2010eko Euskal Herriko Itzuliari begira

Samuel SanchezAurtengo EH Itzulian faltan izango denaren inguruan Gure Adituak jakinaren gainean jarri gintuen. Egia da Contadorrek izan duen egutegi aldaketak ez diola mesede askorik egiten lasterketari. Egia da UCIko lasterketa izanik ez duela larritzeko motiborik oraingoz, baina ez da denbora asko pasa Euskal Bizikleta desagertu zela. Gogoratzea baino ez nuen nahi.

Interes gehien dutenen artean Euskaltel-Euskadi taldea izango da. Galdeanok etxeko lasterketak eta Tourra jarri zituen helburu bezala eta Contador izango ez dela kontutan izanda, Samuel Sanchezekin ahalegin berezia egingo dutelakoan naiz.

Ez dakit Caisse D’Epargnetik zein izango diren lasterketan, baina Paris-Nizako podiumeko bikotea, Luis Leon Sanchez eta Valverde izango direla dirudi. Irabazteko lehian izango dira. Cobo ere ez ahaztu Caisse D’Epargnen dela eta 2007an lasterketa bereganatu zuela ezustean.

Blog honetan Liquigaseko talde buruez ere aritu zarete. Kreuziger izango da taldeburu nagusia zalantzarik gabe, baina Nibali ere sasoiko dago Milano-San Remon ikusi genuen bezala. Biak ere lasterketaren garaipenaren lehian arituko diren txirrindulariak iruditzen zaizkit.

Ez nuke zerrenda gehiegi luzatzerik nahi, baina aipatutakoez gain Evans, Schleck anaiak eta Cunego gehituko nituzke. Izen gehiago bere baditut buruan bueltaka, baina oraindik dortsalen zerrenda izan gabe hauekin geratuko nintzateke.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.