ETB tropeletik 35 minututara

eitb_paris_nizaAsko pozten nau ETBk, eta batez ere ETB1ek, txirrindularitzako lasterketa ezberdinak gure etxeetara ekartzea. Hori da Paris-Niza lasterketa ezagunaren kasua. Gustura ikusten nituen lasterketa hauek, baina atzo konturatu nintzen ez direla “zuzeneko” irudiak. Hori da hori ezustekoa!!

Teknologia berriek gauzak asko aldatu dituzte. Hori da internetaren kasua. Eta horretaz ASOk asko dakiela esan behar. Tourraren webgunea (www.letour.fr) lasterketa antolatzaileetan erreferente da, zalantzarik gabe. Webgune honek lasterketaren nondik norakoak ematen dizkigu zuzen zuzenean. Telebistaren gabezietako bat erlojupekoetan dakusagu, atzoko kasuan bezala. Telebistaz lasterketa jarraitzen ari nintzen, baina ez nekien txirrindularien sailkapena nola zioan eta interneta erabiltzea pentsatu nuen informazio gehigarri hori eskuratzeko asmotan. Aipatutako webgunera sartutakoan, tarteko erreferentziak falta zirela ikusi nuen. Artean Contador, Evans eta beste zenbait helmugara iristekoak ziren. Ez nuen ulertzen. Orduan webgunean begira berrien txokoan “Contador wins” irakurri nuen. Telebistara begiratu eta oraindik Contador helmugaratzekoa zen. Orduan jabetu nintzen gertatzen ari zenaz.

Gaurkoan bi komunikabideetaz baliatzea erabaki dut: telebista eta interneta. Halaxe egin dut. Emaitza ondorengo hau izan da: 16:41etarako banekien Hausslerrek irabazi duela eta Contadorrek erorikoa izan duela. 16:50etan webgune ofizialean Contador-ek maillotarekin jarraitzen zuela adierazten zuen. Hori jakinda, telebistara begiratu dut. Oraindik 16 kilometro falta ziren helmugaratzeko. Aitor Osa eta Fermin Aramendi hor ari ziren sprinter faboritoen zerrendan begira zein gailenduko zen apostuak egiten. Nik, ordea, dagoeneko banekien Haussler “izango zela” garaile eta Contador-ek erorikoa izango zuela. Hori nuen telebista ikusten jarraitzeko arrazoia, Contador-en erorikoa.

Telebistan zuzenean ari ez direla aurretik jakinda, etapa ez da berdina. Zenbaiteri ez zaio axolako, baina niri bai. Interneten informazioa zuzenean daukazula jakinda ni ez naiz gai horri begiratu gabe egoteko. Tirrenoko lasterketaren kasuan, atzerapenekin emititzen badute (ez dakit ETBko eskainko duen ala ez), beharbada eragina ez da hainbesterakoa izango La Gazzettaren webgunearen eguneratzea oso kaxkarra baita (begiratu duzue webgunea, ezta?).

Lehen esan bezala, txalotzen dut ETBk lasterketak ikusteko ematen digun aukera, baina ez al da posible horrenbesteko atzerapenik gabe eskaintzea? Diru kontua izango delakoan nago, beraz, hala bada behintzat, hobe horrela ezer gabe baino.

OHARRA: EITBko webgunean “Kirolak” atalera euskaraz sartzen saiatzen bazarete “No se encuentra la página” mezuarekin aurkituko zarete. Hori bai, gaztelerazkoa ederki dabil. No comment.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.