Eskerrik asko bihotz-bihotzez!

Amets Txurruka eta Contador 2008ko podiumean2006an hasi zen dena. Umetatik amestu nuena egia bihurtu, eta ordura arte afizio izandakoa ofizio izatera pasatu zen. Bizitzako ametsetako bat gauzatuta, konforme nengoen eta neurekiko esaten nuen “egunen batean seme-alabarik baldin badut, harro kontatuko diot txirrindulari profesional izatera iritsi nintzela”.Ordutik, hamaika urte pasa dira. Hamaika denboraldi eta hamaika poz zein atsekabe. Izan ere, ibilbide luze honetan gozatzeko uneak asko izan badira ere, une zailak ere sarri tartekatu dira, zoritxarrez. Ezer larririk ez, baina, egiari zor, behin eta berriro oztopoak gainditu eta aurrera egiteko borrokatu behar izanak arrastoa utzi dit.

Amets Txurruka Aiako maldak igotzen erorikoa izan eta geroNahiz eta bidea erraza izan ez, kendu didana baino askoz gehiago eman dit txirrindularitzak. Besteak beste, bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari eta baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere. Horrez gain, lasterketarik onenetan egoteko aukera izan dut eta banakaren bat irabaztekoa ere bai. Gainera, txirrindulari baten ametsik ederrenean bezala, Parisko Camps Elyseesen jendetza handiaren txalo artean hunkitzeko zortea ere izan dut.

Baina, azkenaldi hau ez da oso erraza izan. Asko izan zarete nire etorkizunaz galdetu eta bueltan erantzunik jaso ez duzuenak, eta zuei barkamena eskatu nahiko nizueke, baina espero dut ulertuko duzuela. Mailarik gorenari eusteko nire aldetik nuen guztia eman dut, baina arazoren bat edo beste tarteko, zalantza ugari sortu zaizkit. Hori dela eta, denbora tarte bat hartu eta luze hausnartu ondoren, bizitzan beste etapa bat hasteko erabakia hartu dut. Kirol profesionala alde batera utzi eta beste bide barri batzuk irekitzeko garaia iritsi dela erabaki dut. kirolaz beste modu batera gozatzekoa, alegia. Txirrindulari eta zaletu izateari inoiz ez diodala utziko uste baitut.

Eskerrik asko, umetatik hasi eta orain arte lagundu didazuenei: txirrindularitza elkarte, zuzendari, mekanikari, masaje emaile, … Pausoz pauso aurrera egiten lagundu didazuen guztiei. Entrenamendu zein lasterketetan ezinbesteko laguntza eman didazuen taldekide eta grupetako lagunei; lan honen eguneroko gogortasuna gozamen bilakatu baitidazue. Bizikletatik jaitsita, eguneroko bizimoduan alboan izan zaituztedan guztiei; etxekoei, zuek ikusi nauzuelako, bai gozatzen, baina baita sufritzen ere. Nola ahaztu betiko lagunak eta “Amets Txurruka Lagunartie” osatzen duzuenak. Eta zelan ez, mila esker etxeko bi neskei, Lexuri eta Nahia txikiari; oinarrizko bi euskarri.

Bukatzeko, bereziki eskerrak eman nahi dizkiet zaleei, klase handirik gabeko txirrindularia izan arren, handienen pareko sentiarazi nauzuelako. Ez daukat esker ona besterik zuengandik jaso dudan maitasuna eskertzeko. Garaipenek poza ematen dute, baina estimatua sentitzea ere garaipen ederra da. Pribilegio hori izan dut eta aurrerantzean ere sentipen horrekin erlazionatu nahiko nuke nire kirol ibilbidea.

Oso polita izan da, eskerrik asko bihotz-bihotzez!

 

Argazkiak: blogean aurretik erabiliak eta berreskuratuak izan dira

Ipuin guztiek badute bukaera

Juanma Garateren prentsaurrekoaJuanma Garatek gaurko egunean esan dio agur txirrindularitzari. 38 urteko irundarrak bizikleta eskegi du Belkin taldearekin izan dituen gatazken ondorioz.

Donostian eskainitako prentsaurrekoan “orain agur esateko momentua iritsi zait baina Juanma Garatek pertsona bezala bere bidea jarraituko du” adierazi du. Izan ere “laguntza psikologikoa jaso beharra izan dut 2013-ko Espainiako Itzulia bukatu geroztik egoera zaila bizi izan dudalako” jakinarazi digu Juanmak bertan bildu garenoi.

Gipuzkoarrak bere oroimenetatik 2006ko Giroan lortutako etapa garaipena eta han sailkapen nagusiaren lehian emandako maila ekarri ditu gogora. Tourrean ere protagonista izan zen: Mont Ventouxen Tony Martin gazte bati gailendu zitzaion eguna euskal zaleon gozamenerako geratuko da urtez urte.

