2010eko Critérium Internacionalean zer gertatu da?

Fedrigo 2010eko Critérium Internacionalean garaileGaur bukatu berri da Critérium Internacionala. Garaipena, eta merezimendu osoz, Fedrigok lortu du eta lehen euskalduna Beñat Intxausti izan da 10. postuan amaitu duelarik.

Armstrong-Contador lehia

2010eko denboraldian lehiaketa honetan ikusi dute elkar bi txirrindulari hauek elkar. Medioetan ikusmin handia sortua zuen honek, baina espero bezala, ezerezean geratu da. Zergatik? Bi arrazoi nagusi aipatuko nituzke. Alde batetik Armstrong lasterketaren lehiatik kanpo izango zela argi erakutsi zuelako, taldeko lidergoa Machado eta Hornerren gainean utziz. Beste aldetik, atzokoan, eta ezusteko handia emanez, Contador ezinean ikusi genuen Col de l’Ospedale igotzerakoan. Bere twitterrean esan zuenez “alergiaren agerpenak” eragin zion ezina. Bi hauen arteko lehiarik, beraz, ez izan dugu ikusi.

Faboritoak

Faborito nagusien artean Contador bera, Evans eta Samuel Sanchez jotzen nituen. Esan bezala, Contadorrek, irabazteko asmoa erakutsi zuen aurreko egunetan eta baita atzoko etapetan zehar ere. Etapetan zehar diot, izan ere tarteko helmugetako esprintetan sartzen aritu baitzen Pintokoa gain sariak jaso asmoz. Bi eguneko lasterketa izaki, gain sariak erabakigarriak izan daitezke, beraz, Pintokoaren intentzioak garbiak ziren. Baina Astana talde osoak lan bikain egin arren (Navarro eta Vinokourov bikain aritu zirelakoan naiz), Col de l’Ospedalen gora ezinak jota ibili zen Contador.

Evans eta Samuel Sanchez, berriz, ondo ibili diren arren, Fedrigo eta Machado hobeto aritu ziren mendian gora eta segundoak urratu zituzten. Fedrigo lasai ez eta gaur goizeko esprintean gain sarien bila aritu da ikusita Evans bezalako espezialista batek erlojuaren aurka tartea jateko gai izango zela.

Erlojupekoak, ordea, ezin zuen askotarako eman 7,7 kmtakoa baitzen. Contadorrek atzoko arantza kendu eta lasterketa irabazi nahi zuen, baina ezin Millar ikaragarri baten aurrean eta bigarren egin du. Evans espero baino okerrago aritu da eta Samuel Sanchez ere antzera. Fedrigok, zuen errentari esker, lasterketa bereganatzeko gauza izan da.

Azkenean Evans eta Samuel Sanchez podiumetik kanpo geratu dira eta ezustekoa Rogersek eman die. Australiarra bigarren sailkatu da eta hirugarrena Machado.

Hasieran esan bezala, euskaldunetan Beñat Intxausti aipatu beharrean nago, gaurko erlojuaren kontra lan bikainari esker (5. denborarik onena hain zuzen ere), sailkapen nagusian 10. postuan amaitu du Contadorren denbora 29 segundotan hobetu duelarik.

2010eko Euskal Herriko Itzulia aurkeztu da

2010eko Euskal Herriko Itzulia

Gaur aurkeztu dute ofizialki 2010eko Euskal Herriko Itzulia. Euskal Telebistan, aurkezpenaren ondoren, Fermin Aramendik Jaime Ugarte lasterketaren presidentea zuzenean elkarrizketatu du ETB2an.

Egunotan Contador izango ez denaren eta ibilbidearen inguruan eztabaida sortu da gure webgunean. Ugarteri egindako elkarrizketan justu gai horiek aipatu dira eta beraien postura argi azaldu du. Bere esanetan Contador ez izatea errespetagarria da eta onartzen du bere helburu nagusia Tourra izaki egutegia horren arabera moldatu izana. Horrek txirrindulari gehiagori aukerak irekitzen dizkiela aitortu, baina Contador ez izateak ez duela lasterketaren maila jaisten. Tropela.net-en aipatutako zenbait izen propio aipatu ditu horren adierazgarri gisa:  Samuel Sanchez,  Valverde, Cunego, Schleck anaiak, Freire (Milan-San Remo berriki irabazita),… eta Cobo. Cobo aipatzearen arrazoia behin Itzulia irabazi zuela izan da. Presidenteak, ordea, akats txiki bat izan du izan ere berak 2006an irabazi zuela esan baitu. Ez zen 2006an izan, ordea, 2007an baizik.

Lapsusak lapsus, erlojupekoak lasterketan duen gehiegizko pisuaz galdetu dio Aramendik. Ugartek aitortu du prologo bat jartzea eskatu izan dietela, baina hori ez egitearen arrazoitzat azken eguna iritsi arte lehiaketa ez erabakita izatea eguneroko lehia sustatzen duela esan du. Gainera horrek azken eguna iritsi arte, lasterketaren azken helmugatik pasa arte irabazlea zein izango den ez dela jakingo esan du eta horrek interesgarriagoa egiten omen du lasterketa.

