#35 Tropela.net podcastak: 12. etaparen kronika

Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 12. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa hau Pirinioen hasierako etapa zen eta faboritoen arteko borroka ikusiko zela espero zen. Hala ere ez da espero zen borroka izan eta nola Samuel Sanchezek denbora nahikoa galdua zuen sailkapen nagusian, horri esker Euskaltel-Euskadi taldeak garaipena lortu ahal izan du. Hau eta gehiago podcast honetan.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

#34 Tropela.net podcastak: Tourreko 11. etaparen eta Luzen datorrenaren kronika

Eneko Garate (@egarate), Axier Sukia eta Egoitz Lizasok (@elizaso) 11. etaparen kronika egiten du podcast honetan. Etapa esprintean amaitu da eta Cavendish nagusitu da. Hala ere, 12. etapa garrantzitsuari begira, lehen goi mailako mendateak igaro beharko baititu tropelak, beraien hausnarketak plazaratzen dituzte. Euskaldunen artean Ruben Perez eta Pablo Urtasun nabarmendu dituzte eta Tropelako sailkapenari ere errepasoa eman diote.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

#32 Tropela.net podcastak: Tourreko lehen asteari errepasoa

Tourra lehiatzen ari diren txirrindulariek gaur izan dute lehen atseden eguna. Atseden egun hau probestuz, Eneko Garate (@egarate), Iosu Garate (@iosugarate) eta Egoitz Lizasoz gain (@elizaso), gonbidatu berezi batek hartu du parte: David Etxebarriak (@davidetxebarria). Eskerrik asko Davidi gure gonbitea onartu izanagatik.

Lau solaskide hauek lehen asteko erorikoez, euskaldunez, faboritoez, hurrengo egunetan ikus dezakegunaz eta gertakari “ilunez” (atzokoan auto batek Flecha eta Hoogerland bota zituenekoa eta gaur jakin den Kolobneven ustezko positiboa) izan dituzte mintzagai. Eta noski, Tropelako lehen postuen inguruan ere aritu dira.

Podcast hau gustuko izan baduzu, hemen dituzu aurreko podcastak entzungai.

Atzoko erridikuluaren ondoren, gaur amorrualdia

2010eko Giroko 12. etapan oilarren ihesaldia

Nire ustez gaur Vinokourov, Garzelli, Basso, Nibali, Cunego, Scarponi eta Pinottik egin duten ihesaldi saiakera hori atzokoan egin zuten erridikuluaren ondorengo protestatxoa izan da. Evansek ere bere saiakeratxoa egin du, baina ez tropeletik irteteko gauza izan.

Gaurkoan Garmin saiatu da lasterketa kontrolatzen Farrar-i Giro honetako azken garaipena lortu asmotan. Helmugarako 11km falta zirela, Potenzako igoera probestuz, aipatutako oilarrez gain Pozzato, gaurko etapako irabazlea, Voeckler eta Pinau batu zaizkie. Batzuek etapa zuten helburu. Eta besteek? Sailkapen nagusian denbora ateratzea?

Esandakoa, atzokoak askori min ikaragarria eman zien. Vinokourov azken metrotan esprintatzen hasi da etapa irabazteko asmotan, segur aski atzoko amorrazioa agerian utzi nahian, baina gaurkoan ez zaio ondo atera. Liquigaseko bi liderrak ere ez dakit zertan zabiltzan; Bassok atzo egindako deklarazio batzuetan Kiserlovski eta Agnoli sailkapen nagusiko lehen postuan izatea ontzat ematen zuten. Hala bada, zergatik gaurkoa?

Tentsioa nabaria da tropelean. Vinokourov eta Evansen taldeak indar gutxikoak direla agerian geratu da. Astana dagoeneko 3 txirrindulari gutxiagorekin ari da, horietako bajarik nagusiena Tiralongo izanik. Evansen kasuan, berriz, 4 txirrindulari gutxiagorekin. Honek guztiak eta atzoko denbora galerak bi lider hauen artean behintzat egonezina eragin beharra du.

Ikusi beharko da Contador zein talderekin joaten den Tourra lehiatzera; etxetik jarraitzen ari den Giro hau ikusita, ni bere lekuan kezkatzen hasiko nintzateke (maiatzaren 15az geroztik twitterrean ere ez du Giroaren inguruko aipamenik egiten; esanguratsua).

Argazkia: Bettini (cyclingnews.com)

Frantziako Tourra. Multzoen analisia (I): Hautagai nagusiak

Ia denok aurreikusten genuen bezala, azkenean faborito handi bat Tourretik kanpo geratu da. Azkenean CONIk Alejandro Valverde Tourretik kanpo utzi du, etapa bat kilometro batzuetan zehar Italian barneratuta ibiliko baita. Gauzak horrela, hautagai nagusien multzoa sei izenetara murriztu da. Hona hemen izen handi hauen azterketa txiki bat.

armstrongLance Armstrong : Estatubatuarra da edizio honetako izen berezia. Bere itzulerak beste edozein izen propio eklipsatu du, bai Gaztela Leonen, Giroan, eta nola ez, Tourrean. Hiru urte lehiatu gabe, baina maila txukuna erakutsi zuen Giroan, batez ere azken astean, eta ziurrenik geroztik bere prestakuntza afinatzen egongo zen, buru-belarri. Atzo bertan estreinatu zuen aurtengo palmaresa, Nevada City Classic lasterketa estatubatuarrean gailenduz. Ez da egutegiko lasterketa entzutetsuena, jakina, baina esanguratsua da dena den Lancek berriz eskuak jaso dituela jakitea. Gerra emango du, ziur, baina 37 urte ditu, eta horrek bere aurka jokatzen du. Gainera, taldeko giroa ere ez da onena izango, etsai nagusia (Contador) etxean baitu. Ez du zortzigarren Tourrik lortuko, nire aburuz.

