Hori da neure buruari behin eta berriz egiten diodan galdera atzo berria jakin nuenetik. “Zerbait gertatuta da taldean, hau ez da normala” pentsatu nuen, eta hori jarraitzen dut pentsatzen.

Askok pentsatuko duzue Haimarrek 40 urte dituelako eta bere bizitza profesionalaren amaieran delako izango dela. Izan liteke, baina askotan esan dugun moduan, Haimar zerbait izan bada bere bizitza profesionalean hori “Tour gizona” izan da eta niri behintzat, ez zait arrazoi nahiko iruditzen.

2001ean ikusi genuen elastiko laranjarekin Tourrean debutatzen. Gogoratu, Tour hura Armstrongen irabazi zuen – geroago kendu bazioten ere garaipen hura eta beste sei – eta podiumean Ullrich eta Joseba Belokirekin izan zen. Hurrengo urteetan ere Frantziako lasterketa famatuan ikusi genuen, baina 2003ian izan zen Haimarrek eta Iban Mayok euskal zalegoan zirrara piztu zuen lasterketa. Bai, orduan Haimar lehen 6,5 kmtako prologotik izan zen onenen artean hirugarren sailkatuta McGee eta Millar espezialisten atzetik. Urte hartan, Iban Mayok Alpe D’Huezeko etapa irabazi zuen Haimar 5. sailkatu zelarik. Luz Ardideneko etapan ere bikain aritu zen bikotea eta Armstrong helmugaratzen lehena izan bazen ere, Iban bigarren eta Haimar laugarren iritsi ziren. Etapa hartan 5. eta 6. ziren sailkapen nagusian Haimar eta Iban, eta halaxe amaitu zuten Parisera iritsi zirenean. Urte hartakoa ez zen sekula berriz errepikatu, baina garbi geratu zen Haimarrek bazituela Tourreko dohainak.

2008rarte izan zen Haimar Euskaltel-Euskadi taldean. Haimar beti izan zen talde laranjako bederatzikoan, ez zegoen zalantzarik. Gogoratu, 2005ean 15. eta 2006an 8. amaitu zuen Tourra maillot laranja soinean zuela.

2009an Astanak fitxatu zuen usurbildarra, Contador eta Armstrong biltzen zituen taldeak. Urte hartan ere usurbildarra Tourrean ikusi genuen Contadorri bere Tourra irabazten laguntzen. Beno, eta Armstrongi bere itzuleran, nahiz eta 3. amaitu zuen, oso konforme ikusi ez genuen. Baina Haimar han izan zen.

Baina urte bakarra egin zuen Haimarrek Contadorrekin aurten berriro ere talde berera itzuli diren arte. Izan ere Armstrongek ez zuen Contadorrekin jarraitu nahi talde berean 2010ko Tourrean -akaso Contadorrek berak ere ez – eta Radioshack taldea sortu zuten. Armstrongek berekin eraman zuen Haimar. Zerbaitegatik izango zen.

RadioShacken ez zuen denboraldia ondo hasi. Tourrerako prestatzen ari zela osasun arazoren bat aurkitu zioten eta Tourrera ez joateko erabakia hartu zuten. 2001az geroztik lehen aldia izango zuen ez zela Tourreko irteeran izango, aurtengo urte arte.

2011ean izan zen lehen aldiz RadioShackekin. 15. amaitu zuen usurbildarrak edizio hartan, taldeko lehena gainera, Klöden taldeburuan ezin izan baitzuen lasterketa amaitu. 2012an, berriz, 6. amaitu zuen bere maila erakutsita. Urte hartan Wigginsek irabazi zuen bere lehen eta azken Tourra, Froomen bigarren izan zelarik. Esandakoa, eta Haimar seigarren.

2013an Klöden eta Andy Schleck laguntzeko lanetan aritu zen. Urte hartan ere gauzak ez zitzaizkion taldeari ondo joan eta Monfort izan zen sailkapen nagusian aurreen amaitu zuena, 14. postuan. Haimar 36. izan zen.

RadioShackek 2013an utzi zion taldeari babesa emateari eta Trekek ordezkatu zuen. Haimarrek hor jarraitu zuen taldean. Andy Schleck zuten taldeburu, baina erorikoak tarteko lasterketa utzi eta berriro ere usurbildarrak sailkapen nagusi on bat lortzeko ardura hartu zuen. Urte hartan 8. amaitu zuen.

2015eko Tourrerako Mollema fitxatu zuen talde amerikarrak. Txukun ibili zen herbeheretarra Tour hartan eta 7. amaitu zuen. Orduan ere Haimar han izan zen laguntzeko 62. postuan amaitu bazuen ere. Eta iaz ere antzera, Mollema buru zela, Haimar alboan. Iazkoan gainera Haimarrek 24. amaitu zuen itzulia.

Irakurtzen joan zareten heinean kontatu baduzue, konturatuko zineten dagoeneko 15 Tourretan hartu duela parte euskal txirrindulariak. A ze marka! Eta ez hori bakarrik, izan ere urtez urte erakutsi du maila emateko gauza dela, bai taldearen ardura hartzeko bai taldeko liderrei laguntzeko ere. Aurtengoa 16. Tourra izango zukeen: baina zergatik ez du taldeak eramango bere ibilbide profesional guztian Tourreko bederatzikoan ezinbesteko txirrindularia izan dela ikusita?

Ez dakit eta gustura jakingo nuke arrazoia, baina ez dakit sekula jakingo dugun benetako zein izan den. Argi dago Haimar bera ere harrituta geratu zela atzo erabakiaren berri jaso zuenean. Baina nik badut irakurketa bat, surjektiboa guztiz.

Nire ustez 2009ko Astanako urtearekin du zerikusia. Esan dizuedan moduan, urte hartan Haimar Contador eta Armstrongekin batera Tourreko talde hartan izan zen. Dakigun moduan tentsioa bizi izan zen Tour hartan Contador eta Armstrongen artean. Contadorren aldetik, behintzat, zabaldu zen zailtasunak besterik ez zituela izan taldearen aldetik lasterketa irabazteko. Tentsioak eraginda, Armstrongek Bruyneelekin talde berria sortzea erabaki zuen eta berarekin Haimar eraman zuen.

Gaizki pentsatzen jarrita, eta orain Contador Trekera etorri den honetan Tourra irabazteko asmoarekin, ez ote da izango Contadorrek Haimar taldean ez nahi izatea? Nik behintzat Treken bederatzikoa ikusita, eta bustiko naiz.

Uste dut lasai asko sar zitekeela Haimar Cardoso edo Gogl-en ordez. Cardosok sekula ez du Tourrik lehiatu hau du lehen urtea Trek taldean. Gogl 23 urteko gazteak lehen aldiz lehiatuko du Tourra. Ez dut esan nahi batak nahiz besteak merezi ez dutenik, baina bai iruditzen zaidala hauen ordez Haimar aukera hobea izan daitekeela.

Hau horrela ikusten dudanez, bai iruditzen zait kirol arrazoiez haratago doan arrazoiren bat izan dela Haimar aurtengo Tourrean ez izateko. Zer uste duzue zuek?

Argazkiak: twitter.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.