Portzentaiak bai ala portzentaiak ez?

Txirrindulari aukeraketaren portzentaiakDakizuen bezala Tropela.net-en lehiaketak egiten hasi ginetik gutxira erabiltzaileek aukeratutako txirrindularien portzentaiak erakusten ditugu kiniela egiteko denbora tartean. Badakigu informazio hau erakusgarri izateak aldeko eta kontrako iritziak sortzen dituela eta hori eztabaidagai jarri nahiko genuke post honen bidez.

Azken astehetan ugaritu egin dira informazio hori kentzeko eskatu diguzuen erabiltzaile kopurua. Egia da txirrindularitza gehiegi jarraitzen ez duenarentzat erreferentzia garrantzitsua izan daitekeela informazio hori. Baina bestalde, kiniela egiteko orduan gehiengoak zein aukeratu duen jakinda arriskatzeko aukera ere eskaintzen du informazio honek.  Segur aski bakoitzak arrazoi ezberdinak izango ditu portzentaia hauek jartzearen ala kentzearen alde izateko.

2010eko Italiako Giroari dagokionez mantendu egingo ditugu portzentaia horiek guztien eskuragarri. Aurrera begira eztabaida honen arabera lehiaketaren batean edo besten informazioa ezkutatzeko aukera ez dugu baztertzen. Zuen iritziak jasotzeko irrikitan gara!

Eta gaur Beñat Intxausti!!

Beñat Intxaustik Asturiaseko Itzuliko 3. etapan garaipenaAspaldian talde laranja garaipen gutxirekin zebilen, baina aste honetan bi euskaldun bi etapa garaipen lotzeko gai izan dira. Azkena gaurkoan Beñat Intxaustik lortutako etapa garaipena Asturiasko Itzulian jokatu den erlojupekoan. Eta gainera lidergoa bereganatu du. Aipatzekoa Jonathan Castroviejoren lana gaurkoan, bigarren denborarik onena egiteko gauza izan baita.

Beñat Euskal Herriko Itzulian podiumean sartzeko gauza izan zen Orion jokatu zen erlojupeko bikain bat egin ostean. Garbi dago Beñat sasoiko dagoela eta erlojupekoetan ez dela gaizki moldatzen. Gaur arratsaldean 3. etaparen 2. sektorea jokatu da. 14 km inguruko ibilbidea zuten eta zailtasun bakarra Piedras Blancaseko igoera. Igora hori izan da diferentziak sortu dituena helmugan.

Egia da lasterketa honetan ez daudela lehen mailako txirrindularirik Vicioso edo Mosqueraz gain, baina Euskaltel-Euskadi txukun ari dela esan beharko genuke. Urtasunek lortu zuen lehen etapan garaipena eta lidergoa; gaurkoan 3. etapa jokatu da eta atzo galdu zuten urrezko maillota Beñat Intxaustik berreskuratu du etapa garaipenarekin batera.

Asteburuan mendiko etapak jokatuko dira eta igandean emango zaio amaiera lasterketari. Segur aski Vicioso eta Mosquerak gogor ekingo diote lasterketa irabazteko, baina Beñat Intxausti defendatzeko gai izan daiteke nahiz eta 4 segundoko denbora tartea eskas xamarra duen. Aspaldian ikusi ez genuen Euskaltel-Euskadi bat ari gara ikusten Asturiasko Itzulian aurtengoan zalantzarik gabe.

Argazkia: www.lavueltaasturias.com

Pablo Urtasunek garaipena Asturiasen

Pablo UrtasunEuskaldunek lortzen duten bigarren garaipena izan da (lehena Igor Antonek eskuratu zuen Gaztela eta Leoneko Itzulian). Ez da naparrak lortzen duen lehen garaipena Asturiaseko proban; orain bi urte ere lehen etapa irabazteko gauza izan zen, orduan Liberty taldean aritzen zela.

Taldeari eskertu nahi izan dio garaipena guztien lanari esker lortutako garaipena izan dela garbi utzi nahirik. Garaipena, berriz, bere emazte eta etorkizuneko semeari eskaini nahi izan dio.

Etapa garaipenaz gain lasterketaren lider maillota eskuratu du. Horrek poza areagotu dio baina kosziente dira galtzeko arriskua dutela.

Ikusi beharko dugu ia nola joaten diren hurrengo egunak. Lasterketako faborito nagusia Vicioso da eta gertu gertutik zaindu beharko dute lasterketa honetan etapa garaipena baino zerbait gehiago lortu nahi badute behintzat.

Euskaltel-Euskadi mendiko maillota galtzear?

