Armstrongen erorikoa

Ez, ez. Garrantzizkoa ez da gaur Joaquin Sobrinok Gaztela-Leongo lehen etapa irabazi izana, Armstrongen erorikoa baizik. Sprinter ezezagun batek ez du juxtuko aipamena baino gehiago merezi Armstrong notizia bada. Seguraski eroriko ez bazen ere ea Contadorren aurretik ala atzetik helmugaratuko zen izango zen notizia.

Aurtengoan Gaztela-Leongo lasterketak inoiz baino oihartzun handiagoa jaso du Armstrong zetorrelako, alde batetik, eta bestetik Contador taldekidearekin batera lehiatuko zuen lehen lasterketa zelako. ETBko adiskideak ere gustora ziren sortutako ikusminarekin, baina gaurkoan ikusmin hori Armstrongekin batera pikutara joan da.

Bat baino gehiago 2003ko Tourrean Joseba Belokik izan zuen erorikoaz gogoratuko zen. Ni behintzat bai. Orduko hartan Armstrongen bidezidorra hartu zuen (batzuen ustetan arauz kanpokoa) eta eroriko akidin zuen. Egun hartako abileziak Tourraren garaipena suposatu zion eta euskaldunon esperantzak bertan geratu ziren.

Gaurkoan, berriz, pattal xamar ibili dela dirudi. Beharbada orduan zituen erreflexuak ez ditu 37 urteko estatubatuarrak. Beharbada lasterketari ekiteko behar besteko motibaziorik ez zuen eta gehiegi erlaxatu da. Kontua da lepauztaia hautsita duela esan berri dutela. Johan Bruyneelen (Astana taldeko zuzendaria) arabera, eskubiko lepauztaiean haustura garbi bat izan du eta Armstrongek errekuperazioa azkarra izan dezakeenaren ustea duela adierazi du. Komeni zaio, bai, estatubatuarrari lehen bailehen hobetzea Giroan korritu (korritu diot lehiatuko ez duenaren uste osoa baitut) eta milioi bat euro jaso nahi baditu bere fundaziorako.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.