Eskerrik asko bihotz-bihotzez!

Amets Txurruka eta Contador 2008ko podiumean2006an hasi zen dena. Umetatik amestu nuena egia bihurtu, eta ordura arte afizio izandakoa ofizio izatera pasatu zen. Bizitzako ametsetako bat gauzatuta, konforme nengoen eta neurekiko esaten nuen “egunen batean seme-alabarik baldin badut, harro kontatuko diot txirrindulari profesional izatera iritsi nintzela”.Ordutik, hamaika urte pasa dira. Hamaika denboraldi eta hamaika poz zein atsekabe. Izan ere, ibilbide luze honetan gozatzeko uneak asko izan badira ere, une zailak ere sarri tartekatu dira, zoritxarrez. Ezer larririk ez, baina, egiari zor, behin eta berriro oztopoak gainditu eta aurrera egiteko borrokatu behar izanak arrastoa utzi dit.

Amets Txurruka Aiako maldak igotzen erorikoa izan eta geroNahiz eta bidea erraza izan ez, kendu didana baino askoz gehiago eman dit txirrindularitzak. Besteak beste, bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari eta baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere. Horrez gain, lasterketarik onenetan egoteko aukera izan dut eta banakaren bat irabaztekoa ere bai. Gainera, txirrindulari baten ametsik ederrenean bezala, Parisko Camps Elyseesen jendetza handiaren txalo artean hunkitzeko zortea ere izan dut.

Baina, azkenaldi hau ez da oso erraza izan. Asko izan zarete nire etorkizunaz galdetu eta bueltan erantzunik jaso ez duzuenak, eta zuei barkamena eskatu nahiko nizueke, baina espero dut ulertuko duzuela. Mailarik gorenari eusteko nire aldetik nuen guztia eman dut, baina arazoren bat edo beste tarteko, zalantza ugari sortu zaizkit. Hori dela eta, denbora tarte bat hartu eta luze hausnartu ondoren, bizitzan beste etapa bat hasteko erabakia hartu dut. Kirol profesionala alde batera utzi eta beste bide barri batzuk irekitzeko garaia iritsi dela erabaki dut. kirolaz beste modu batera gozatzekoa, alegia. Txirrindulari eta zaletu izateari inoiz ez diodala utziko uste baitut.

Eskerrik asko, umetatik hasi eta orain arte lagundu didazuenei: txirrindularitza elkarte, zuzendari, mekanikari, masaje emaile, … Pausoz pauso aurrera egiten lagundu didazuen guztiei. Entrenamendu zein lasterketetan ezinbesteko laguntza eman didazuen taldekide eta grupetako lagunei; lan honen eguneroko gogortasuna gozamen bilakatu baitidazue. Bizikletatik jaitsita, eguneroko bizimoduan alboan izan zaituztedan guztiei; etxekoei, zuek ikusi nauzuelako, bai gozatzen, baina baita sufritzen ere. Nola ahaztu betiko lagunak eta “Amets Txurruka Lagunartie” osatzen duzuenak. Eta zelan ez, mila esker etxeko bi neskei, Lexuri eta Nahia txikiari; oinarrizko bi euskarri.

Bukatzeko, bereziki eskerrak eman nahi dizkiet zaleei, klase handirik gabeko txirrindularia izan arren, handienen pareko sentiarazi nauzuelako. Ez daukat esker ona besterik zuengandik jaso dudan maitasuna eskertzeko. Garaipenek poza ematen dute, baina estimatua sentitzea ere garaipen ederra da. Pribilegio hori izan dut eta aurrerantzean ere sentipen horrekin erlazionatu nahiko nuke nire kirol ibilbidea.

Oso polita izan da, eskerrik asko bihotz-bihotzez!

 

Argazkiak: blogean aurretik erabiliak eta berreskuratuak izan dira

Zaleok egiten duzue berezi Euskal Herriko Itzulia

Amets TxurrukaAste Santua badatorrela eta batzuek maletak prestatzen hasiak izango zarete jada, beste batzuek aldiz etxeko goxotasunaz gozatzeko asmoa izango duzue, eta gutariiko askok Euskal Herriko errepideetan Kolore anitzeko sugeak eskeiniko digun espektakulua gertutik jarraitzeko asmoa izango dugu besteak beste.

Datorren larunbatean Lizarrako Sari Nagusian giharrak puntuan jarri ondoren, astelehenetik aurrera jokoan izango da tropelean estimatuenetakoa den lasterketa bat: Euskal Herriko Itzulia.

Eta nire galdera: Zergatik lasterketa batzuek besteak baino gehiago estimatzen ditugu bai parte hartzaile zein zaletuek? Zergatik dute oiartzun handiagoa? Zergatik partaidetza entzutetsuagoa?… Continue reading “Zaleok egiten duzue berezi Euskal Herriko Itzulia”

Tenporadie martxan hasi jaku barriro

Amets TxurrukaTenporadie ixe-ixe konturetu barik martxan hasi jaku barriro eta gure taldekuok ondiñoik karreretan burrukan hasi ez baga be, badaroiegu temporadatxu bat gorputzai astindu batzuk emoten. Batetik gimnasio barruko pisuek gora eta behera ibili izen ga alde eta aldi berien, bizikletian bielei be bulta batzuk emonaz kilometro batzuk akumulauaz ibili ga.

Alakanteko bidietan buelta batzuk emon ondoren (aste bete ekipo dana han egon ginen konzentraute) etxera bueltau eta barriro betiko inguruetan entreneta bueltau ga. Nire kasuen Murtziako itzulixen emongo dotset hasierie aurtengo ekitxaldixai eta oin artien lasai antzien entrenetie tokau jate. Azken aste honetan, gimnasioko entrenamientuek bizikletarekin konpaginau ordez, bizikletakin jarraitxu dot baña arratsaldetan liburuei heldu biher izan dotset psikopedagogiako azterketa bi ein dittut eta. Continue reading “Tenporadie martxan hasi jaku barriro”