Contador helburuak aldatuz

contadorBukatu berri da aurten Alberto Contadorrek korritu duen bigarren lasterketa. Bietan nagusi izan dugu Pintoko txirrindularia, Algarven aurrena, Paris-Nizan ondoren.

Astebeteko eta itzuli haundietako txirrindularirik onena dugu inongo zalantzarik gabe. Jendeari gehiago edo gutxiago gustatuko zaio baina hori momentu honetan behintzat ukaezina dela dirudi.

Urte hasieran egin zuen egutegiaren arabera, Kataluniako Volta eta Euskal Herriko Itzualik zituen hurrengoak baina egun hauetan aditzera eman duenez, bi proba horiei uko egin eta Kriterium internazionala eta Gaztela Leongo itzulian ikusteko aukera izango dugu, horien ondoren Fleche Wallone eta Liege-Bastogne-Liegen izango delarik.

Oso gustura hartu dut berri hau. Ez Voltari edo Itzuliari inongo kalterik opa dietelako (izan ere, horixe da, kaltea, suposatuko diena bi proba hauei bere faltak), baina bai helburuak lortu ahala, urteetan zehar helburu horiek aldatzen joaten diren txirrindulariak gustatzen zaizkidalako. Garbi dago, orain momentuan duen Tourrak duen indarrarekin, proba hori beti izango duela bere helburuen artean, baina oso normala iruditzen zait, lehendik bi aldiz irabazia duen Euskal Herriko Itzuliari uko egitea. Modu honetan gainera, ikusleontzat ere itzuli erakargarriako bat gerta daiteke, askoz irekiago izango baita.

Badakit Contadorren aukeraketa hau errutzat jo eta klasikoetan ezer egingo ez duela pentsatuko duen jendea egongo dela. Ez nago ni hain ziur horretaz. Fleche Wallonen, azken urteetan korritu den bezala korrituta behintzat, aukerak ikusten dizkiot, eta Liege-Bastogne-Liegen, aukerak izan nahi baldin baditu lasterketa asko gogortu beharko bada ere, bere aukeratxoak izan daitezke.

Gustatzen zait egin duen aukeraketa hau, eta zuei?