#360 Tropela.eus podcastak: 2019ko Frantziako Tourra errepasoa – 20. etapa

Nibalik (TBM) irabazi du 2019ko Frantziako Tourreko 20. etapa

Alpeetako azken etapa eta 2019ko Frantziako Tourreko azken etapa erabakigarriaren laburpena egiten digu Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan.

59 km-ra laburtutako 20. etapa hau behintzat ospatzeko moduan izan da eta indartsuena Nibali (TBM) izan da etapa garaipena eramanez. Tourra, aldiz, Bernalek (INS) eramango du etapa garaipenik lortu ez arren. Bigarren Thomas (INS) taldekidea izango da eta hirugarren Kruijswijk (TJV) herbeheretarra Alaphilippek (DQT) helmugan 3 minutu galdu ondoren.

Bihar 21. eta azken etapa izango da Tourrean, 21:00ak aldera amaitzea espero den etapa.

#359 Tropela.eus podcastak: 2019ko Frantziako Tourra errepasoa – 19. etapa

Bernal (INS) lasterketako lider berria 2019ko Frantziako Tourreko 19. etapan

Gaurko 2019ko Frantziako Tourreko 19. etapa benetan berezia izan da. Faboritoak sailkapen nagusia iraultzeko lehian zebiltzala, helmugarako 30 kilometroren faltan eta azken igoerari ekin aurretik etapa neutralizatzea erabaki du antolakuntzak eguraldi traketsak ibilbideak guztiz erabili ezinda utzi baititu. Etapako garailerik ez gaur baina bai lider berria: Bernal (INS).

Etapa berezia izanik, podcast honetan guztiaz aritzeko Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira.

#358 Tropela.eus podcastak: 2019ko Frantziako Tourra errepasoa – 18. etapa

Alpeetako lehen etapa izan da 2019ko Frantziako Tourreko 18. etapa. Bertan ihesaldi jendetsua osatu da, izen handiekin. Bazirudien Movistarrek lasterketa irauli nahi zuela, baina ez du horrelakorik egin. Edonola ere Quintanak (MOV) ihesaldian sartuta etapa garaipena lortu du eta sailkapen nagusiko lehen 10 postuetan sartzea Mikel Landaren (MOV) aurretik. Alaphilippek (DQT) ahultasun zantzuak erakutsi baditu ere, lider jarraitzen du.

Bihar Alpeetako bigarren etapa, motzagoa, eta arerioek Tour hau irabazi nahi badute Alaphilippe estu hartu beharra dute. Hau guztia eta gehiago kontatzen digu Egoitz Lizasok (@elizaso) podcast honetan.

#132 Tropela.eus podcastak: 2016ko Frantziako Tourreko errepasoak – 20. etapa

Raulek (@raulperezmartin) hartu du gaurkoan erreleboa. Nola ez Ion Izagirreren (MOV) euskal garaipeneko etapa gustura aztertu du mini podcast honetan. Ez da gutxiagorako balentria handia baita ormaiztegiarrak gaur Tourrean lortutakoa. Gainontzean Aruren (AST) txakalaldia izan da sailkapen nagusian izan den aldaketa nabarmenena.

#129 Tropela.eus podcastak: 2016ko Frantziako Tourreko errepasoak – 17. etapa

Ibanek (@piban) Alpeetako lehen etaparen laburpena egiten digu mini podcast honetan. Etapa Zakarinek (KAT) irabazi du eta faboritoen artean indartsuen Porte (BMC) agertu da Froomekin (SKY) batera.