Gonbidapen garestiak Frantziako Tourrean

Argazkia: letour

Pasa den astean jakin ziren 2019ko Frantziako Tourrerako azken gonbidapen edo wild card-ak. Ez zen sorpresarik izan. Direct Energie eta Arkea-Samsic Frantziako taldeak izan dira aukeratuak. Espero zena, Arkea-Samsic taldearen lekuan Vital Concept ikustea ere posible ikusten genuen arren askok. Ez alferrik, UCI rankingean hobeto kokatua dago Vital Concept (25) Arkea-Samsic baino (28). Baina erabakigarria izan da, dudarik gabe, azken talde honetako bi izarren distira: André Greipel eta Warren Barguil, biak ere protagonista izanak aurreko ediziotan.

Aurretik jakinaraziak zituen ASOk beste bi gonbidapenak. Cofidis eta Wanty taldeenak, UCI rankingean hobetoen kokaturiko bi profesional kontinental taldeak. Gogoratu behar dugu 2020. urtetik aurrera indarrean izango den arautegiaren arabera, aurreko urteko maila horretako 2 talde onenek 3 handietan lehiatzeko aukera izango dutela, eta honenbestez, 2 gonbidapen bakarrik izango dituztela ASO, RCS edo Unipublic-ek beren eskura, nahi bezala banatzeko.

Honenbestez, hainbat taldek Frantziako Tourrean izateko erakutsitako asmoek (tartean Euskadi-Murias taldeak) gero eta urrutiago egon litekeen ametsa dirudite. Datuek diote Frantzian orain bezala 5 talde profesional kontinental dauden bitartean, Tourrean izateko bide bakarra UCIren urteko rankingean lehen bi talde profesional kontinentalen artean geratzea dela. Ez da erraza, baina ez da beste biderik. Hau ez da harreman publikoen kontu bat. Inoiz baino gehiago, matematika kontua da hau.

Hitz egin dezagun bada zenbakiez hurbileko adibide zehatz batzuen laguntzaz. Uneotan Euskadi-Murias 42. postuan dago UCIko taldeen rankingean eta Euskadi Fundazioa 99. postuan, Higuitaren garaipenari esker top100an sartuz. Bigarrenak, inolaz ere ezingo luke gonbidapena jaso dagoen mailagatik, baina norbaitek pentsatzen du ASOk gonbidapen bat luzatuko liokeela top40an ere ez dagoen talde bati? Arkea-Samsic eta Direct Energie ez dira profesional kontinental talde onenak, baina uneotan rankingeko 28. eta 20. postuan daude (hots, pro kontinentalen 10. eta 3. talde onenak). Aipagarria baita, nola Direct Energie (eta aurretik Wanty eta Cofidis), oso pattal dabilen Katusha World Tour taldearen aurretik daudela rankingean. 17 lehenengo postuak, logikoa denez, World Tour taldeei dagozkie.

Argazkia: @inrng

Are gehiago, aurtengo denboraldiaren amaieran 2 profesional kontinental onenak frantziarrak ez balira ere, eta haiek lortuko balute 2020rako Tourrerako sarbide zuzena, 5 talde frantziarrak oso ondo kokatuak daude sailkapenean, denak ere, bostak, lehen aipaturiko Euskadi-Murias edo Caja Rural (33) taldeen aurretik.

Irabaztea beti da zaila. 3 etapa garaipen itzuli batean emaitza bikaina da eta asko poztu gara Euskadi-Muriasek Alentejon lortutakoarekin, baina taldearen helburua Frantziako Tourra bada, ezer gutxirako balio dute, ez bada prestakuntza findu eta konfidantza irabazteko. Aste zoragarri batean, Enrique Sanzek 23 puntu bakarrik pilatu ditu beretzat eta bere taldearentzat Alentejon (2.2), 3 etapa irabazi eta 2 egunetan lider egotearen ondorioz. Bitartean, Wanty taldeak egun berdinetan, eta Dupont-ekin bakarrik, 210 puntu, GP Denain (1.HC) eta Bredene Koksijde Classic-en (1.HC) lorturiko postuekin. Van der Poelek bakarrik ere, 200 puntu igandean bere Corendon-Circus taldearentzat edo Roubaix – Lille Metropole kontinentalak 140 puntu GP Denain-en 2 ziklista top 10-an sartzeagatik. Hau da, dela rankingeko lehen 2 postuetan urtea amaitzeko, dela ASOren aurrean erakargarri azaltzeko (frantziarren aurretik behar lukete horretarako) puntu ehiza beste biderik ez dago.

Norbaitek esan dezake ez direla puntuak bakarrik begiratzen. Adibidez, beste taldeek ez dutela euskal zalegoa bezalakorik atzean (begira Pirinioak!!), edo Tourra laster Bilbora omen datorrenez agian orduan egongo dela euskal talde batentzat aukera (Giroak ere 2018an Israel Cycling Academy gonbidatu zuen irteera han zelako!!). Baina agian, ahazten zaie Israel Cycling Academy uneotan Italiako talde guztien aurretik dagoela UCI rankingean, eta hala ere, bai egin dituen fitxaketak, bai egutegia, UCI rankingeko puntuak pilatzera bideratu dutela. Ez dira bakarrak. Esango nuke 4 talde direla 2 postu horien lehian buru-belarri sartu direnak: Wanty, Cofidis, Direct Energie eta Israel Cycling Academy.