contadorAlberto Contador: Munduko igotzaile onenak aurten inoiz baino mendiko etapa deskafeinatuagoak aurkituko ditu errepide frantziarretan, oso etapa gutxi bukatzen baitira goian. Mendate gogorrak helmugatik urruti ordea, etapa askotan aurkitu daitezke. Evansen maila ikusita, badirudi mendian jo egin beharko duela erlojupekoetara aldetxoarekin iristeko. Denboraldi hasiera ederra egin ostean (Algarve eta Euskal Herrian sailkapena eta etapak, eta Paris-Nizan 2 etapa eta podiuma), hanka jaso zuen Tourrari begira. Dauphiné-Libérén erakutsi zuen bide onetik doala bere prestakuntza. Kilometroak egitera zihoala esan zuen, eta beregan arraroa bada ere, erasorik jo gabe igaro zuen aste osoa. Dena den, aldapa gora oso maila ona eman zuen, eta sailkapen nagusian minutu eskas bat baino ez zuen galdu. Faborito nagusia da, ez da alferrik hiru handiak irabazi dituzten eliteko klubeko kidea, baina ikusi beharko da Astanak nola erantzuten duen talde bezala. Diotenez, taldea banatuta omen dago: batzuk Armstrongetzat, eta besteak madrildarrarentzat. Morboa behintzat zerbitzatuta dago.

evansCadel Evans: Australiarra pasa den Dauphiné-Libérén inoiz baino erasokorrago (eta indartsuago) agertu zen. Nire ustez, ez du berriro aurkituko aurtengoa baino ibilbide hoberik bere ezaugarrientzat (nahiz eta taldekako erlojupekoa egiteko bere taldea ez den oso indartsua), eta hori berak badaki. Motibaziorik ez zaio faltako, Tourreko azken 2 edizioak 2º postuan bukatu baititu, eta pixka bat gehiago nahiko du. Alberto Contador mendian kate motzean lotzea lortzen badu, asko izango du irabazita. Etapen perfil aldetik, Tourrak ez dirudi oso zirraragarria izango denik, baina horrek sailkapenean lehia itxiagoa egotea ahalbidetuko du. Gauzak horrela, irabazteko gehien duenetariko bat Cadel Evans da.

leipheimerLevi Leipheimer:Estatubatuarra ez du inork aipatzen, baina Tourrean izango da, eta ez gonbidatu bezala. Armstrong-Contador lehiak (edo konfliktoak) bigarren plano batera bidali du Levi, baina ezin dugu ahaztu Tourreko podiuma ezagutzen duela, eta baita Espainiako Itzulikoa ere. Gainera, Astanan askatasuna izango du, ondo bidean, eta probetxua atera dezake bere bi taldeburu nagusien artean ez baita giro izango. Evansi bezala, ibilbidea oso ondo datorkio, erlojupekoetan maisua baita. Dena den, ikusi genuen moduan, Girora dena ematera joan ostean, lasterketa luzea egin zitzaion. Hori, edo azkenean ez zuen zeukan guztia eman, Uztailera begira. Interesgarriak izan daitezke Montanako txirrindulariaren mugimenduak lasterketan zehar.

menchovDenis Menchov: Errusiar-nafarrak Giroan sekulako erakustaldia eman zuen. Erraz asko irabazi zuen, nahiz eta azken erlojupekoko azken kilometroan, nahi gabe emozio kotak zeruan jarri zituen. Dena den, Tourrean maila handiagoko aurkariak izango ditu, bera baino lasterketa egun gutxiagorekin joango direnak, eta hori erabakigarria izan daiteke. Taldean bertan, Robert Gesink gaztea ez du urruti izango, akaso aurrean ere. Lasterketa frantziarrean beti egin izan du “kale”, sailkapen nagusiari dagokionean, eta aurten beste horrenbeste gerta dakioke. Dena den, Denis etxeko lanak ondo asko eginda iritsi da Tourreko irteera lerrora, eta ez dauka galtzeko ezer. Ikusi egin behar ez ote zaion lasterketa oso luzea egingo, batez ere Mont Ventouxen bukatzen den azken aurreko etapa.

sastreCarlos Sastre: Iazko Tourreko irabazleak aurten taldearekin batera egutegia aldatzea erabaki du. Giroko sailkapena lehiatzera joan zen, baina 4º postu batekin konformatu beharra izan zuen, hori bai, mendiko etapa eder bi irabazi ostean. Orain Tourrean aurretik inoiz ez bezala arituko da, hanketan lehiaketa egun askorekin eta desgaste handia jasan ostean. Hala ere, gaztelarra txirrindulari zaildua eta “diesela” da. Ez du sekulako eraso kolperik joko, baina aurrean egongo da. Hori bai, aurten garaipeneko jokotik at ikusten dut.

Alejandro Valverde: Azkenean, aurretik esan bezala, murtziarra ez da irteeran izango. Beraz, kinielan baduzue, azkar aldatu!

Berrikuntza bezala, Tour honekin batera, Tropelako blogariok aztertutako talde bakoitzean zein txirrindulari hartu ditugun aipatuko dugu. Kasu hontan, nik neuk ez dut asko arriskatu: Evans-Contador. Gainontzeko multzoetan egin beharko da “apustu pertsonal” bat edo beste, sorpresaren bila.