Teknologia berriek ere zalaparta sortzen dute txirrindularitzan

Beste behin ere zalaparta dugu txirrindularitza munduan. Oraingoan, “pinganillo” edo irrati emisoreen inguruko eztabaida da txirrindulari, talde, antolatzaile eta UCI bera berriro ere borrokan jarri dituena.

Eztabaida ongi uler dadin, motzean azaltzen saiatuko naiz nola erabiltzen diren irrati emisoreak txirrindulari lasterketetan. Alde batetik, lasterketa guztietan “Radio Tour” (edo “Radio Vuelta” etab.) deitu ohi zaiona izaten da. Epaileek emititzen dute eta lasterketan doazen auto guztiek (taldeek, kazetariek, antolakuntza, babesleak etab.) dituzte entzungailuak. Bertatik, lasterketaren gorabeherak eman ohi dituzte epaileek: lasterketa nola doan, buruan doazen dortsalak, azken orduko abisuak, denbora erreferentziak, txirrindulariren bat laguntza eske dagoela etab. Informazio hori ez dute zuzenean jasotzen txirrindulariek.

Beste alde batetik, talde bakoitzak bere emisore izaten du eta txirrindulari bakoitzak entzungailu txiki bat (“pinganillo” famatua). Kasu honetan, talde bakoitzak frekuentzia desberdina erabiltzen du eta txirrindulariek, entzuteaz gain, euren zuzendariarekin hitz egin dezakete. Elkarrizketa hauek teorian pribatuak dira. Praktikan, taldeen auto guztietan egoten da eskaner edo besteen frekuentziak entzuteko gailuren bat. Aurkari zuzena nor, talde haren frekuentzia “pintxatu” ohi da zer nolako estrategia duten jakiteko. Hain dago zabaldua hau, batzuetan nahita ematen direla irratiz okerreko jarraibideak, arerioa engainatzeko asmoz. Beraz, oso garrantzitsua dena, ahal bada, soilik autotik hizketan ematen da orain ere.

Aurten planteatzen dena, World Tour deitu dioten zirkuitutik kanpo taldeen emisoreak debekatzea da (azken urteetako Pro Tour lasterketak + 3 itzuli handiak + Pro Tour-etik kanpo zeuden klasiko handiak bakarrik salbatuko ziren). Soilik antolatzaile eta autoen artean mantenduko zen “Radio Tour” deritzona. Lehen pauso bat litzateke, 2012an lasterketa guztietatik irratiak desagertzea nahi baita. Argudioa sinplea da: zuzendariek duten gehiegizko kontrolak ikuskizuna gutxitzen duela eta txirrindulariek lasterketak irakurtzeko duten berezko gaitasun edo inteligentziak balioa galtzen duela. Txirrindulariak indarrak ahitu artean robot izatera mugatzen direla.

Eztabaida irekia dago. Lasterketetan, ohiko komunikabideetan eta baita twitter bezalako sare sozialetan ere. Taldeen jarrera argi uzten du Jonathan Vaughters (@Vaughters) Garmin-Cervelo taldeko zuzendari eta AIGCP (Nazioarteko Txirrindulari Talde Profesionalen Elkarteko) presidenteak: haseran segurtasun kontuak zituen ahotan. Irratiak kenduz txirrindularien segurtasuna gutxitzen dela. Radioshack taldeko zuzendaria ere gogor mintzatu da debekuaren aurka (@JohanBruyneel) eta profesionaletara zein twitterrera iritsitako azken zuzendari euskalduna ere iritzi berekoa da (@xabierartetxe).

Baina segurtasun kontua balitz, konponbide erraza luke. Eta hori da ASOko buru Prudhommek gaur bertan proposatu duena: irratiak bai, baina txirrindularien gailu guztiak “Radio Tour” epaileen emisorera konektatuta izatea. Hau da, zuzendariek debekatua lukete irratiz txirrindulariekin hitz egitea. Txirrindulariek soilik epaileen instrukzioak jasoko lituzkete. Era honetara, txirrindulari guztien berdintasuna ere bermatuko litzateke, denek abisu berak entzungo balituzkete.

Baina hainbaten kritikei erantzunez, Jonathan Vaughters-ek atzokoan hitz hauekin onartu zuen irratien kontua ez dela beren ezinegonaren arrazoi nagusia: ordaintzen dituzten tasa guztiak kontutan hartuz, UCI barruan beraien esanak kontutan hartzea nahi dutela. Testualki honakoa zioen: “No taxation w/o representation.”

Bitartean, txirrindulari gehienak taldeen jarrerarekin bat datozela dirudi. Salbuespenak badaude, tartean Philippe Gilbert bezalako ziklista esanguratsu bat. Baina txirrindulariena, taldeen nagusien oso menpeko kolektiboa da eta zaila da beren benetako iritzia taldeen aurkakoa izatea. Ausarta eta talderik gabe ez geratzeko bezain ona izan behar du taldeei aurka egingo dien ziklistak.

Nik ez dut dudarik. Bat egiten dut Prudhomme jaunarekin, ikuskizuna indartzen baita segurtasuna bermatuz. Grazia egiten dit gainera, txirrindularien kolektiboak segurtasunaren kontua erabiltzea argudio gisa, duela urte gutxi, segurtasunaren izenean kaskoa inposatu zitzaienean, segurtasun gutxiagorekin korritzeko askatasuna aldarrikatzen baitzuten.

Grazia egiten dit, baita ere, beti huskeriaz besterik arduratu ez den AIGCP bezalako erakunde bat, askotan bazkide denak defendatu beharrean talde handienen lobby besterik izan ez dena, momentu honetan matxinatzea. Patronalaren matxinada. Non egingo eta Mallorcan, antolatzaile ahul baten etxean. Hurrengo egunean, Qatar-en, badaezpada, ez zen boikotik egon eta denak txintxo-txintxo emisore gabe. Desberdintasuna? Bigarrena Frantziako Tourra antolatzen duen enpresa berberak antolatzen duela, hots, debekua bultzatu duen ASO-k.

Eta AIGCPko buru izan zen zuzendari baten ahotan jarri izan den esaldi batez gogoratu naiz (egiari zor, baieztatu ezin izan dudana): “txirrindulariak pedalei eragiteko daudela, ez pentsatzeko”. Horretarako daudela zuzendariak. Ikuspuntu horretatik, orain txirrindularitza profesionaletik kanpo dagoen zuzendari honen twitter mezuak erraz uler daitezke: Mou edo Guardiola ezin dituela imajinatu beti harmailetatik beren taldea zuzentzen. Pista bat gehiago zuzendari ohi eta twitterlari berri honetaz: lehen errepidean bezala, orain twitterren ere oihuka (hitz nagusi ugariz) dihardu. Contadorren twitter kontua “beltz” batek kudeatzen duen bezain argi geratzen da, zuzendari-ohi bera dagoela twitter kontu honen atzean: @Manolo_Saiz .