Titular oker ugari irakurriko dituzue gaurtik hasi eta seguruenik hurrengo larunbatera bitartean Froomen kasuaren inguruan. Ea lerro hauek izango den titular festarako lagungarri zaizkizuen.

Hauxe esan zuen Prudhommek ostiral honetan Froome aurtengo Tourrean izatearen inguruan: “Legalki, ahal du”. Eta guztiz bat nator ASOko arduradun nagusiarekin. Froomek legalki Giroan nahiz Tirreno Adriatikoan parte zuen moduan, aurtengo Tourrean aritzeko eskubidea du, gustatu ala ez.

Gaur jakinarazi du Le Monde egunkariak nola ASOk, hots, Prudhommen erakundeak, eskutitz formal bidez eskatu dion SKY taldeari Froome bere zortzikoan ez izateko. Egunkari honen arabera, eskaria sustengatzeko ASOren araudiko 29 artikuluan oinarritu da: “ASOk espresuki parte hartzaileak ekitaldian ez onartzeko – edo kanporatzeko – eskubidea du, non talde edo talde horretako edonoren presentziak ASO edo bere edozein ekitaldiren irudia edo erreputazioa kaltetzeko arriskua ikusten badu” (itzulpena nirea da, beraz, akatsen bat izan daiteke). Zergatik esan zuen Prudhommek Froomek Tourrean hartzeko eskubidea duela baina era berean eskutitz hau bidali?

Garbi dago ASOk ez duela Froome aurtengo Tourrean ikusterik nahi eta horretan ari da eta arituko da azken unea iritsi arte nahiz eta legalki lasterketatik kanpo ez utzi.

Honezkero jakingo duzuen moduan, SKY taldeak helegitea jarri du Frantziako Komite Olinpikoko Arbitraje Epaitegian (CNOSF). Kasua asteartean aztertuko dute eta ebazpena asteazkenean jakitea espero da. Zein izango ote da ba ebazpena?

Nik aurreratuko dizuet zein izango den, ezin badut ere %100ean ziurtatu ez baitakizkit bi aldeetakoak zein argudiaketa darabilten, eta batez ere, abokatua ez naizelako!! – hori bakarrik falta genuen -. Edonola ere, asteazkenean CNOSFek Froomek Tourrean parte hartu behar duela ebatziko duelakoan naiz aurrekariak hala pentsatzera bainaramate.

2006raino joko dugu, Puerto Operazioraino. Ez dugu ezer asko kontatu beharrik kasu haren inguruan, asko kontatu baikenuen, baina txirrindulariekin lasterketa arduradunak nola jokatu zuten birgogoratzeak asko lagunduko digu.

Affair hartan aurtengo Tourreko hiru liderretako bat, Valverde, kirolari ugariz ostatutako zerrenda hartan zegoen. 2006ko maiatzean hasi zen ikerketa eta artean Valverde ez zen kasuarekin erlazionatu Valv.(Piti) bera zela ziurtatu zen arte. Kontua da Valverdek lehian jarraitu zuela 2010eko maiatza bitartean TASek horretarako eskubidea zuela ebatzi baitzuen ondorengo hiru baieztapenetan oinarrituta:

1- Kirol federazioek hartutako neurrien tipologian, kirolari baten aldez aurretiko kaleratzea ustezko antidopin arau-hauste bat arrazoi hartuta, kirolariaren kontrako diziplinazko zigor suposatzen du.

2- Kirol federazio batek hartutako diziplinazko zigorraren aurrean, Suitzako eskubideetan eta printzipioetan oinarritutako babes eskubideak ondorengo hauek lirateke: legalitate printzipioa, orden publiko eta moralitateari errespetua, arbitrariotasunaren debekatzea, pertsonalitatearen eskubideak, tratu berdintasun printzipioa, neurrien proportzionaltasun printzipioa, entzutea izatearen eskubidea eta “nulla poena sine culpa” printzipioa.

3- Kirolari bat lehiaketa batetatik garaiz aurretik kanporatzen duen eta behin betiko moduan susmoetan oinarritzen den, oinarri bakarra kirolariaren kontrako instrukzio bat abian jarri eta kirolariaren azalpenak entzun ez diren xedapen arautzaile batek “nulla poena sine culpa” printzipioa bortxatzen du eta tratu berdintasunaren printzipioa eta entzutea izatearen eskubidea. Gainera, kanporatua izatearen erabakiak proportzionaltasun printzipioa ere urratzen du.

Esan bezala, argudio hauek oinarri hartuta jurisprudentzia ezarri zuen TASek Valverderen kasuan. Eta orduz geroztik berdin jokatu izan da, adibidez Contador eta klenbuterolaren kasuan.

Araudia eskutan eta Froomen egungo egoeran, Tourrean izateko eskubidea izango luke. Irteeran ez izateko bide bakarra bere salbutamolaren kasuaren ebazpena larunbata baino lehenago argitaratzea izango litzateke, baina ikusita kasua nola doan asko harrituko ninduke ebazpenaren berri izateak. Ez dakit zer erabakiko duen CNOSFek aste honetan, baina zail du horrelako aurrekariekin Froome lasterketatik kanpo uztea.

Hau guztia esanda, beste kontu bat izango litzateke araudiak bestelakorik esango bazukeen. Baina orain ez da unea araudia aldatzeko, ebazteko baizik. Eta ASOri, edo UCIri, edo WADAri, edo beste inori kontu hauek guztiek txirrindularitzari kalte egiten diotela uste badute, eseri daitezela behingoz eta guztien gustuko araudia egin dezatela, edo zuzenago litzatekeena, dopin kasuen ebazpenak azkarragoak izan daitezen neurriak har ditzatela.

Ez dakit bada zerek egiten dion kalte gehiago txirrindularitzari, Froomek oraindik ebatzi gabe duen salbutamolaren kasuak ala Tourra hasteko 6 egunen faltan eztabaida hau aireratzeak. Zuek zer diozue?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.