio bat jasan zuen eta, beraz, udaberriko klasikak lehiatu gabe geratuko da algortarra.

Dakizuen bezala hurrengo klasika garrantzitsua bi aste barru jokatuko da Belgikan. Bertara joan nahi baduzue oraindik garaiz zarete Tropela Elkarteak antolatu duen bidaian apuntatzeko. Seguru ikaragarria izango dela!!

ETB tropeletik 35 minututara

eitb_paris_nizaAsko pozten nau ETBk, eta batez ere ETB1ek, txirrindularitzako lasterketa ezberdinak gure etxeetara ekartzea. Hori da Paris-Niza lasterketa ezagunaren kasua. Gustura ikusten nituen lasterketa hauek, baina atzo konturatu nintzen ez direla “zuzeneko” irudiak. Hori da hori ezustekoa!!

Teknologia berriek gauzak asko aldatu dituzte. Hori da internetaren kasua. Eta horretaz ASOk asko dakiela esan behar. Tourraren webgunea (www.letour.fr) lasterketa antolatzaileetan erreferente da, zalantzarik gabe. Webgune honek lasterketaren nondik norakoak ematen dizkigu zuzen zuzenean. Telebistaren gabezietako bat erlojupekoetan dakusagu, atzoko kasuan bezala. Telebistaz lasterketa jarraitzen ari nintzen, baina ez nekien txirrindularien sailkapena nola zioan eta interneta erabiltzea pentsatu nuen informazio gehigarri hori eskuratzeko asmotan. Aipatutako webgunera sartutakoan, tarteko erreferentziak falta zirela ikusi nuen. Artean Contador, Evans eta beste zenbait helmugara iristekoak ziren. Ez nuen ulertzen. Orduan webgunean begira berrien txokoan “Contador wins” irakurri nuen. Telebistara begiratu eta oraindik Contador helmugaratzekoa zen. Orduan jabetu nintzen gertatzen ari zenaz. Continue reading “ETB tropeletik 35 minututara”

Afizionatuetako kafea

BaquéIaz 30 urte bete eta gero, aurtengoan 32. urteari ekin nahi dio afizionatutako Cafes Baque txirrindulari taldeak. Gaur aurkeztu dute 15 txirrindulariz osatu duten aurtengo taldea Durangoko egoitzan. Txirrindulari hauetatik 6 elite mailakoak eta gainontzekoak 23 urtez azpikoak. Elitekoen artean Igor Romero mutrikuarra aurkitzen da. Aurreko bi urteetan Orbea-Oreka taldean izan bazen, orain afizionatuetan korritzea egokitu zaio. Seguru aurrealdean ikusiko dugula! Continue reading “Afizionatuetako kafea”