Azkenik nork irabaztea nahiko lukeen galdetu zaionean, Ugartek “etxeko” batek irabaztea nahiko lukeela aitortu du.

Urrezko ezteiak betetzen ditu Euskal Herriko Itzuliak aurtengoan eta hori dela eta, Linares txirrindulari ohia, lau aldiz lasterketa irabazi duen txirrindulari bakarra omenduko da.

Garbi dago antolatzaileek beraien iritzia garbi adierazi dutela eta askoren iritziarekin talka egiten duela. Ados izan ala ez, hori norberaren eskuetan geratzen da.

2010eko Euskal Herriko Itzuliari begira

Samuel SanchezAurtengo EH Itzulian faltan izango denaren inguruan Gure Adituak jakinaren gainean jarri gintuen. Egia da Contadorrek izan duen egutegi aldaketak ez diola mesede askorik egiten lasterketari. Egia da UCIko lasterketa izanik ez duela larritzeko motiborik oraingoz, baina ez da denbora asko pasa Euskal Bizikleta desagertu zela. Gogoratzea baino ez nuen nahi.

Interes gehien dutenen artean Euskaltel-Euskadi taldea izango da. Galdeanok etxeko lasterketak eta Tourra jarri zituen helburu bezala eta Contador izango ez dela kontutan izanda, Samuel Sanchezekin ahalegin berezia egingo dutelakoan naiz.

Ez dakit Caisse D’Epargnetik zein izango diren lasterketan, baina Paris-Nizako podiumeko bikotea, Luis Leon Sanchez eta Valverde izango direla dirudi. Irabazteko lehian izango dira. Cobo ere ez ahaztu Caisse D’Epargnen dela eta 2007an lasterketa bereganatu zuela ezustean.

Blog honetan Liquigaseko talde buruez ere aritu zarete. Kreuziger izango da taldeburu nagusia zalantzarik gabe, baina Nibali ere sasoiko dago Milano-San Remon ikusi genuen bezala. Biak ere lasterketaren garaipenaren lehian arituko diren txirrindulariak iruditzen zaizkit.

Ez nuke zerrenda gehiegi luzatzerik nahi, baina aipatutakoez gain Evans, Schleck anaiak eta Cunego gehituko nituzke. Izen gehiago bere baditut buruan bueltaka, baina oraindik dortsalen zerrenda izan gabe hauekin geratuko nintzateke.

Paris-Niza 2010 lan erditan?

Contador lider berria Paris-NizanNire iritzian, gaur hasi da Paris-Niza irabazteko lehia. Ez nuen oso garbi gizonik indartsuenak zeintzuk izango ziren Contador salbu. Gaurkoan Contadorrek lasterketa irabazi nahi duela argi utzi du eta orain arte genituen zalantza batzuk argitzen doaz.

Igandeko erlojupekoan Boomek ezustekoa emanda irabazi zuen eta lidergoa lortu. Berak ere hala aitortu zuen. Voigtek era lasterketaren lehian aritzeko zantzuak eman zituen egun hartan, eta garaipenaren lehia horretan, atzoko etapan lidergoa eskuratzea lortu zuen Boomen kaltetan.

Asteleheneko etapa Hendersonek irabazi zuen mozketa baten ondoren esprintean. Sky taldeko txirrindulariak esprinter onenen artean izateko gai dela erakutsi digu.

Asteartean beste esprint bat jokatu zen. Oraingoan tropelean jokatu zen, baina faboritoen artean Greipel, Bozic edo Haussler bagenituen, Bonnet frantziarra izan zen ezustekoa eman zuena. Continue reading “Paris-Niza 2010 lan erditan?”

2010eko Paris-Niza lasterketari begirada bat

2010eko Paris-NizaAurtengoa 68. edizioa izango du lasterketa Frantziarrak eta lehena izango da Tropela.net webgunean lehiatzeko moduan  izango dena. Lasterketa hau 8 etapaz osatuta dago eta Tourrera joateko gonbidapena behar dutenek (BMC, Cervélo, Katusha, Vacansoleil,…) erakusleiho hau ezinbestean aprobetxatu beharra dute.

Bihar jokatuko da lehen etapa, 8 kilometrotako erlojuaren kontrako saioa. Ez da erabat laua, beraz, Contador eta Kreuziger bezalako txirrindularientzat egokia izan daiteke gainontzeko faboritoak ahaztu gabe.

Astelehenean jokatu den etapan 201,5 km burutu beharko dituzte. Etapa hau esprinterrentzat egokia da, beraz, ezustekorik ezean, esprinterren arteko lehen lehia ikusiko genuke.

Astearteko etapak ere 201 km inguru ditu, baina oraingo honetan etapa amaiera aldera 3. mailako bi mendate sartu dituzte eta honek, beharbada, iheslariak mugitzera anima ditzake. Hala ere, faboritoen taldeek ezingo diete denbora tarte handiegirik ateratzen utzi lasterketaren lehian jarraitu nahi badute. Continue reading “2010eko Paris-Niza lasterketari begirada bat”