Eskerrik asko bihotz-bihotzez!

Amets Txurruka eta Contador 2008ko podiumean2006an hasi zen dena. Umetatik amestu nuena egia bihurtu, eta ordura arte afizio izandakoa ofizio izatera pasatu zen. Bizitzako ametsetako bat gauzatuta, konforme nengoen eta neurekiko esaten nuen “egunen batean seme-alabarik baldin badut, harro kontatuko diot txirrindulari profesional izatera iritsi nintzela”.Ordutik, hamaika urte pasa dira. Hamaika denboraldi eta hamaika poz zein atsekabe. Izan ere, ibilbide luze honetan gozatzeko uneak asko izan badira ere, une zailak ere sarri tartekatu dira, zoritxarrez. Ezer larririk ez, baina, egiari zor, behin eta berriro oztopoak gainditu eta aurrera egiteko borrokatu behar izanak arrastoa utzi dit.

Amets Txurruka Aiako maldak igotzen erorikoa izan eta geroNahiz eta bidea erraza izan ez, kendu didana baino askoz gehiago eman dit txirrindularitzak. Besteak beste, bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari eta baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere. Horrez gain, lasterketarik onenetan egoteko aukera izan dut eta banakaren bat irabaztekoa ere bai. Gainera, txirrindulari baten ametsik ederrenean bezala, Parisko Camps Elyseesen jendetza handiaren txalo artean hunkitzeko zortea ere izan dut.

Baina, azkenaldi hau ez da oso erraza izan. Asko izan zarete nire etorkizunaz galdetu eta bueltan erantzunik jaso ez duzuenak, eta zuei barkamena eskatu nahiko nizueke, baina espero dut ulertuko duzuela. Mailarik gorenari eusteko nire aldetik nuen guztia eman dut, baina arazoren bat edo beste tarteko, zalantza ugari sortu zaizkit. Hori dela eta, denbora tarte bat hartu eta luze hausnartu ondoren, bizitzan beste etapa bat hasteko erabakia hartu dut. Kirol profesionala alde batera utzi eta beste bide barri batzuk irekitzeko garaia iritsi dela erabaki dut. kirolaz beste modu batera gozatzekoa, alegia. Txirrindulari eta zaletu izateari inoiz ez diodala utziko uste baitut.

Eskerrik asko, umetatik hasi eta orain arte lagundu didazuenei: txirrindularitza elkarte, zuzendari, mekanikari, masaje emaile, … Pausoz pauso aurrera egiten lagundu didazuen guztiei. Entrenamendu zein lasterketetan ezinbesteko laguntza eman didazuen taldekide eta grupetako lagunei; lan honen eguneroko gogortasuna gozamen bilakatu baitidazue. Bizikletatik jaitsita, eguneroko bizimoduan alboan izan zaituztedan guztiei; etxekoei, zuek ikusi nauzuelako, bai gozatzen, baina baita sufritzen ere. Nola ahaztu betiko lagunak eta “Amets Txurruka Lagunartie” osatzen duzuenak. Eta zelan ez, mila esker etxeko bi neskei, Lexuri eta Nahia txikiari; oinarrizko bi euskarri.

Bukatzeko, bereziki eskerrak eman nahi dizkiet zaleei, klase handirik gabeko txirrindularia izan arren, handienen pareko sentiarazi nauzuelako. Ez daukat esker ona besterik zuengandik jaso dudan maitasuna eskertzeko. Garaipenek poza ematen dute, baina estimatua sentitzea ere garaipen ederra da. Pribilegio hori izan dut eta aurrerantzean ere sentipen horrekin erlazionatu nahiko nuke nire kirol ibilbidea.

Oso polita izan da, eskerrik asko bihotz-bihotzez!

 

Argazkiak: blogean aurretik erabiliak eta berreskuratuak izan dira

Oraindik ere gizonezkoen kirola

JOHANSSON-BIRA-TXAPELAMarka da, baina asko hitzegin da Emakumeen Biraz lasterketa hasi aurretik ere. Kartela ustez sexista zela eta kritikak egon ziren, eztabaida eta zalaparta. Barkatuko didate irudi hori sexistatzat jo zutenek, baina txikikeria galanta iruditu zitzaidan, eta kartelen sinbolismoa ukatu gabe, gustatuko litzaidake zorroztasun hori beste eremu batzuetara eramango balute, baita txirrindularitzan bertan ere.

