La Course. Emakumezkoak ere Eliseo Zelaietan eta Tropelan

La Course. Frantziako Tourraren eskutik97.000 sinadurek dute errua, batez ere. Baita sinadurak jaso dituen Le Tour Entier ekimenak, ekimen honi aurpegia jarri dioten Marianne Vos, Emma Pooley, Kathryn Bertine eta Chrissie Ann Wellington kirolariek zein kargua hartu berri duen Brian Cookson UCIko buruak berberak ere.

Aktore guztion lan bateratuak azaltzen du bakarrik ASO, Frantziako Tourraren antolatzailearen erantzun trebe eta, batez ere, azkarra: 2014ko Tour-ean bertan, gehiago itxaron gabe, irekiko diote atea emakumezkoen tropelari. Momentuz egunbeteko lasterketaren bidez (La Course izena eman diote). Non eta lasterketak ikur dituen Eliseo Zelaietan, gizonezkoen 3 asteko ekitaldiari amaiera eman baino ordu batzuk lehenago.

La Course aukera aparta izango da emakumezkoentzat ohikoan ez duten estaldura eta oihartzuna jasotzeko, bide bazterretan, komunikabideetan eta, batez ere, telebista ahalguztidunean. Gizonezkoen babesean, eszenatokirik handienean, tartetxoa. Eta horrek dakarren bultzadarekin ikusezin izateari uzteko parada.

Hori izan behar du La Coursek: ikurra eta bultzada. Eta, zentzu guzti hauetan, bide urratzaile izatera deitua dagoela ulertuta, Tropelak ere lekua egingo dio La Course-ri bere egutegian. Hasieran plazaratu genuen egutegiari, beraz, lasterketa hau aintzat hartu eta lasterketa hau gehitzea beharrezkotzat jo dugu. Horrenbestez, aurten 21 lehiaketa izango ditugu Tropelan.

Giro Rosa eta La Course, beraz, emakumezkoen egutegiari dagokionez aurten Tropelan izango ditugun lehiaketa berriak: itzulietan erreferentzia Italiakoa; etorkizun berri baterako sarrera atea Frantziakoa.

Espero dugu erabakia gustuko izango duzuela.