Nor oroitzen da ProTourraz?

ProTour-etarainoMartxan da Giroa eta ukaezina da txirrinduzaleon arreta han dagoela asteotan. Bost axola ProTour zirkuitutik at dagoela. EHko Itzulia eta Romandiako Itzulia ere gozatu genituen. Australiako Tour Down Under amaitu zenetik 2 hilabete pasa ondoren, Pro Tourraren barne lehiaturiko itzuli bakarrak izan dira. Egun bateko lasterketak ere ez dira askoz gehiago izan: Flandriako Itzulia, Gante Wevelgem eta Amstel Gold Race soilik. Lasterketa garrantzitsuak dudarik gabe, baina ProTour-aren distira beharrik gabeak ere bai seguraski.

Bitartean, ASO eta UCI-ren arteko pultsoa argitzen ari zelakoan nengoen eta UCI-k malgutasun pixkat erakutsiko zuela espero nuen. Baina ez dirudi horrela denik. Aurrera darraite Txinaz, Errusiaz etabarrez hizketan. Teilatua eraikitze lanetan zimendu egokirik gabe. Hala ere, Tourraren antolatzaileak aurretik doazela dirudi beraien arteko lasterketa luze, nekagarri eta azpijokoz beterikoan, eta Espainiako Vuelta ASOk Antena3-i saldoan erosiko diola ere entzuten da. Frantsesei baina, ez omen zaie buruan sartzen nola litekeen Espainiako lasterketa nagusiak galerak izatea eta aurtengo urtea aztertu nahi omen dute erosketa aurrera eraman aurretik.

Zurrunbilo honetan, egin dezagun geldialditxo bat memoria pixkat egiteko. Hiru handirik gabe eta klasiko handi gehienak kanpoan dituen ProTour zirkuitoaren hastapenetara eta motibazioetara begira dezagun:

Verbruggen UCIko lehendakari ohi ahoberoa (gaur hau diot, bihar kontrakoa) eta Manolo Saiz AIGCP elkartearen buru bezala (orain desgrazian eroritako Theo de Rooy eta Lefevre zuzendaritza-kide zituela) izan zirela sustatzaile nagusiak gauza jakina da. Ezkutaezina da, era berean, Verbruggen-en itzaleko helburua COI (Nazioarteko Batzorde Olinpiarra) zuzentzea zela. Horretarako merituak behar eta proiektu honek behar zuen bultzadatxoa emango ziola pentsatu zuen. COI-n aurrean muturra sartzea lortu du baina dagoeneko zaila izango du gorago igotzea. Ez zen kasualitatea ere bere “morroi” McQuaid lehendakarigai aurkeztean bera lehendakariorde bezala geratzea, bestela ez baizukeen UCI-ren ordezkari bezala COI-n egoteko aukerarik izango.

Aurrekari horiekin, aztertu ditzagun ProTour-aren helburu nagusi ziren batzuk eta konpara ditzagun izandako emaitzekin:

1. Babesle sendo eta multinazionalak erakartzea:

Liberty, Discovery edo T-Mobile bezalako babesle sendoak joanak dira, eta datorren urtean CSC, Milram, Quick Step, Credit Agricole edo Gerolsteiner babesle sendo eta multinazionalak badoazela entzuten da.

Bitartean, jarraipena ziurtatuta dute Euskaltel, Française de Jeux, Lotto, Bouygues Telecom, Caisse d´Epargne eta Rabobank bezalakoek. Argi eta garbi, merkatu nagusi edo bakarra norbere herrialdea dute jarraipena ziurtatuta duten babesle gehienek.

2. Txirrindularitzaren egonkortasuna:

Azken hiru urteetako gorabeherak begiratuta, txirrindularitzak bere historian izan duen unerik desegonkorrena izan dela ez dago zalantzan jartzerik.

3. Txirrindulari onenak lasterketa onenetan:

EHko Itzulira begiratuz baiezkoa dirudi, eta zalantzarik ez dut DV pozik dagoela bere itzulira datozen txirrindulariekin. Orain jokoan den Volta-z ordea, ezin berdina esan. Ezta Poloniako Itzuliaz edo beste hainbat lasterketez ere. Beraz, aldaketak oso txikiak izan direla ondoriozta daiteke. Eta ez dut dudarik Tourrak, Paris-Roubaix-ek, Giroak, Milano-San Remok edo Pro Tourretik kanpoko dauden antzekoek datorren urtean ere txirrindulari hobeak bilduko dituztela Voltak ala Txina, Errusia edo Hegoafrikan lehiatuko diren Pro Tour lasterketek baino.

Nire ustez, beraz, porrota ukaezina da. UCI-k baina, beste diagnosi bat darabil. Edo besterik gabe, helburuak betetzen ari diren ala ez erreparatu gabe berearekin atera nahi du. Horrela bada luze jarraituko du krisiak. Eta ez nuke nahi antolatzaile pribatuen defendatzaile bezala agertu, UCI gogor kritikatuz, baina urte hauetaz erreflexio minimo bat egin behar dela uste dut.

Arrazoia dute txirrindularitzaren kudeaketa enpresa pribatu baten eskuetan (ASO kasu) erortzea oso arriskutsutzat dutenek, baina onartezina da era berean ere UCI bezalako erakunde arautzaile bat bere lanetatik harantz joateko erakusten ari den borondatea. Eta UCI, enpresa pribatua ez bada ere, ez nuke erakunde parte-hartzailearen eredutzat ere hartuko. ASOk baino izaera demokratikoagoa duela noski, baina demokratikoa izatetik oso urrun dago. Desberdintasuna da, ASOk duen izaera juridikoagatik ez duela zertan demokratikoa izan beharrik, eta UCIk hala behar luke.

Argazkia: Tropela