Amets Txurruka Aiako maldak igotzen erorikoa izan eta geroAtzoko etapan ikaragarrizko erakustaldia emanda Joaquim “Purito” Rodriguez-ek etapa garaipena eskuratu zuen. Aiako maldak hasterako erasoaldia jo eta aurrean zuen Kolobnev-en laguntzarekin, tropelari eta gainontzeko faboritoei behar besteko errenta atera zien atzokoan etapa garaipena lortzeko.

Beharbada, bestela gerta zitekeen Amets Txurrukak erorikoa izan ez bazuen. Aiako %28ko malda igo aurretiko jaitsieran aurreko gurpilak irrist egin zion eta lurrera jauzi zen. Lepauztaia minduta zuela kexatu zen, baina hala eta guztiz ere etapa amaitzeko gauza izan zen. Ikaragarria Ametsek eman zuen erakustaldia atzokoan ere, aste honetan hirugarren aldiz sartu baita ihesaldi batean eta mendiko maillota ziurtatzeaz gain, etapa garaipenaren lehian sartzeko moduan izan zen. Pena ikaragarria genuen Aiako maldetan geunden zaleok, goitik ikusi baikenuen nola Amets aurretik zen ihes eginda errenta politarekin.

Dakizuen bezala Amets Poliklinikara eman zuten. Ez dugu jakin ahal izan azkenean lepauztaia hautsia edo zartatua duen eta oraindik duda da gaur erlojuaren aurkako saioan parte hartuko duen ala ez. Nahikoa luke etapa amaitzea mendiko maillota irabazteko orain bi urte Egoi Martinezek egin zuen bezala. Hala ere, badakigu zauri larriak baditu ez zaiola horrelako esfortzurik egitea komeniko. Duda izango da, beraz, Etxebarriako igotzailea gaurkoan azken unea iritsi arte orain bi urte David Herrerorekin gertatu zen bezala. Gure animorik beroenak Amets Txurrukari, gaur irteten ez bada ere, ikaragarrizko itzulia egin baitu eta hori inork ez baitio kenduko.

Valverde Vs Horner

Faboritoen artean atzo Gesinkek huts egin zuela entzun dugu. Egia da, huts egin zuen, baina arrazoia ez zen izan indarrik gabe geratu izana. Aian geundenok ederki ikusi genuen nola Gesinkek gorputzaren eskuin aldean zauri eta odol arrastoak zituen. Garbi zegoen erori egin zela eta horrek lasterketaren lehiatik kanpo utzi du holandarra.

Gesink kanporatuta, Euskal Herriko Itzulia Valverde eta Hornerren artean erabakiko dela dirudi. Bi hauen artean segundo bakarreko tartea dago murtziarraren alde. Gainontzekoak 34 segundotik gorako atzerapenak dituzte, beraz, ezustekorik ezean, hauetakoren bat izango da gaur Euskal Herriko Itzuliaren garailea. Eta norbaiten alde egitekotan, faborito Valverde hartzen badute ere, nik Horner gailenduko delakoan naiz.

Argazkia: www.cyclingnews.com

Euskaltel-Euskadi itxura ona eman nahian

2010eko EH Itzuliko 3. etapaZalantzarik gabe astelehenean Samuel Sanchezen errendimendu baxuak talde laranjaren plan guztiak hankaz gora jarri zituen. Gauza jakina da dagoeneko. Baina badirudi asturiarra sailkapen nagusitik kanpo geratu izanaren itxura txarra hobetzeko edozer egiteko prest direla Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak, niri behintzat inpresio hori ematen dit.

Atzokoan Amets Txurruka Rogers eta Benitezekin sartu zen ihesaldian ezinezkoa izango zen etapa garaipenaren lehian. Gaurkoan bi txirrindulari sartu dituzte ia-ia garaipenaren lehian izan den ihesaldian, Alan Perez eta Egoi Martinez. Ihesaldian iritsiko baziren ere, ez zait iruditzen Albasini eta gainontzekoen artean etapa lehiatzeko moduan izango zirenik.

Garbi dago Euskaltel-Euskadiren estrategia: sailkapen nagusia galdu dugu (Beñat Intxausti podiumean sartzeko gai ez denaren ustea dutela dirudi) eta etapa garaipen bat behar dugu bai ala bai. Hori gertatzen da taldearen itxura pertsona bakar baten eskuetan utzi eta gauzak nahi bezala joaten ez direnean. Datozen etapak ikusita, ordea, talde laranjarentzat etapa garaipena oso garesti dagoela deritzot.

Gaurko etapari dagokionez, Alan Perez eta Egoi Martinezen lan bikainaz gain, Iban Mayozena ere txalotu nahiko nuke.