Duela pare bat urte gizonezkoen Euskal Herriko Itzulia nola, aurtengoan emakumezkoen Emakumeen Bira egon da arriskuan. Antolatzaileak ez zeuden World Tourretik kanpo geratzeko prest, maila gorenean ez bazen ez zuten lasterketa aurrera ateratzeko asmorik, eta UCIk horretarako eskaturiko gutxieneko baldintzak bete ezinik zebiltzan. Telebista estaldura bermatu behar zuten eta hortarako dirurik ez. Azkenean baina, lortu zuten ETBren babesa Eusko Jaurlaritzari esker eta lasterketa aurrera atera da.

Denak pozik? Lasterketa ederra joan da eta etorkizuna bermatzeko legez besteko proposamen bat ere lortu zen Gasteizko Legebiltzarrean. Izan ere, emakumezkoen kirolerako limosna bat lortzeko ere borrokatu egin behar da. Bitartean, ez da dudan jartzen gizonezkoen kirola babestea. Ez da dudan jartzen ere erakunde publikoek kirol profesionala babestea.

Baina diru publikoaren zenbatekoa, kasu hontan Euskal Herriko Itzuliari ematen zaiona vs Emakumeen Birari ematen zaiona konparatu duenik ere izan da. Lur Etxeberria EH Bilduko legebiltzarkidea ibili da gaia mugitzen eta berak eman dizkigu zenbait datu bere twitterrean:

– Gizonen Itzuliari EITBk 628.000 euro (emisio-eskubideetan eta produkzio-gastuetan). Emakumeen Biraren jarraipena egiteko 50.000 euro.

– Kultura sailak (kirol zuzendaritzak): 190.000 euro gizonen Itzulia antolatzeko. 14.000 Emakumeen Bira antolatzeko

Eskertzen da gardentasuna. Ulertzen da Danele Sarriugartek goikoei “datu histeriko” deitzea eta sareko feminista guztiak asaldatu eta bapatean txirrindularitzarekiko interesa agertu izana. Baina azterketa serio bat egin edo arrazoizko konparaketa bat egiteko hain alferrak edo akritikoak gara, datu hauek beren artean konparagarriak izan daitezen edo ulertzen saiatzeko esfortzu txikiena ere ez dugula egiten. Ezin baita hain arinki esan bata bestea baino 10 aldiz gehiago laguntzen dela edo horrelakorik.

Adibidez, telebista produkzioa zenbat kosta den badakigu, baina ez irudia beste telebistei saltzeagatik zenbat jaso duen ETBk. Hau da, gustatu ala ez, Itzulia erakargarriagoa da beste telebistek seinalea eros dezaten. Aprobetxatzen du hori gure telebista publikoak? Egiten duen inbertsioaren zein % berreskuratzen du?

Edo zuzenean antolatzaileei ordaintzen zaizkienen inguruan, lasterketa bakoitzak ze kostu dituen jakitea interesgarria litzateke, hau da zenbat ordaintzen dien talde, laguntzaile edo zerbitzuen hornitzaileei. Kasu honetan, ez hainbeste diru kopurua absolutoa. Tontoenak ere badaki gehien kostatzen denak gehien jasotzen duela orain, baina gehien behar duenak? Eta zertarako erabiltzen du? Adibidez, nola zaintzen du genero ikuspegia bere lasterketetan? Ezin diezaioke exijitu Eusko Jaurlaritzak Itzuliaren antolatzaileei musutxoak banatzea beste helbururik ez duten emakumezkoak podiumetik kendu ditzan? Jon Tornerrek horretaz idatzi zuen atzo Argian. Aurrekari bikaina ezarriko lukete mundu mailan, anakronismo batekin amaituko zen eta neskatxa horien soldatak ere aurreztuko lituzkete. Baina egia esan, ez dut esperantzarik Hizkuntza sailburuordetzatik dirutza jasotzen zuten bitartean euskaraz webgunea jartzeko gai ez zirenetaz, orduan ere kontrapartida hori ez zitzaiolako eskatzen gobernutik…Erakunde publikoen funtzioak ez luke dirua ematea soilik izan behar. Praktika eta antolakuntza eredugarriak bultzatzea baizik, eta hor apenas egin da ezer. Diruarekin dena konponduko balitz bezala.

