13. etapa: Miramas – Montpellier

Etapa benetan laua Miramas eta Montpellier lotzen dituena. Etaparen profilari begiratu ezkero esprinterrentzat aproposa dela pentsarazi diezaguke, eta logika jarraitu ezkero hala izan beharko luke, hala ere badaude 2 arrazoi esprinta ekidingo duen ihesaldi bat helmugara iritsi daitekeela esaten dizkigutenak, alde batetik tropela osatzen duten txirrindularien indarrak xahutzen hasiak daudela eta batez ere, Tom Boonen belgikarrak Tourra utzi duenez, Quick Step taldearen lanik ez dela izango tropel buruan. Honek Davitamon-Lotto taldea bakarrik utzi dezake lan horretan, Credit Agricole taldekoei helmugan zenbat eta puntu gutxiago jokoan egotea komeni baitzaie, Thor Hushovd-ek soinean duen maillot berdea Paris artean mantendu ahal izateko. Quick Step ezezik, lagungarria izan zitezkeen Ag2R eta Domina Vacanzeren laguntzarik ere ez dute jasoko, bai Jean Patrick Nazon, bai Angelo Furlan ere Tourretik joanak baitira.

Saiatu daiteke Davitamon-Lotto taldea txirrindulari gutxiz osaturiko ihesaldi bat baimentzen, 5-6 txirrindularitik gorako ihesaldia behera botatzeko lan ikaragarria suposatu baitakioke. Borroka polita ikus genezake etapa hasieran, ihesaldia sortu nahi dutenen eta Davitamon-Lotto taldearen artean. Azkar antzemango zaio ia ihesaldia helmugara iristeko moduan den edo ez, ihesaldian nor sartu diren eta batez ere zenbat sartu diren ikusi orduko.

Beraz, etapa laua eta esprinterrentzat aproposa bai, baina horretarako egin behar den lanerako talde gutxi. Zenbat txirrindulariko ihesaldia sortzen den jakitean dago gakoa.

Azkenean esprinta izan ezkero hautagai bakarra egon daiteke, Robbie McEwen australiarra, inguruan Hushovd, O”Grady eta Eisel izan ditzakelarik. Tour hasieran Tom Boonenek larri hartu zuen, nahiz eta pertsonalki australiarra azkarragoa dela kontsideratu. Orain, belgikarraren faltan bere nagusitasuna nabarmen geldituko denaren susmoa daukat.