Etorkizunari dagokionez, nahiz eta hurrengo denboraldian jarraitzeko intentzioa eduki, atzerrian hezitako txirrindulariak kirol-zuzendari lanetan (lizentzia joan den otsailean jaso zuen) edo bestelako arduraren batean, beti ere txirrindularitzari lotuta lanean jarraitzeko asmoa adierazi du.

Orain, hiru itzuli handitan irabazitako Juanma Garatek txirrindua aisialdirako utziko du eta lasterketak telebista aurrean jarraitzekotan da, baina batez ere, familiarekin egoteko garaia dela azaldu du.

Zorte on etapa berri honetan!

Ivan Velascoren agur eskutitza

2014_Ivan_Velasco_agurraUrtea gogorra izan da niretzat. Oso zaila egin zait ikustea urteak aurrera egiten zuela eta ezin izango nuela berriro ere lehiatu. Baina horrela izan da. Mokorreko lesioa, hasieran onartu nahi nuena baino larriagoa izan da. Nire ibilbide profesionalean zehar hainbat lesio izan ditut, eta azken hori ere aurrekoak bezalakoa izango zelakoan nengoen. Errekuperatu eta berriro ere ehuneko ehunean izango nintzela uste nuen. Zoritxarrez, ez da horrela izan, eta izugarri kostatu zait hau onartzea. Baina, behin irakurri nuen bezala, “denborak ez du ezer sendatzen, gauzak aldatzen ari direla konturarazten dizu eta hori onartu besterik ez daukazu.” Eta hemen nago, lerro hauen bitartez, txirrindulari profesionala izatea amaitu dela onartzen.

Azkeneko urteetan, txirrindularitza guztia izan da niretzat. 20 urte nituela, nork esango zidan niri hau guztia bizi ahal izango nuela. Izan daitezkeen lasterketarik onenak disfrutatzeko eta sufritzeko aukera izan dut, herrialde askotara bidaiatzeko aukera izan dut, baita toki horietako kultura ezagutzeko ere bai. Pertsona zoragarriak ezagutzeko aukera izan dut, baita hain zoragarriak ez zirenak ere. Egindakoa baino gehiago egin ahal izan dudalako sentsazioarekin gelditzen naiz; ez dut nire burua engainatu nahi, baina baliteke lesioak eta lesioek sortzen zidaten konfiantza falta izatea nire oztoporik handienak.

Hala eta guztiz ere, atzera begiratzean irribarrea datorkit aurpegira, bizi izandako unerik onenak etortzen zaizkit burura. Zerbait maitatzen duzunean gertatzen diren gauza txarrak erraztasunez ahazten dituzula uste dut, eta horixe bera da txirrindularitzarekin gertatzen zaidana.Bizimodua aldatzeko garaia iritsi zait eta garai berri horiek ekarriko dizkidaten gauzez disfrutatzea; nahiz eta, barne-barnean, beti txirrindulari sentituko naizela pentsatu.

Oso itsusia izango zen agur esatea nire ametsa egia bihurtzen lagundu didaten pertsonei nire eskerrik zintzoenak eman gabe. Baliteke norbait ahaztea, beraz aldez aurretik hor doa nire barkamena.

Ezer eta inor baino lehen nire familiari: Susana, Nora eta Beñat; eskerrik asko nire ondoan beti izan zaretelako eta ni aguantatzeagatik. Nire lagunei—eurok badakite zeintzuk diren—, emandako animo guztiengatik. Jon Odriozolari, Orbea taldean aukera eman zidalako eta nigan beti sinesteagatik. Miguel Madariagari, etxeko taldean pasa izandako urte zoragarriengatik. Caja Rural Seguros RGA taldeari, azken aukera emateagatik eta azken urte honetan erakutsi duen pazientziagatik. Ibilbidean zehar izan ditudan mekanikari, masajista, zuzendari, taldekide eta zale guztiei. Txirrindularitzari, pertsona gisa hazteko aukera emateagatik eta Markel, Amets, Galdos, Rome, Josu L., Josu A. edo Haimar bezalako pertsonak nire bizitzan jartzeagatik, elkarrekin bizi izandako momentuei esker nire familiakoak bihurtu direlako. Badakit, bai, txirrindularitzatik kanpo ere hor izango direla.

Ezagutzen nautenek badakite gauzak gehiegi pentsatzen ditudala, baina ez, oraingoan ez da horrela izan. Gutuna nostalgikoa dirudien arren, ez nago triste, nire bizitzaren etapa oso garrantzitsu bat gogoratzen aritu naiz, eta oroitzapen horietan bihotza izan dut gidari, besterik ez.

Besarkada bat

Errepideetan ikusiko gara!

Ivan Velasco