Ez dezala inork, halere, bi frogetara bideratzen den diru publikoa berdintzearen kontrako aldarririk ulertu aurreko lerroetan. Edo bai, zergatik behar dute ekarpenek berdinak? Agian emakumeen kirola hain profesionalizatua ez dagoenez gehiago mereziko luke. Baina genero ikuspuntuaz gain, beste ikuspuntu batzuk ere kontutan hartzea guztiz beharrezkoa da.

Eta lasterketak alderatu ditugunez, zergatik ez hitzegin taldeez? Euskaltel-Euskadiren desagertzearen ondorioz hainbeste negar egin den honetan, zenbat negar egin da goi mailako emakumezko euskal talde profesional bat ez dugulako izan haren pare? Agian, beste proiektu profesional berriren bat ateratzen bada noizbait, erakunde publikoek emakumezkoen taldea ere martxan jartzea baldintza ezinbestekotzat jo beharko lukete. Gogora dezagun Euskadi Fundazioa elitean egon den 2 hamarkadetan aberria eraiki agian bai, baina berdintasuna eraikitzen hutsaren hurrengo ekarpena egin zuela.

Marea berdea helburu

euskadi basque country murias teamMunduko txapelketa, Lonbardia eta Abu Dhabiko lasterketak ospatu ostean txirrindulari zaleek itxitzat ematen genion 2015 denboraldiari. Urte bat denetik utzi diguna beste behin. Kasik astirik utzi gabe dastatzeko kilometro mordoxkek utzi gaituzten fruituak hasi gara dagoeneko 2016ra begira.

Txirrindulari garrantzitsuenek hasiak dira argitaratzen urte berriko helburuak – adibidez egun hauetan jakin dugu Valverdek 36 urterekin lehen aldiz izango duela Giroko sailkapen nagusia jomugan, ondoren Nairo Quintanari lagunduko dio Tourrean eta abuztuan Rioko jokoetako hautagaien artean sartu beharko dugu ziurrenik. Eta taldeak ere hasi dira azken hilabeteetan egin dituzten fitxaketekin lan-taldeak ixten. Continue reading “Marea berdea helburu”

Euskaldunen Girorik onena, euskal talderik gabe

Beñat Intxaustik etapa garaipena 2015ko GiroanAzken egun hauetan, Italiako Giroa tarteko, hainbat zale irakurri ditut sare sozialetan Euskaltel-Euskadiren falta gogorarazten. Euskaldunak inoizko Girorik onena egiten eta talde euskaldunik World Tour-ean ez izatea ze nolako galera izan den aipatuz. Ai!! Zer ez ote genuen egingo euskal talde batekin… Badirudi etapa erdiak eta sailkapen orokorra ere eskuratu ahal izango genituela….Eztabaidarako ematen du behintzat. Continue reading “Euskaldunen Girorik onena, euskal talderik gabe”

Euskaldunen aukerak

Beñat IntxaustiParis-Niza eta Tirreno Adriatikoan egongo diren gure txirrindularien analisia ekarri nahi izan dizuet post honetara.

Orokorrean, sailkapen nagusiaren lehian egon beharrekoak Movistar Teameko Ion Izagirre eta Beñat Intxausti izango lirateke. Bestetik, Mikel Nieveleitzarra asteazkenean hasten den Tirrenon  liderraren luxuzko gregario lanetan arituko da.

“Eguzkiko lasterketa” deitzen den froga frantziarrean Izagirre anaietariko gazteena den Ionek Col d´Ézeko krono igoera bere alde du. 2013an 10. postuan bukatu zuen eta argi dago Euskaltelen zegoenetik hona erlojupekotan hobetuz joan dela. Continue reading “Euskaldunen aukerak”