2010eko Euskal Herriko Itzulia aurkeztu da

2010eko Euskal Herriko Itzulia

Gaur aurkeztu dute ofizialki 2010eko Euskal Herriko Itzulia. Euskal Telebistan, aurkezpenaren ondoren, Fermin Aramendik Jaime Ugarte lasterketaren presidentea zuzenean elkarrizketatu du ETB2an.

Egunotan Contador izango ez denaren eta ibilbidearen inguruan eztabaida sortu da gure webgunean. Ugarteri egindako elkarrizketan justu gai horiek aipatu dira eta beraien postura argi azaldu du. Bere esanetan Contador ez izatea errespetagarria da eta onartzen du bere helburu nagusia Tourra izaki egutegia horren arabera moldatu izana. Horrek txirrindulari gehiagori aukerak irekitzen dizkiela aitortu, baina Contador ez izateak ez duela lasterketaren maila jaisten. Tropela.net-en aipatutako zenbait izen propio aipatu ditu horren adierazgarri gisa:  Samuel Sanchez,  Valverde, Cunego, Schleck anaiak, Freire (Milan-San Remo berriki irabazita),… eta Cobo. Cobo aipatzearen arrazoia behin Itzulia irabazi zuela izan da. Presidenteak, ordea, akats txiki bat izan du izan ere berak 2006an irabazi zuela esan baitu. Ez zen 2006an izan, ordea, 2007an baizik.

Lapsusak lapsus, erlojupekoak lasterketan duen gehiegizko pisuaz galdetu dio Aramendik. Ugartek aitortu du prologo bat jartzea eskatu izan dietela, baina hori ez egitearen arrazoitzat azken eguna iritsi arte lehiaketa ez erabakita izatea eguneroko lehia sustatzen duela esan du. Gainera horrek azken eguna iritsi arte, lasterketaren azken helmugatik pasa arte irabazlea zein izango den ez dela jakingo esan du eta horrek interesgarriagoa egiten omen du lasterketa.

Azkenik nork irabaztea nahiko lukeen galdetu zaionean, Ugartek “etxeko” batek irabaztea nahiko lukeela aitortu du.

Urrezko ezteiak betetzen ditu Euskal Herriko Itzuliak aurtengoan eta hori dela eta, Linares txirrindulari ohia, lau aldiz lasterketa irabazi duen txirrindulari bakarra omenduko da.

Garbi dago antolatzaileek beraien iritzia garbi adierazi dutela eta askoren iritziarekin talka egiten duela. Ados izan ala ez, hori norberaren eskuetan geratzen da.

ETB tropeletik 35 minututara

eitb_paris_nizaAsko pozten nau ETBk, eta batez ere ETB1ek, txirrindularitzako lasterketa ezberdinak gure etxeetara ekartzea. Hori da Paris-Niza lasterketa ezagunaren kasua. Gustura ikusten nituen lasterketa hauek, baina atzo konturatu nintzen ez direla “zuzeneko” irudiak. Hori da hori ezustekoa!!

Teknologia berriek gauzak asko aldatu dituzte. Hori da internetaren kasua. Eta horretaz ASOk asko dakiela esan behar. Tourraren webgunea (www.letour.fr) lasterketa antolatzaileetan erreferente da, zalantzarik gabe. Webgune honek lasterketaren nondik norakoak ematen dizkigu zuzen zuzenean. Telebistaren gabezietako bat erlojupekoetan dakusagu, atzoko kasuan bezala. Telebistaz lasterketa jarraitzen ari nintzen, baina ez nekien txirrindularien sailkapena nola zioan eta interneta erabiltzea pentsatu nuen informazio gehigarri hori eskuratzeko asmotan. Aipatutako webgunera sartutakoan, tarteko erreferentziak falta zirela ikusi nuen. Artean Contador, Evans eta beste zenbait helmugara iristekoak ziren. Ez nuen ulertzen. Orduan webgunean begira berrien txokoan “Contador wins” irakurri nuen. Telebistara begiratu eta oraindik Contador helmugaratzekoa zen. Orduan jabetu nintzen gertatzen ari zenaz. Continue reading “ETB tropeletik 35 minututara”