12. etapa: Besancon – Digne Les Bains

Alpeetako etapak amaitu dira eta jadanik hautagai nagusiak Pirinioetara begira jarriak dira. Hala ere, larunbata iritsi aurretik 2 etapa izango dituzte, aurrena gaurkoa, bertan denbora galera lelorik ez izateko asmo bakarrarekin.

Etapa garaipena lortzeko aurreikuspena emateko etaparik zailenetakoa da gaurko hau. Ia segurutzat jo daiteke etaparen hasieran ihesaldiren bat sortuko dela eta ziurrenik helmugan tropelari aurre hartuta ikusiko ditugula. Atzo ez bezala, gaurkoan ez da derrigorrezkoa aldapan gora oso ondo ibiltzea, beste tankera bateko txirrindularientzat aproposagoa da gaurko hau, Gilbert, Flecha, Landaluze, Txente, Brochard, Dekker, Boogerd, Kessler, Halgand, Merckx… hau da, ibilbide gora-beheratsuetan ondo ibiltzen diren txirrindulariak. 7-8 txirrindulariz osatutako taldetxoa izango litzateke aproposena helmugara iristeko helburua lortzeko garaian, aurrean lan egiteko txirrindulari nahikoa eta elkarren artean haserretzeko gehiegi izan gabe, kopuru horretatik aurrera beti izaten baita lan gutxiago eginaz besteen lanagatik aprobetxatu nahi duenik, ihesaldiari kalte besterik egiten ez diolarik.

Esprinterren taldeek jai izango dute, tropeleko esprint nagusia lortu nahi baldin badute behintzat. Gaurko esprinterren aukerarik nagusiena ihesaldian sartzea izango litzateke, hala ere, ibilbidea ikusita, O’Grady bakarrik ikusten dut hori egiteko kapaz, McEwen, Boonen edo Hushovd-ek biharko indarrak gorde nahi izango dituztelarik.