Eta egia esan, harrituta nago bai zaleen aldetik eta esango nuke bai talde askoren aldetik ere zer jarraipen gutxi ematen ari zaion aurten berrikuntza handi honi. 2. mailatik 1.go mailara igotzearen baliokideak diren 2 txartel daude lasterketetan jokoan eta txirrindularitza bere osotasunean erakargarriagoa eta gardenagoa egiten du honek.

ASOk ez du ikusi ere egin nahi Froome aurtengo Tourrean

Titular oker ugari irakurriko dituzue gaurtik hasi eta seguruenik hurrengo larunbatera bitartean Froomen kasuaren inguruan. Ea lerro hauek izango den titular festarako lagungarri zaizkizuen.

Hauxe esan zuen Prudhommek ostiral honetan Froome aurtengo Tourrean izatearen inguruan: “Legalki, ahal du”. Eta guztiz bat nator ASOko arduradun nagusiarekin. Froomek legalki Giroan nahiz Tirreno Adriatikoan parte zuen moduan, aurtengo Tourrean aritzeko eskubidea du, gustatu ala ez. Continue reading “ASOk ez du ikusi ere egin nahi Froome aurtengo Tourrean”

La Course. Emakumezkoak ere Eliseo Zelaietan eta Tropelan

La Course. Frantziako Tourraren eskutik97.000 sinadurek dute errua, batez ere. Baita sinadurak jaso dituen Le Tour Entier ekimenak, ekimen honi aurpegia jarri dioten Marianne Vos, Emma Pooley, Kathryn Bertine eta Chrissie Ann Wellington kirolariek zein kargua hartu berri duen Brian Cookson UCIko buruak berberak ere. Continue reading “La Course. Emakumezkoak ere Eliseo Zelaietan eta Tropelan”

Teknologia berriek ere zalaparta sortzen dute txirrindularitzan

Beste behin ere zalaparta dugu txirrindularitza munduan. Oraingoan, “pinganillo” edo irrati emisoreen inguruko eztabaida da txirrindulari, talde, antolatzaile eta UCI bera berriro ere borrokan jarri dituena.

Eztabaida ongi uler dadin, motzean azaltzen saiatuko naiz nola erabiltzen diren irrati emisoreak txirrindulari lasterketetan. Alde batetik, lasterketa guztietan “Radio Tour” (edo “Radio Vuelta” etab.) deitu ohi zaiona izaten da. Epaileek emititzen dute eta lasterketan doazen auto guztiek (taldeek, kazetariek, antolakuntza, babesleak etab.) dituzte entzungailuak. Bertatik, lasterketaren gorabeherak eman ohi dituzte epaileek: lasterketa nola doan, buruan doazen dortsalak, azken orduko abisuak, denbora erreferentziak, txirrindulariren bat laguntza eske dagoela etab. Informazio hori ez dute zuzenean jasotzen txirrindulariek. Continue reading “Teknologia berriek ere zalaparta sortzen dute txirrindularitzan”

Nor oroitzen da ProTourraz?

ProTour-etarainoMartxan da Giroa eta ukaezina da txirrinduzaleon arreta han dagoela asteotan. Bost axola ProTour zirkuitutik at dagoela. EHko Itzulia eta Romandiako Itzulia ere gozatu genituen. Australiako Tour Down Under amaitu zenetik 2 hilabete pasa ondoren, Pro Tourraren barne lehiaturiko itzuli bakarrak izan dira. Egun bateko lasterketak ere ez dira askoz gehiago izan: Flandriako Itzulia, Gante Wevelgem eta Amstel Gold Race soilik. Lasterketa garrantzitsuak dudarik gabe, baina ProTour-aren distira beharrik gabeak ere bai seguraski.

Bitartean, ASO eta UCI-ren arteko pultsoa argitzen ari zelakoan nengoen eta UCI-k malgutasun pixkat erakutsiko zuela espero nuen. Baina ez dirudi horrela denik. Aurrera darraite Txinaz, Errusiaz etabarrez hizketan. Teilatua eraikitze lanetan zimendu egokirik gabe. Hala ere, Tourraren antolatzaileak aurretik doazela dirudi beraien arteko lasterketa luze, nekagarri eta azpijokoz beterikoan, eta Espainiako Vuelta ASOk Antena3-i saldoan erosiko diola ere entzuten da. Frantsesei baina, ez omen zaie buruan sartzen nola litekeen Espainiako lasterketa nagusiak galerak izatea eta aurtengo urtea aztertu nahi omen dute erosketa aurrera eraman aurretik.

Zurrunbilo honetan, egin dezagun geldialditxo bat memoria pixkat egiteko. Hiru handirik gabe eta klasiko handi gehienak kanpoan dituen ProTour zirkuitoaren hastapenetara eta motibazioetara begira dezagun:

Verbruggen UCIko lehendakari ohi ahoberoa (gaur hau diot, bihar kontrakoa) eta Manolo Saiz AIGCP elkartearen buru bezala (orain desgrazian eroritako Theo de Rooy eta Lefevre zuzendaritza-kide zituela) izan zirela sustatzaile nagusiak gauza jakina da. Ezkutaezina da, era berean, Continue reading “Nor oroitzen da ProTourraz?”