Scarponik Beneventon bigarrena

Scarponi. 18. etapan garaipena

Ihesaldiak gaurkoan ere bere fruitua eman du eta Scarponi txirrindulari beteranoak, ihesaldiak emandako abantailaz baliatuz, aurtengo Giroko bere bigarren etapa garaipena lortu du. Hirugarren garaipena, beraz, Diquigiovannik. Ihesaldiak gaurkoan esprinterrak aukerarik gabe utzi ditu Petacchiren kaltetan.

48 kilometro inguruan osatu da gaurko ihesaldia. 14. etapan eta 15. etapan jazo bezala, gaurkoan ere ondo antolatutako eta kide ugariz osatutako ihesaldian zegoen garaipena eskuratu duen txirrindularia. Talde mardula Popovych, Zeits, Cardenas, Voeckler, Deignan, Dean, Pate, Visconti, Grabovskyy, Gavazzi, Quinziato, Bosisio, Devenyns, Seeldraeyers, Scarponi, Bertolini, Ljungblad, Lovkvist, Siutsou, Petrov, McCartney, Bak, Vorganov eta David Lopezek osatzen zuten. Sailkapen nagusiari begira aurreratuen zegoen txirrindularia Popovych zen eta badaezpada Caisse D’Epargne lan egin du tropel nagusian denbora tarte handirik izan ez zedin. Beste talde batzuk ere izan dira tropel buru horretan Fuji-Servetto kasu, baina azkenean ahaleginak alferrikakoak izan zaizkie.

Gaurkoan garbi zegoen sailkapen nagusian aldaketa nabarmenik ez zela izango eta hala izan da. Txirrindulariek helburu etapa garaipen zuten. Aurreko tropelak zituen kide kopurua ikusita eta 3 minutuko errenta izanda, garaipena eskura zutela ikusten zen. Taldean 15 kilometroetara gerturatu arte ez da sakabanaketarik izan eta orduan Grabovskyy ukraniarra izan da lasterketa mugitzen hasi dena. Gainontzeko txirrindularietako zenbaitek jarraitu egin diote eta mugimendu askoren ondoren, zortzikotea osatu da: Zeits, Cardenas, Pate, Scarponi, McCartney, Bak, Devenyns eta Grabovskyy bera.

Beneventon Italiako Giroan ohikoak diren bukaerako zirkuitu bat egin behar izan dute, 8 kilometro inguruko itzulia. Cardenas urrutitik jotzen saiatu da zortzikotea puskatuz, baina azken kilometrorako zortzikotea batera zen. Saxo Bankeko bi txirrindulari ziren aurrealdean, baina ez dira bi izatearen abantailaz aprobetxatzeko gauza izan. Devenynsek berak jo du lehenengo, baina azkarregi. Azkenean Scarponik, Cardenas eta  Pate gailenduta, aurtengo Italiako Giroko bigarren garaipena.

Sailkapen nagusiko txirrindulari nagusiak biharko etapan kontzentratzeko baliatuko ziren gaurko etapaz, nahiz eta liderraren inguruan kontzentrazioa kentzeko moduko berriak argitaratu diren. Ez al dute nahi italiarrek Menchovek irabazterik, ala?

Cavendishen ordez Boasson Hagen

Boasson Hagen. 7. etapan garaipenaZalantzarik gabe eguneko Giroko notizia Astanak egin duen protesta ekitaldia izan da beraien babesleek soldata ordaintzen ez dielako. Horrek, ordea, ez dio gaurko etaparen lehiari garrantzirik kentzen.

Eguneko ihesaldia Huzarksi, Klimov, Isaichev eta Faccik osatu dute. Zuten errenta ez zen helmugara iristeko bestekoa; bazirudien gaurkoan tropelak lasterketa lehiatzeko gose zela eta serio kontrolatu ditu iheslariak. Cavendish eta Petacchi tropelean ziren esprinta lehiatzeko prest, batez ere Cavendish, 6 etapa lehiatu ostean garaipenik ez baitu eskuratu aurtengo Giroan. Baina ez, 30 kilometro inguru falta zirela Bertolinik lasterketaren gidoia aldatuko zuen ihesalditxoari ekin dio maldan behera helmugarako. Maisuki ekin dio jaitsierari, bakarrik hasiera batean, minutu inguruko errenta lortzeraino. Tropela, berriz, euritan, beharrezko babes neurriak hartuta jaitsiera motelagoa egin du.

Oraindik geratzen ziren kilometro kopurua ikusita, txirrindulari tropeletik ihesteari ekin diote. Lehenik Hunter eta Brutt izan dira, ondoren Vigano eta Boasson Hagen. Laukoteak bat egin eta Bertolini harrapatu dute. 50 segundoko errenta izatera ere iritsi da boskotea eta hauen artean lehiatu dute lasterketa. Grivko ere saiatu den arren, tropela eta iheslarien artean geratu da helmugan.

Cavendish, beraz, gaurko etapa lehiatzeko aukerarik gabe geratu da, baina Boasson Hagen taldekide gazteak bere ezaugarriak ondo baliatuta garaipena eman dio Columbia-High Road taldeari bigarrenez aurtengo Giroan.

Egia izan gogoa nuen Cavendish-Petacchi lehia ikusteko. Ez dut oso garbi hurrengo esprintean zein gailenduko den eta egia esan horrek jakin mina sortu dit. Dudarik gabe, ordea, pozgarria da iheslariek garaipenak eskuratzea bestela lasterketek erakargarritasun guztia galduko bailuke, Tourrean bizi izan ditugun zenbait etapatan kasu.