Aiako malda beldurgarriak

egoi_kohl_orio_5etapa.jpgOriotik ihes eginda pasa baziren ere, Egoi Martinezek eta Kohlek gainean zuten tropela. Pena izan zen, baina garbi zegoen faboritoek denbora ateratzeko baliatu nahi zutela Aiako igoera gogor hura.

Jendez gainezka zen Aiako igoera. Bi metro t’erdiko bide zabalera metro eskasean bihurtu zen zegoen jende andanak estututa. Txirrindulariak hanka lurrean jartzera behartuak izan ziren, motoren bat edo beste kea dariola ibili zen,… eta guzti horri euria eta hotza gehitu behar. Ikaragarria benetan Aiak txirrindulariengan eragin zuen sufrikarioa!!

Hala ere maldan behera zenbaitek galdutako denbora errekuperatzea lortu zuten, Cunego irabazleak kasu. Baina esan bezala, euria gogor hasi zen azken kilometrora sartzerako eta maldan behera zetozen zenbait txirrindularik eroriko izan zuten. Aipagarriena David Herrororena, etapa garaipenaren lehian ari zela erori baitzen. Bera negarrez ikusi genuen helmugaratzen eta ez dakit ba gaur erlojupekoa jokatzeko moduan izango den. Esan bezala irabazle Cunego eta atzetik Contador. Lehen euskaldunak Mikel Astarloza eta Igor Anton izan ziren.

Gaur amaituko da Euskal Herriko Itzulia. Erlojupeko interesgarria izango da zalantzarik gabe arratsaldeko 15:00tik aurrera. Contador Evans eta Herreroren beldur da. Nik Dekker eta Astarloza era kontuak hartuko nituzke. Ikusiko dugu.

Lehiaketari dagokionez bero-bero doa. Gaurko erlojupekoak sailkapenetan eragin handia izango du kontutan izanda bukaeran banatzen diren puntu kantitatea oso kontutan hartzekoak direla. Onenak irabaz dezala!

[gogoratu Italiako Giroa maiatzaren 10ean hasten dela]

Argazkia: Tropela Elkartea

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.